Zergatik ez?

jon ordonez garmendia
2014ko irailaren 19a
12:17
Entzun

Euskal Herrian bizi den eskoziar batek BERRIAn aste honetan argitaratutako elkarrizketan, independente izateko aukeraren inguruan duen jarrera galdera batekin adierazi du: "Zergatik ez?". Erantzuna garbi dago orain: eskoziarrek nahi izan ez dutelako. Galdera horrek berak, ordea, balioko du Europan autodeterminazio eskubidea sendotzeko: "Zergatik ez?".

Inolako zalapartarik gabe, eskoziarrek orain dela gutxira arte ezinezkoa zirudiena egin dute 2014ko irailaren 18 honetan: euren etorkizuna erabaki. Kanpaina joan zen bezala, normal-normal joan dira bozkalekuetara Eskoziak estatu izatea nahiko luketen adieraztera. Eta erabaki dute. Erabaki dute heldutasun demokratiko lezio bat emanez.

Lau milioi eskoziarrek baino gehiagok eman zuten izena erabaki historiko horretan parte hartzeko, eta ez dute hutsik egin. 16 eta 17 urteko gazteen artean parte hartzea %90ekoa izan omen da, eta zenbait lekutan izena emana zuten guztiek bozkatu dute. Laneguna izan arren, goizetik ilarak sortu ziren atzo zenbait bozkalekutan botoa emateko, eta arratsaldean masiboa izan zen parte hartzea, bozkatzeko zain zeudenei erreparatuta.

Jokalari berri bat Europako xake taulan

Eskoziaren etorkizuna erabaki dute eskoziarrek, baina hori egitearekin batera pieza berri bat jarri dute Europako maparen xake taulan: erabakitzeko eskubidea. Estatu baten zati bat ez dela nor estatu horri eragiten dion erabaki bat hartzeko; autodeterminazio eskubidea soilik kolonia ziren lurraldeen eskubide bat zela; Europan ez duela zentzurik mugak altxatzeak, desagertzen ari direlako. Horiek guztiak behin eta berriz errepikatu dituzte leku bateko eta besteko unionistek, baina Eskoziak (eta Erresuma Batuak) ariketa demokratiko sinple batekin pikutara bidali ditu.

Gaur egun altxatzen den muga bakarra herritarrei erabakitzeko eskubidea ukatzen dietenek altxatzen dutena da.

Erabakitzeko eskubidea, estatuen esku

Eskoziako galdeketak ikusmin handia sortu du Europa osoko independentista eta uniosten artean. Katalunia, Ipar Irlanda, Flandria, Bretainia, Sardinia, Korsika eta, nola ez, Euskal Herria adi-adi egon dira galdeketaren nondik norakoak jarraitzen, kanpainan hasi eta emaitzak eman dituzten arte. Adituek diote erabakitzeko eskubidea jokoan sartuta Europaren etorkizuna baldintzatuko duela galdeketak.

Erabakia hartu dute eskoziarrek, eta eskubideak unibertsalak badira, hemendik aurrera zailagoa izango dute hori ukatu nahi dutenek galdeketak oztopatzea. Aldi berean, ordea, Erresuma Batuak eskubide hori erabiltzeko bidea erakutsi du, adostasunarena, eta azaroaren 9ko Kataluniako galdeketak beste bide bat egiten ez duen bitartean, hori izango da bakarra: alegia, estatuek eurek erabakiko dute lehenik eurengandik bereizi nahi duten nazioen erabakitzeko eskubideaz. "Zergatik ez?", galderaren erantzuna hor dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.