Kolonbia. Desplazatuak

Zifren bestaldean

Kolonbiako gatazkak sei milioi desplazatu eragin ditu 25 urtean. Gerrillek, gobernuek eta multinazionalek giltzapean gorde nahi izan dute egoera, desplazatuen arazoa «hermetiko» bihurtuz.

2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Egunsenti garrantzitsua da El Encanto komunitateko kideentzat. Berrogei urteko ekaitzak eramandako guztia gogoratzen dute, begiak malkoz bustitzen zaizkien bitartean. Badute aitzakia: lau urtez sasizko bide luze bateannora ezean igaro ondoren, etxera itzuliko dira azkenean. Hori lortzea espero dute, behintzat, jaioterritik kanporatu zituzten 50 bat lagunek. «Ez da erraza izango», ohartarazi du kide batek, «paramilitarrek gerrillako kidetzat jotzen dute hara hurbiltzen den edonor eta berehala hil zaitzakete». Baina, arrisku larriaz jabetuta dauden arren, itxaropentsu dira, eta aurrera egingo dute. «Aurrerapauso zaila da, baina sendoa».

Kolonbiako desplazatu talde bat da El Encanto komunitatea. «Gure herritik bota, eta gure lur sailak kendu zizkiguten, talde armatuen esku uzteko», dio aitona batek. «Bidean 132 lagun hil zaizkigu. 132 langile. 132 errugabe. Gerrillari zirela leporatu eta hil egin zituzten paramilitarrek». Baina ez dira bakarrak: antzeko egoeran daude herrialdean zehar zabaldutako milaka komunitate. «Gatazka militarrak eta narkotrafikoaren sareek euren segurtasuna eta lur sailak arrisku larrian jartzen dituzte», jakinarazi dio BERRIAri Leonardo Jaimes abokatu eta ekintzaileak. Beldurrezko egoera honetan, ihes betea da komunitate hauek duten irtenbide bakarra: «Ihes egin edo hil, ez dago beste irtenbiderik Kolonbiako gatazka zikinaren testuinguruan».

Guztira, 1985etik aurrera zenbatutako 5,9 milioi lagun dira desplazatuak, Codhes Giza Eskubideen eta Desplazatuen Aholkularitza Agentziaren iazko datu ofizialen arabera —biztanleriaren %11,2—. Horietatik, atzerrira jo behar izan duten 380.000 pertsona daude. Euren jaioterrian desplazatutako 400.000 familia. Errugabeak diren 2,5 milioi haur eta gazte, suzko armek zauritutako Kolonbia batean lausotu dire-nak.

Zifra horiek ez dira, ordea, ezer berria, lehenaldiko mamuek arrastaka dakarten errealitatea baizik. 1980az geroztik, FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek,talde paramilitarrek, narkotrafiko sareek eta ustelkeriaz kutsatutako gobernuek 5,5 milioi hektarea lur sail bereganatu dituzte, nekazariak haien etxeetatik kanporatuz eta muturreko pobreziara bultzatuz. Egoera berriaren aurrean, gutxi batzuk iristen dira errefuxiatu guneetara. Beste askok aldez edo moldez egin behar diote aurre eguneroko bizimoduari. «Bere garaian ongi bizi zen eta lur sailak zituen jendea dago eta asko eskale dira Bogotan», azaldu du Jaimesek.

Pozoitutako negozioa

Nekazariei lurrak kentzeko arrazoi nagusia estrategia militarra, narkotrafiko sareak indartzea edota behartutako errekrutatzea dirudien arren, arazoaren oinarri nagusia interes ekonomiko hutsa da, Kolonbia Hego Amerikako herrialderik aberatsenetakoa baita lehengaiei dagokienez. «Lapurtutako lur sail asko urrez, zilarrez, platinoz, nikelez eta petrolioz josita daude», adierazi dio Berenice Celeyta ekintzaileak BERRIAri.

