ZIMBABWE. Elkartasunaren katedrala

Johannesburgoko katedral metodistan tokia egin die Paul Verryn gotzainak Zimbabwetik Hegoafrikara joandako bi mila etorkin ingururi; horregatik, orain dela gutxi kargutik kendu dute.

Joan Canela Barrull
Johannesburgo
2010eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Itzelezko eraikina da Johannesburgoko katedral metodista, hiriaren erdi-erdian dago, etxe orratzez inguraturik, apartheid garaiko Hegoafrikaren ekonomia boterearen adierazgarri harroen artean. Gaur egun, baina, herrialdearen afrikartzearen ikur bihurtu da katedrala. Harro ageri du kanpoaldea tenpluak, elizaren eraikitzaileek eman nahi zioten itxurari tinko eutsiz; baina behinbarrualdera eginez gero, bestelakoak dira kontuak. Badirudi etxe okupatu batean gaudela, beirarik gabeko leihoak, moketa puskak, jendea pasieran edo eserita-ezer agerikorik egin gabe-, jan hondarrak zokoetan... eta kaosa nonahi, Paul Verrynen bulegorainoko tartean. Gotzain polemikoa da Verryn, iheslarien esparru bihurtu berri baitu Johannesburgoko katedrala; haren bulegoan borroka etengabean dihardute gogor liburuek eta kikarek, azken zentimetro koadroa ere okupatu nahiko balute bezala.

Hegoafrikarrek ohi duten adeitasunez, barrurako gonbita egin die Verrynek bisitariei, desordenagatik barkamenik eskatzeke. Ezbairik gabe, telefono dei atergabeei eta ate-joka nekaezinei jaramon egitera, badu buruhauste handiagorik. Duela astebete baino gehiago kendu zuen kargutik Hegoafrikako Eliza Metodistak, baina ez du alde egiteko inolako asmorik. «Tira, jarri dut kargutik kendu izanaren kontrako errekurtsoa, eta abokatuen esku dago dena orain; erabakia berraztertuko dutelakoan nago», esan du ziur, gatazkei aurre egiten ohitutako norbaiten lasaitasunez.

Soweton artzain jardun zuen, 80ko urteetako aldi izugarrian, baina gotzain kargua hartzea nahikoa ez, eta duela sei urte erabaki zuen handitzea kongregazioak Afrikako beste herrialde batzuetatik etorritako behartsuentzat zuen laguntza programa. Hasieran, hogeiren bat lagun hartu zituzten, eta gaur egun bi mila baino gehiago dituzte. «Afrikan krisialdi bat izan den guztietan, etorkinak hartu izan ditugu», azaldu du eriez kontatzen dituelarik Kongoko gerra, Zimbabweko hauteskundeak, Zimbabwen bertan izandako kolera agerraldia... Eta hurrengo pogrom xenofobo bortitzei aurre egin behar izan zieten; 2008ko maiatzean astindu zuten Hegoafrika, eta hirurogei pertsona baino gehiago hil eta milaka lagun lekualdatzera behartu zituzten. «Egia esateko, une hartan ez ziren iheslari asko iritsi; geroago etorri ziren gehiago, Gobernuak hainbat esparru itxi zituen, milaka pertsona nora ezean utzita». Garai hartan, orobat, bestelako harremanak zituen Gobernuarekin. «Nazioartean itxura kaskarra eman zezakeen beldur, gurekin elkarlanean jardun zuen erabat; babestu egin gintuen, eta inork ez zigun eraso egin hemen».

Egoera gero eta okerragoa

«Munduko Futbol Txapelketaren inaugurazio eguna gerturatu ahala -ekainaren 11n izango da-, gero eta handiagoa da katedrala hutsarazteko presioa», ziurtatu du Verrynek. Lehenik, probintziako Barne ministroaren adierazpenak etorri ziren. «Elizak ez dira iheslarientzako tokiak», esan zuen; hurrengoan, iazko urtarrilean, jende saldoa atxilotu zuen Poliziak. «Bulego honetaraino iritsi ziren, eta nazioarteko komunikabideen presioari esker bakarrik geldiarazi zituzten», ekarri du gogora; eta, orain, kendu egin dute kargutik.

