Zimbaweko hauteskundeen mugarria

Mugaberen agintea jokoan da Zimbawen, oposizioaren eta nazioartearen jazarpen eta iruzur salaketen artean

2008ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Zimbawe inoizko krisi ekonomiko handienean murgilduta dagoela, Robert Mugaberen agintea betikotzearen edo oposizioko bi hautagai nagusiei aukera ematearen artean hautatuko dute gaur herritarrek. Amnesty Internationalek deitoratu egin du Mugaberen erregimenak oposizioko hautagaien jarraitzaileak jazartu eta jo izana. Horrez gain, ez dute utziko Mendebaldeko behatzaileek bozak ikuskatu ditzaten, eta nazioarteko kazetariek ere debekatua dute gertatzen denaren berri ematea.

ZANU-PF Zimbaweko Afrikako Batasuna-Fronte Abertzalea bozetan garaile izan da orain arte, aldiro; eta herrialdeak Erresuma Batutik independentzia lortu zuenetik, 1980tik, 28 urte eman ditu agintean Robert Mugabek. Epe horretan, erregimena kolokan jarri duen bakarra Morgan Tsvangirai izan da, MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko burua. Horren eraginez, hamaika alditan espetxeratu dute, eta lau aldiz bera hiltzen ere saiatu dira. Inkestek bozak irabazteko aukera ematen diote oraingoan. Litekeena da hiru aste barru ebaztea, bigarren itzulian.

Simba Makoni da presidentetza eskuratzeko aukera duen hirugarren buruzagia, orain arte Finantza ministro izan dena. Armadako eta Poliziako buruek berriki argi utzi dute Mugabe bakarrik onartuko dutela bozen irabazle. SADC Afrika Hegoaldeko Garapenerako Elkargoak, hau da, nagusiki bozak zaintzeaz arduratuko den erakundeak, garrantzia kendu dio mehatxuari; Amnesty Internationalek salatu duenez, herritarrak gehiago estutuko ditu abisu oldarkor horrek. Poliziak eta Armadak atzo azaldu zutenez, alerta egoeran daude, bozen emaitzak indarkeria eragin ez dezan, Kenyan bezala.



INDARKERIA PIZTEAREN BELDUR. Mugabek aurkariei ohartarazi die galtzen badute ez protesta egiteko, eta «porroterako prest egoteko». AEBei eta Erresuma Batuari egotzi die iruzur susmoak «gezur ankerren» bidez sustatzea. Aldi berean lau hauteskunde egingo dituzte gaur Zimbawen. Presidentea, legebiltzarkideak, senatariak eta zinegotziak hautatuko dituzte, munduan bizi itxaropen laburrena duen herrialdean- 37 urte gizonentzat eta 34 emakumeentzat-. Otsailean, %100.000koa izan zen urteko inflazioa; larria da, berriz, elikagai eta erregai gabezia.

MDCko eledunek salatu dutenez, elikagai laguntza ukatu diete oposizioko jarraitzaileei landa eremuan. Mugabek han eskuratu izan du garaipenik sendoena, batez ere 2000 urteaz geroztik, lur jabe zuriei lurrak kendu eta beltzen artean banatu zituenetik. Elikagai ekoizpena murriztu egin da ordutik, eta gosetea areagotu. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 4,1 milioi pertsonek elikagai eskasia jasango dute aurten. Langabezia %80koa da, eta ehunka mila herritarrek kanpora jo dute irauteko. Mugabek Mendebaldeari egotzi dio bera kargutik kentzen saiatzea, eta isun ekonomikoengatik krisialdiaren erantzule egin du.



ZImBaWeKo PresIDenTeTzaraKo HauTaGaIaK

Diktadorea zahartzaroan

Robert Mugabe
ZANU-PF alderdiko hautagaia
Erresuma Batutik burujabetza lortu zuenetik (1980), Zimbawek estatuburu bakarra izan du: Robert Mugabe. 84 urte ditu, baina ez du boterea uzteko asmorik. Ehun urtera heldu arte ez duela agintea utziko adierazi du.

