Ukraina

Zigorrak ezarri dizkiete AEBek Errusiako zazpi karguduni eta hainbat enpresari

Nazioarteko begiraleetako bat askatu dute errusiazaleek, haren osasun egoera tarteko. Jarkoveko alkatea ospitaleratu egin dute, tiro batek jota.

Errusiazale bat, okupatutako Donetskeko eraikin publiko baten kanpoaldean. R. P., EFE
2014ko apirilaren 28a
07:48
Entzun

Iragarritakoa bete dute AEBek. Vladimir Putin Errusiako presidentearen "inguruko" zazpi kargudunei aktiboak izoztuko dizkiete, eta AEBetan sartzea debekatu diete. Horrez gain, hamazazpi enpresaren ondasunak ere izoztuko ditu. Errusiaren gaitasun militarrak hobetzen lagundu dezaketen produktuen esportazioa ere mugatu egingo dutela iragarri dute AEBek.

Eguna bero hasi dute Ukrainaren ekialdean. Armatutako lagun talde batek Konstantinovka hiriko polizia etxe bat hartu du, Efe agentziak zabaldu duenez. Horrez gain, argitaratu du armatutako beste lagun talde bat dagoela udaletxearen inguruan, eta ondorioz, funtzionarioak ez direla sartu. Donetsk eskualdean dago Konstantinovka —Ukrainaren hego-ekialdean—, izen bereko hiriburutik 60 kilometrotara. Jarkoven izan den tiroketa batean bertako alkatea zauritu dute, eta ospitaleratu egin dute.

Hamahiru lagun bahitu zituzten asteburuan, nazioarteko zazpi begirale eta beste sei lagun, eta begiraleetako bat askatu zuten atzo, suediarra, jasaten dituen osasun arazoak tarteko. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak jakinarazi duenez, gainontzekoak askatzeko lanetan ari da; izatez, begiraleak ez dira ESLAk bidaliak, baina horren babespean daude Ukrainan. Errusiak salatu duenez, Ukrainako 11.000 soldadu daude uneon herrialde horren ekialdean, Kievek abiatutako operazioaren ondorioz. Errusiako Atzerri ministroak jakinarazi duenez, 160 tanke, 230 ibilgailu blindatu eta 150 "artilleria pieza" ditu Kievek Ukrainaren ekialdean.

Axel Scheneider da askatu dutena, eta RIA Novosti Errusiako agentziari adierazi zionez, bahituek ez dute uste "atxilotuak" izan direnik, Viacheslav hiriko alkatearen "apopiloak" direla baizik.

Guztira, 140 dira Ukrainan dauden nazioarteko begiraleak. Zazpiko taldea Sloviansk hiriaren sarreretako batean hartu zuten, autobusean zihoazela. NATOko "espioi" izatea leporatu zieten.

Neurri gehiago Errusiaren aurka

Barack Obama AEBetako presidenteak adierazi du gaur bertan hartu ditzakeela Errusiaren aurkako zigor neurri gehiago. Vladimir Putin presidenteari "zuzenean" eragin beharrean, haren gertuko enpresa eta aliatuei presio egitea ei da neurrien helburua. Teknologia handiko produktuen esportazioan dabiltzan enpresei eragingo diela iragarri du Obamak. Genevan adostutakoak ez betetzea egozten diote Errusiari, zehazki, talde armatuen desarmatzea ez bete izana.

Txinak, bere aldetik, adierazi du neurri berriek, arazoa konpondu beharrean okertu egingo dutela. Qin Gang Atzerri ministroak gatazkaren aldeei euren artekoak konpontzeko eskatu die, "elkarrizketa eta negoziazioaren bidez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.