Presidentea aukeratzeko bozak martxoaren 29an egin ziren arren, Zimbaweko hauteskunde batzordeak atzo plazaratu zituen emaitza ofizialak: Morgan Tsvangirai oposizioko Aldaketa Demokratirako Mugimenduko buruzagiari aitortu zion garaipena, baina botoen %47,9rekin; hots, lehen itzulian presidente hautatua izateko %50eko marra gainditu gabe. Robert Mugabe egungo presidentea kokatu da hauteskunde batzordearen arabera Tsvangirairen atzetik, botoen %43,2rekin. Horrenbestez, bigarren itzulia egin beharko da presidentea aukeratzeko.
Oposizioaren arabera, ordea, Aldaketa Demokratikorako Mugimenduak aise irabazi ditu hauteskundeak lehen itzulian, eta iruizur egiten ari da hauteskunde batzordea. Hori dela eta, bigarren itzulian parte hartu edo ez aztertzen ari dira. Baldintza bat ezarri du oposizioko hautagaiak bigarren itzulian parte hartzeko: nazioarteko begiraleek kontrolatzea zenbatzea.
Gainera, bozketa egunaren ondoren tentsio eta liskar giroa zabaldu da Zimbawen, eta bigarren itzuliak giro hori areago dezakeela uste du oposizioak. Ildo beretik, Human Right Watch giza eskubideen aldeko taldeak ohartarazi du egungo liskar giroan bigarren itzulia ez litzatekeela sinesgarria izango. "Baldin eta Zimbawek ez badu bere sistema aldatzen bozketa librea eta justua izan dadin ziurtatzeko, eta hauteskunde batzorde inpartziala jartzen ez badu jartzen, hauteskundeek ez dute inolako sinesgarritasunik izango", agertu du Georgette Gagnon HRWren Afrikarako zuzendariak.
Mundua
Zimbaweko hauteskundeetako bigarren itzulia zalantzan
Parte hartu edo ez aztertzen ari da oposizioko alderdi nagusia, bozak lehen itzulian irabazi dituela eta iruzurra gertatzen ari dela iritzita. Egungo liskar giroan bigarren itzulia ez dela sinesgarria izango agertu du Human Right Watch giza eskubideen aldeko taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu