Zibilak eta poliziak indigenei tiro egiteko elkartu direla salatu dute

Calin protestan ari diren indigenen aurkako erasoen bideoak zabaldu dituzte sare sozialetan.

Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 10a
08:30
Entzun

«Caliko familia aberatsak poliziarekin elkartuta», indigenen kontra tiro egin dutela salatu du Feliciano Valencia Kolonbiako Kongresuko kide indigenistak. Mugimendu Indigena Alternatibo eta Soziala (MAIS) alderdiko ordezkaria da Valencia. Sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan bideoek erakusten dutenez, zibil armatuek tiro egin dute minga batean, hau da, protesta ekitaldi batean, parte hartzen ari ziren indigenen aurka.

Herrialdeko hirugarren hiririk handiena da Cali, 2,2 milioi biztanle baititu. Istiluak nagusi dira han Ivan Duqueren gobernuak txiroenak zigortuko zituen zerga erreforma iragarri zuenetik. Protestak direla eta, Duquek erretiratu egin du erreforma, eta hura proposatu zuen ministroak kargua utzi du, baina horrek ez ditu protestak baretu. Dagoeneko 47 pertsona hil dira istiluetan, horietatik 35 Calin, Temblores gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Bart izandako tiroketan bederatzi pertsona zauritu dituzte. Cauca Iparraldeko Erakunde Indigenen Elkarteak (ACIN) esan duenez, oraindik ere badago «kalerako jantzitako gizabanakoen jazarpena, armadaren, Poliziaren eta Esmaden laguntza konplizearekin». Esmad protesten aurkako brigada ibiltaria da.

Kolonbiako presidente Ivan Duquek indigenei eskatu die Cali utzi eta euren bizilekuetara itzultzeko, «liskarrak saihesteko». Horiekin hitz egiteko asmoa ere adierazi du. Halere, uko egin dio hirira bidaiatzeari, eta herrialdeko Barne ministro Daniel Palacios bertaratuko da CRIC Cauca Eskualdeko Kontseilu Indigenarekin biltzeko. 

Erakunde hark, ordea, adierazi du ez dutela hiria utziko: «Ez dute ulertzen ez gaudela bakarrik herritarrei laguntzeko, baizik eta baita instituzioei eta Kolonbiako Gobernuari ere, grebari beharrezko arreta ez ematearen arduragabetasunaren aurrean».

Bahiketa

Kolonbia eta Venezuelaren arteko mugan, gutxienez sei militar venezuelar bahitu ditu FARCeko talde disidente batek, Fundaredes gobernuz kanpoko erakundeak zabaldu duenez. Apure estatuan borrokak egon dira, eta horien ondoren Venezuelako hamar militar desagertu dira. Horietako sei FARCen Hamargarren Frontearen esku daude. Fundaredeseko Javier Tarazonak militarron izen zerrenda argitaratu du.

Larunbatean salatu zuten ez zegoela militarron berririk. Gaur esan dute FARCen Hamargarren Frontearen esku daudela, hori frogatuko lukeen bideo bat daukatelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.