Matibiri herrian jaio zen Mugabe 1924ko otsailaren 21ean. Politikan 36 urterekin hasi zen, Alderdi Nazional Demokratikoan sartu zelarik. Burujabetzaren aldeko borrokan, 1964an hamar urterako espetxeratu zuten. Afrikako independentziaren aldeko heroitzat dute hainbatek, darabilen errepresioa gorabehera.

Herrialde burujabearen lehen bozetan Mugaberen ZANU Zimbaweko Afrikako Batasuna izan zen garaile, eta Zimbaweko lehen agintari beltza izendatu zuten. Bost urtegeroago, 1987an, presidentetza sortu zuen, eta lehen ministro kargua barnean sartu.

Lur jabe zuriei lurrak kendu eta beltzen artean banatzeko nekazaritza politikak kale egin du eta herrialdea areago hondoratu du. Erresuma Batuko koroaren ohorezko titulua du Mugabek, baina harekin etsaitu da boteretik kentzen saiatzea egozten diolako.





Oposizioaren itxaropena

Morgan Tsvangirai
MDCren hautagaia
Robert Mugaberen erregimenean sarri atxilotu dute Morgan Tsvangirai; lau hilketa saio egin dituzte bere aurka. Iazko martxoan Poliziak egindako tortura arrasto garbiekin agertu zen epaileen aurrera. Gutu herrian jaio zen 1952ko martxoaren 10ean. Giza eskubideen aldeko ekintzailea da. MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko presidente izendatu zuten 2000.ean, urte bat lehenago berak sortu zuen alderdikoa. Zimbaweko Shona etnia nagusiko partaide da.

Azken 28 urteotan Mugaberi itzala egitera ausartu den politikari bakanetakoa da. Gobernuarekin zuen ezadostasunagatik Hegoafrikako erregimenaren espioi izatea egotzi zioten 1989an eta kartzelan sartu zuten. Hurrena, 1992an erreforma ekonomikoen aurka manifestazioa egiteagatik atxilotu zuten. Legebiltzarrerako bozetan 57 eserleku lortu zituen 2000 urtean eta Mugaberen ZANU-PF alderdiak 62. Presidentetzarako lehen aldiz aurkeztu zen 2002an; botoen %41,9 lortu zuen. Nazioarteak ustelkeria salatu zuen bozetan. Mugaberi irabazteko aukera dauka orain.





Mugaberen lankide ohia

Simba Makoni
Hautagai independentea
Gobernuaren babesa utzi eta bere burua independente gisa aurkeztu duelako hitz gogorrak erabili ditu Mugabek bere ministro ohiaren aurka. Urdanga politikoa deitu dio Simba Makoniri. Mutare herrian jaio zen 1950ko martxoaren 22an, eta kimikan doktore da. Goi funtzionario izan da 30 urte zituenetik. Nekazaritza ministrorde karguan 1980an sartu zen Gobernuan, eta 1981ean Industria eta Energia Garapen ministro izendatu zuten. Joan den otsailaren 5ean ZANU-PF alderditik bota egin zuten, bakarrik aurkezteko nahia agertu zuelarik.

Kolore horia hautatu du bere bakarkako bide politikoa definitzeko, «Zimbaweko aberastasuna islatzen duelako». Krisi ekonomiko larria gainditzeko helburua nabarmendu nahi izan du horrela. Finantza eta Garapen Ekonomiko ministroa izana da, eta krisiari aurre egiteko aholkuei Mugabek entzungor egin ziela salatu du.

Arthur Mutambarak gidatzen duen MDCren zatiketak babesa agertu dio hauteskundeetarako. Tentuz hartu beharrekoak diren arren, eginiko inkesta apurrek, hirugarren lekua ematen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.