Abenduaren 27tik urtarrilaren 19a bitarte Palestinako Gaza eskualdearen kontra Israelgo armadak egin zuen erasoaldian "atzerrian erositako armak era ezegokian" erabili zituen, AI Amnesty Internationalek gaur salatu duenez. Kritika horretan erresistentzia palestinarreko Hamas taldea ere sartu du. Horiek hala, Israelgo Estatuaren eta palestinarren arteko gatazkarako armak bideratzea debekatzeko eskatu die AIk Nazio Batuei.
“Israelgo Armadak fosforo zuria eta AEBek emandako beste hainbat arma erabili ditu gerra krimenak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larriak egiteko. Ehunka haur hil dira eraso horietan, eta etxebizitzak eta azpiegiturak suntsitu dituzte”, adierazi du AIko ordezkari batek.
“Bestalde, Hamasek eta beste hainbat talde armatu palestinarrek kontrabandoan sartutako edo etxean egindako ehunka kohete jaurti dituzte. Nahiz eta horien suntsipen ahalmena Israelek erabilitako armena baino txikiagoa izan, zenbait zibil hil dituzte kohete horiekin, eta hori gerra krimena da”, dio AIk gaur kaleratu duen txostenak.
“Israeli arma gehien ematen diona direnez, AEBek giza eskubideak eta gerrako legeak urratzeko erabiltzen diren armen hornidura eten beharra dute. [Barack] Obamaren gobernuak Israelgo Gobernuari ematen dion laguntza militarra bertan behera geratu beharko litzateke”, nabarmendu du AIren Ekialde Hurbilerako eta Afrika Iparralderako Programako zuzendari Malcolm Smart.
Washington da Tel Aviven arma hornitzaile nagusia aspalditik, AIk gogorarazi duenez. 2017an amaituko den akordio baten arabera, AEBek 30.000 milioi dolar gastatuko dituzte Israeli armak emateko, hau da, George Bushen agintaldian baino %25 gehiago.
Frantzia eta Espainia ere arma hornitzaileak
Israelgo Gobernuari azken urteetan armak saldu dizkien estatuen zerrenda agertzen da Amnesty Internationalen txostenean. Horretan ageri denez, Frantzia bigarren arma hornitzaile nagusia izan da 2004 eta 2007 artean, eta Espainia zortzigarrena. Parisek guzira 59,4 milioi euroko balioa duen material militar edota osagarria esportatu dio Israeli, eta Madrilek, 2,2 milioi eurokoa. Hornitzaileen artean Euskal Herriko enpresa batzuk daude, tartean Expal (Explosivos Alaveses).
Palestinako gatazka
Zibilen aurkako erasoetan atzerritik jasotako armak erabili ditu Israelek, Amnesty Internationalen arabera
Hamasek ere armak "era ezegokian" erabili izana salatu du AIk, eta Israeli armarik ez saltzeko eskatu die AEBei eta Espainiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu