Oposizioarekin boterea partekatzeko akordioa sinatu du Robert Mugabe Zimbabweko presidenteak. Une historikoa izan da herrialdean; izan ere, Zimbabwek independentzia lortu zuenetik lehen aldia da presidentea koalizio gobernua eratzeko prest agertzen dena. Presidentearen hitzetan, lehen akordio horrek beste hainbat alorretan etorkizunean sinatu ahalko dituzten beste askori ematen die bide.
Morgan Tsvangirai oposizioko MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko buruzagiaren aburuz, akordioak esperantzarik badela erakusten du. «Herrialde baketsua eta demokratikoki aberatsa eraikitzeko aukera ona da akordioa». Halaber, banatzeko arrazoiak baino elkarrekin lan egiteko argudioak gehiagoa direla agerian geratu da, oposizioko buruzagiaren arabera. Oposizioa eta Mugaberen alderdia batzen dituena, besteak beste, herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoari aurre egiteko beharra da. Inflazioak eta langabeziak etengabe egin dute gora azken urteetan; %11.000.000ko inflazioa dute.
Oposizioa nagusi Gobernuan
Koalizio gobernua 31 ministeriok osatuko dute. Horietatik hamabost Mugabe buru duen ZANU-PF Zimbabweko Afrikako Batasun Nazionala-Fronte Abertzaleak eskuratuko ditu. Gainontzekoak, hamasei, MDCren esku geratuko dira. Hala, Robert Mugabek presidente karguan jarraituko badu ere, Tsvangirairen alderdiak gehiengoa izango du koalizioa gobernuan.
Azken 30 urteetan Mugabek botere absolutua izan du. Alabaina, iragan martxoaren 29an egindako hauteskunde orokorretan porrot egin zuen ZANU-PFk. Liskarrak izan dira ordutik. Hauteskunde iruzurra salatu zuen oposizioak, eta Mugaberen gobernuak gogor erantzun zuen: dozenaka lagun atxilo eta hil zituzten. Nazioartearen presioa tarteko, Hegoafrikaren bitartekaritzapean bake negoziazioak hasi zituzten iragan uztailean, eta luze negoziatu ondoren, pasa den astean akordioa lortu zuten.
Herrialde baketsuaeta demokratikoki aberatsa eraikitzeko aukera ona da akordioa »
morgan tsvangirai
Oposizioko MDC alderdiko buruzagia
Zimbabwen koalizio gobernurako ituna sinatu dute
Gobernuaren sorrerak oposizioarekin akordio gehiagotara iristeko bidea zabaldu du, Mugaberen hitzetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu