ZIENTZIA. ARGI ALDIAN. Asimetriaren garrantzia

Marian Iriarte.
2009ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Ez dut uste zutabe honen irakurle guztiek jakingo dutenik, baina lanbidez Kimika Fakultateko irakaslea naiz, eta duela gutxi lankide bati Euskadi Ikerkuntza Saria nola ematen zioten ikusteko aukera izan genuen. Autobusez abiatu ginen Lakuara eta bertan ikusi eta entzun ahal izan genuen Claudio Palomoren inguruko hainbat eta hainbat gauza. Ez naiz gaurkoan sariaren arrazoiak ematen saiatuko, horretarako badaude-eta leku aproposagoak. Baina Claudiok berak hitzaldian esandakoari jarraituz, kimika asimetrikoa edo katalisi asimetrikoa deritzona argitzen saiatuko naiz.

Kimikaren munduan beste bi bereizi ohi dira nagusiki: kimika organikoa -karbonoaren kimika, bizitzaren kimika- eta kimika ez-organikoa; eta Claudio Palomo kimika organikoan aditua da. Kimika organikoan oinarrizko elementua karbono atomoa da. Horrek hainbat lotura eman ditzake, eta hortik abiatuz substantzia kimiko asko eta asko sortzen dira. Lotura bakunak ematen dituenean, beste lau atomorekin lotzen da, guztiak berdinak ala ez. Eta hemen sortzen da gaurkoaren oinarria: karbono atomoari lotzen zaizkion lau ordezkatzaileak, taldeak, edo dena delakoak euren arten ezberdinak badira, karbono atomo horrek propietate bitxia erakutsiko du; asimetria, kiraltasuna... Eta horrelako hitzek zer esan nahi dute? Izena grezieratik dator; cheir hitzak grezieraz eskua esan nahi du. Eta propietate hau duten substantziek gure eskuari gertatzen zaionaren antzekoa izaten dute. Hau da, gure bi eskuak simetrikoak izanagatik ez dira berdinak, hots, bata ezin da bestearekin gainezarri. Horixe da edozein gorputzi gertatzen zaiona ispilu batek ematen dion irudiarekin alderatuz gero: gure irudia baldin bada ere, ez da posible bi irudi horiek gainezartzea. Karbono asimetrikoa duen substantzia orok bi aukera izango ditu: ispiluaren alde bateko substantzia izatea ala bestea. Eta biak oso antzekoak baldin badira ere, ez dira berdinak. Ezberdintasun horren garrantziaz aspaldi ohartu ziren zientzialariak; Pasteur bera, adibidez, azido tartarikoarekin lanean ari zela. Penicilium glaucum onddoak bi aukerak zein ongi bereizten dituen ohartu zen 1858an. Baina beharbada oihartzun handiena izan duen kasua talidomidarena da. Joan den mendeko 1950. eta 1960. urteen artean haurdun zeuden emakumeei haurdunaldiko hainbat ondorio arin konpontzeko talidomida preskribatu zieten erruz. Baina zorabioen eta goragalearen aurka oso eraginkorra izateaz gain, amaren sabelean zeuden umekiengan ondorio larriak zituen.

Gaur jakina da talidomida delakoa substantzia kirala dela; hau da, ez dago talidomida bakarra, ispiluaren bi irudiak baizik. Horietako bat ama haurdunen arazoak konpontzeko eraginkorra da; besteak, berriz, eragin tragikoak dauzka. Hona hemen kimika asimetrikoarengarrantziaren adibide bat. Bizidunetan gertatzen diren erreakzio asko eta asko substantzia kiral baten irudietako batekin bakarrik gertatzen dira, eta bestearekin ez. Horregatik gaur kimika organikoaren barruan ikerkuntza-lerro garrantzitsua da kimika asimetrikoarena edo katalisi asimetrikoarena. Azken finean, substantzia generiko bakoitzaren bi irudiak bereiztea eta laborategian isolatu ahal izatea oso onuragarria baita hainbat eta hainbat arlotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.