Zibilen aurkako errepresioa alde batera uzteko eskatu dio NBEk Siriari

Ramadana hasi denetik 120 lagun baino gehiago hil ditu erregimenak; nazioartea presioa egiten ari zaio Al Assadi

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak errepresioa uzteko eskatu dio Siriako erregimenari. Igandetik, Ramadana hasi zenetik, Bashar al Assad presidenteak lehenaz gain areagotu du erregimenaren aurkako protestetan parte hartzen duten zibilen aurkako errepresioa. «Indarkeriaren erabilerak azken aukera izan behar du, baina Siria manifestarien aurkako lehen erantzun gisa erabiltzen ari da», adierazi du NBEk. Hala, nazioartea presioa egiten ari zaio Al Assadi, indarkeria alde batera utz dezan.

Horrez gain, giza eskubideen aldeko erakundeei herrialdera sartzen uzteko ere eskatu dio NBEk, errepresioak eragiten dien biztanleei laguntza eman ahal izateko;«Gobernua Siriako egoera larria munduari ezkutatzen saiatu da, prentsari eta giza ekintzaileei hara sartzea galaraziz».

Asteburu honetan bertan 120 lagun inguru hil ditu armadak Hama hirian, hegoaldean. Astelehenetik asteartera, berriz, gutxienez beste 24. Martxoan erregimenaren aurkako protestak hasi zirenetik guztira 1.600 lagun baino gehiago hil dituzte. Gainera, Sirian giza eskubideen alde lanean diharduten ekintzaileak atxilotzen ari direla salatu du Pillayk.

Egoera horren aurrean nazioartea erantzuten ari da. Europako Batasunak Al Assaden erregimenari lotutako bost laguni zigorra jarri die. Erresuma Batuak bi aukera eman dizkio: indarkeria utzi edo alde egin. Italiak, berriz, Damaskon zuen enbaxadorea erretiratu egin du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.