Nazioarteko potentziek hirugarren munduan inposaturiko ideologia ekonomiko neoliberala atzerapen faktore bilakatu da, etaesportazioak barne ekonomiaren zutabe bilakatu dira, barne industria bultzatzeko. «Gurea bezalako herrialde ustel, desorekatu eta gatazkatsuan, gatazkaren partaide bihurtu dira estatuaren interes ekonomikoak». Hala uste du Lizandro Cabrera Santiago de Caliko Unibertsitateko irakasleak.

Onartu nahi ez den amodiozko harreman batek azaltzen ditu Cabreraren hitzak. Izan ere, bada multinazionaletako enpresaburuak, eskuin muturreko paramilitarrak eta funtzionario publikoak nekazariekin batzen dituzten elementu bat: azken hauen lurrak nahi dituztela. Desira komun horrek lurjabe handien, goi diplomaziaren eta legez kanpoko taldeen arteko harremanak indartu ditu. Hala adierazi zuen Jairo Castillo Pitirri AEBetan prozesatutako buruzagi paramilitar ohiak 2010eko uztailean: «Batek jendea izutu edo hiltzen du, besteak lur saila erosi eta azken batek gertatutakoa legeztatu egiten du». Iritzi berekoa da Berenice Celeyta: «Multinazional batzuk ikertzen ari dira, talde paramilitarrei laguntza ekonomikoa emateagatik».

Ez dabiltza oker. «Multinazionalak dira gatazka honetaz etekin gehien ateratzen dutenak, zalantzarik gabe», iragarri du Celeytak. Kasu asko nazioarteko auzitegietara iritsi dira, hala nola Chiquita Brand enpresa estatubatuarra, zeinak nekazarienak ziren lur sailetan platano produkzio erraldoiak abiarazi dituen. 2007an 25 milioi dolarreko isuna jaso zuen, paramilitarrak babesaren truke ordaintzeagatik. Coca-Cola erraldoiari azken hamarkadan sei sindikalistaren heriotza leporatu diote epaileek. Drummont meatzaritza enpresan Julian Villatek egiten du lan, Benedice Celeyta bera hiltzeko asmoa zuen militar ohiak. Anglo Coalek, Londresko Burtsan dagoen meatzaritza enpresak, nekazarien milaka hektarea bereganatu dituela jakinarazi du era berean. «Enpresa hauek guztiek desplazatuen lurrak hartu eta latifundio bilakatu dituzte», salatu du Celeytak.

Baina, ekintzailearen aburuz, badira «paramilitarren eta gobernuaren jokoan sartu eta zigorrik jaso ez duten marka ezagunak», hala nola Espainiako Union Fenosa konpainia. Celeytak adierazi duen bezala, gas konpainia horrek hamar urte eman ditu Salvajinako urtegian energia sortzen, baina inguruko herritarrek ez dute ez urik, ez argindarrik. «Kriminalekin lanean aritu zen, ohartu gabe», azpimarratu du Celeytak. Baina, haren esanetan, ez ikusi eta ez entzun egiten dute egia jakitean: «Inork ez du erantzuten. Inork ez du paramilitarrekin zer ikusirik izan. Inork ez ditu indigenak kanporatu. Inork ez».

Gobernuaren bi aurpegiak

Krudelkeriazko ekintza hauek guztiek Kolonbiako Legebiltzarra ere zipriztindu dute, eta Justizia Auzitegi Gorenak parlamentariak akusatu ditu dagoeneko, paramilitarrekin elkarlanean aritu direlakoan. Baina nazioartean ez du oihartzunik izan. «Juan Manuel Santos presidente bilakatzea garai berri baten sinonimotzat jo da nazioartean, baina ez da egia», eta, bidez batez, gobernu berria «maskara hutsa» dela adierazi du Jaimesek. Iritzi berekoa da Celeyta; beraren ustez, Kolonbia «estatu ustela, mafiosoa eta parapolitikoa» da Kolonbia.