Modu ofizialean honako hauek egotzi dizkiote: tutorerik gabeko adingabeak edukitzea iheslarien artean eta baimenik gabe hizketan jardutea prentsarekin. «Lehenak ez du inolako zentzurik; hori hala izanez gero, are eta arrazoi handiagoa baitugu adingabeak ez kanporatzeko. Bigarrenari dagokionez, horretarako eskubide osoa dut, artzaina eta hiritarra naizenez gero; izan ere, ezinbestekoa da gero eta jende gehiago agertzea xenofobia sentimendu horren kontra. Gero eta indartsuagoa baita sentimendu hori, eta sarri askotan burokrata ezgai batzuek akuilaturikoa. Beren kudeaketa okerrak ekarritako arazoetatik arreta desbideratzearren egiten dute hori».

Hain zuzen ere, kalean dabiltzan esamesei bainoago -horien arabera, jende askok zalantza izpirik gabe kanporatuko lituzkete zimbabwetarrak eta beste immigrante afrikar batzuk-,«politikarien arduragabekeriari» deritzo kezkagarri. Eta adibide bat eman du: «Duela bi aste, gure mutiletako bati eraso zioten, eta zauritu egin zuten. Poliziengana jo zuen mutilak, eta hauxe erantzun omen zioten: 'Hoa hire gotzainarengana, eta eska iezaiok hire alde otoitz egiteko'. Nola uler liteke halako jarrerarik, ez bada goi kargudunen onespena edo, behintzat, haien utzikeria dela bitarteko».

Halere, honako hau ere esan du: «Gobernuak zuzendaritza metodista estu hartu izana dago ni kargutik kentzearen atzean». Eta erantsi du: «Segurtasunaren aitzakiarekin, hirigunetik bota nahi dituzte pobreak Munduko Futbol Txapelketa hasterako. Baina horrek ez du inolako zentzurik; arriskutsua da modu horretan nahastea pobrezia eta delinkuentzia, berez pobreenak zigortzen baititu gehienbat krimenak. Azken batean, Hegoafrikaren itxura faltsua eman nahian dabiltza; nire ustez, ordea, Munduko Futbol Txapelketa aukera ezin hobea da gure herrialdea benetan nolakoa den erakusteko, hemen elkarrekin bizi baitira toki berean oparotasunik joriena eta pobretasunik latzena.

Barruti eredugarria

Benetan iraunkorra ote da, ordea, eliza barruan mugagabean edukitzea bi milatik gora pertsona? «Toki hau handia da oso, eta aldameneko blokeetan ere ohiko iheslari esparruetan baino osasun baldintza hobeak dituzte jendea hartzeko».

Bekatuaren aieru ageri du harrotasuna begien distiran, barruti eredugarri horren gizarte lorpenen berri ematerakoan: «Mugarik Gabeko Medikuekin batean eskola bat egin dugu, bostehun ikaslerentzat -horietako asko hegoafrikarrak dira-, eta hemengo irakaskuntza maila nazio osoan batez beste dagoena baino handiagoa da; oinarrizko osasun laguntza bermatzen diegu; sukaldaritza kooperatibak bultzatu ditugu, eta informatika eta josteko lantegiak sortu; iheslariek berek futbol eta saskibaloi taldeak eratu dituzte, xake klubak antolatu, abesbatzak...».

Verrynek ez du uste hurrengo asteetan hori dena bertan behera geldi daitekeenik. Hala, kazetariak aukera hartaz galdetuta, irmo erantzun du ezetz. «Ez da neure erabakia bakarrik izan iheslariekin lan egitea; kongregazio osoak elkar harturik dihardu egitasmo honetan, eta nik hutseginez gero ere lanean segituko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.