ZIENTZIA. Finantzaketa bermatzen ez bada, OMEk tuberkulosia zabaldu egingo dela dio

Urtean 1,7 milioi lagun inguru hiltzen dira tuberkulosiagatik, gehienak herrialde behartsuetan

2009ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Tuberkulosiak sendabidea du, bai behintzat denboraz diagnostikatu eta gaitzari aurre egiteko tratamenduarekin asmatzen bada. Hala ere, urtean 1,7 milioi lagun hiltzen dira sendabiderik baduen tuberkulosiak jota; egunean 4.500 bat lagunek galtzen dute bizia, orduro zazpi inguruk. Eta egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi du OME Osasunerako Mundu Erakundeak. Zenbait herrialdek, izan ere, gaitzari aurre egiteko aurrekontua murriztu dute, finantza krisia aitzaki jarrita. Gaurtik neurri eraginkorrak hartzen ez badira, baina, munduari garestiegi aterako zaiola ohartarazi dute adituek: oraingoa halako bederatzi edo hamabost aldiz inbertsio handiagoa egin beharko da.

Izan da egoeraren larritasunak lotsagorritu duenik ere; Jorge Sampaio tuberkulosirako NBEko ordezkari bereziak «lotsagarria» deritzo, izan ere, urtean bederatzi milioi lagun gehiago kutsatzen dituen gaitza kontrolatzeko agintariek gehiago egin ez izanari. Halaber, kaltetuenak herrialde behartsuak direla salatu du: «Ez bada diru gehiago bideratzen, herrialde pobreek garapen ekonomikoa lortzeko duten aukera oro galduko dute».

Egoerari buelta emateko, Stop TB (gelditu tuberkulosia) mugimenduak hirugarren foroa antolatu du; aurten, Rio de Janeiron (Brasil). Mila bat aditu eta agintari gonbidatu dituzte herenegun hasi eta gaur amaituko duten bilkurara; han, bai OMEk bai Munduko Bankuak neurri eraginkorrak hartzeko beharra aldarrikatu dute.

«Aspaldiko gaitza da, hilkorra. Aireak zabaltzen du gehienetan, eta birikei eragiten die bereziki». Cornelia Hennig OMEko kidearen hitzetan, tuberkulosi arruntari aurre egitea posible da gaixoa egoki artatzen bada. Hala ere, garapen bidean dauden herrialde gehienetan, horixe falta dute, gaitza diagnostikatu eta tratamenduarekin asmatzeko gai diren aditu eta baliabideak. «Munduko osasun publikoaren aurkako mehatxua da, eta orain inflexio puntu batean gaude», gaineratu du Henningek.

Europa, arriskuan

Arazoa urruti ikusten dutenen kontzientzia esnarazi nahi du OMEk, egindako ahaleginak hutsean geldituko diren beldur bada ere. Tuberkulosiak, hala ere, ez ditu garapen bidean dauden herrialdeak bakarrik mehatxatzen. EBk sustatutako ikerketa baten arabera, izan ere, tuberkulosi tratagaitz gehien sortu diren inguruen artean dago Europa. Ahatik, halakoen aurka egiteko baliabide gutxien dituenetakoa da.

Botika arruntek ez dute MDR-TB erresistentzia anitzeko tuberkulosiari aurre egiteko balio. XDR-TB tuberkulosia, berriz, tratagaitza da. Hala ere, ez Europak ez gainontzeko herrialde garatuek ez dute arriskua gainditzeko neurri eraginkorrik hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.