«Senatuko eta Legebiltzarreko ordezkari asko paramilitarrekin elkarlanean» aritu direla uste du, eta Alvaro Uribe presidente ohiaren gobernuko 90 kideetatik 78 epaitzen ari direla gogorarazi du. «Uribismoarentzat bakea lortzeko bide bakarra gerrillariak hiltzea da, ez desplazatuei laguntza ematea», baietsi du Jaimesek. Harago doa Celeyta, eta ziurtatu du paramilitarrak estatuko hiru zutabeetan daudela —hots, legegilean, betearazlean eta judizialean—.

Nazioarteko irudia guztiz desberdina da, ordea. 2010ean Santos presidenteak Giza Eskubideen Domina jaso zuen Madrilen. «Iraingarria izan zen guretzat, giza eskubideen bortxatzaile handienetakoa saritu zutelako», dio Celeytak suminduta. Mehatxuak, botoen erosketa eta boto gehiago izateko hildakoen dokumentazioaren erabilera, telefono entzunak, berreskuratutako lurren salmenta, lider sozialen eta giza eskubideen aldeko erakundeen aurkako erasoak, etab. Gobernuak, bitartean, harro azaltzen ditu desplazatuei laguntzeko ekimenak bere webgunean: 968 familiari lagundu diete—400.000tik— lurrak berreskuratzen, 7.680 hektarea itzuli dituzte —5,5 milioitik— eta biktimen egoera eztabaidatzeko webgune bat sortu dute —Internetik ez dute kolonbiarren %55,5ek—. Egoera hori Uribe presidente ohiari leporatu diete askok, baina Berenice Celeyta ez dago ados, eta, harentzat, Uribe eta Santosen desberdintasun bakarra da lehenak azpijokoa publiko bilakatzen zuela eta bigarrenak isilpean gordetzen duela.

Desplazatuak, nora ezean

Horiek horrela, desplazatuek ez dute zer egiterik. Maiatzaren 24an Biktimen Legea onartu zuen Legebiltzarrak, biktimei kalte-ordainak eta lurrak itzultzeko. «Garai berri baten hasiera» gisa deskribatu zuen ekimena Juan Fernando Cristo senatariak. Biktimen elkarteek adierazi dute legea ez dela nahikoa eta ez duela konpontzen biktimen egoera. Baina aipagarria da lehenengoz Kolonbiako gatazka egoera onartu duela legebiltzarrak. Lehen aldia 1964az geroztik.

Legearen aurka agertu da Leonardo Jaimes ere, eta «Kolonbiako azpijokoan sartzeko tresna bat» dela adierazi du. Nekazariak, kendu zioten lur saila berreskuratu nahi badu, bi aukera ditu soilik: «Estatuak emango dion lur saila hartzea (Kolonbiako beste aldean beharbada) edota fede onez bere lurra erosi duen lurjabearen kide bilakatu eta berak nahi duena ustiatzea». Baina euren lur sailetan multinazionalek ez badute lurra erosi, urteak iraun dezakeen prozedura burokratiko bat geratzen zaie soilik. Dena den, desplazatu asko ez dira iritsiko egoera horretara: etxera itzuli eta berehala hilko dituzte.

Baina, lurra eskuratuz gero ere,egoera lazgarri bati egin behar diote aurre. «Lur sailak ematean, nekazariak biluzik daude,ez baitute lur eremu horri probetxua ateratzeko behar adina baliabide material eta ekonomikorik. Ez dute ezer», salatu du Jaimesek. Bidegabekeriaren biktima dira, euren familiaren bizitzaren alde egiteagatik kaleratu dituzten nekazariak.

Hori guztia gertatzen den bitartean, nazioarteak Kolonbia faltsu baten irudia du. «Bi aurpegiko moral moduko bat dago: Libian, erreboltariak zintzoak dira eta diktadorea gaiztoa; hemen,zapaldutako oposizioa terrorista da», uste du Jaimesek. Baina, hala ere, beti izango dira itxaropentsu. «Gezurrak ezin du egia lurperatu»,azaldu duBerenice Celeytak. Baina paramilitarrek mehatxatutako ekintzailea harro dago, hala ere, «519 urteko sarraskia 519 urteko erresistentziaren sinonimoa» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.