Ekialde Hurbila

Zisjordania anexionatzeko plana bertan behera uzteko eskatu dio NBEk Israeli

Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren esanetan, «nazioarteko legediaren urratze larria» litzateke Israelek Zisjordania bereganatzea. Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariaren esanetan, «israeldarrei dagokie» subiranotasuna hedatuko duten erabakitzea.

Tomar kokagune israeldarra, Zisjordaniako Jeriko hiritik gertu. ALAA BADARNEH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 24a
16:12
Entzun

Israelek bere lurraldea handitzeko iragarri zuen plana goitik behera gaitzetsi du gaur Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Benjamin Netanyahuren gobernuak maiatzean adierazi zuen Israelen subiranotasuna ezarriko zuela Zisjordaniako hainbat eremutan: bertan eraiki dituen kokaguneetan, Jordan ibaiaren haranean eta Itsaso Hilaren iparraldean. Hala egitea «nazioarteko legediaren urratze larriena» litzatekeela ohartarazi du Guterresek, kaltetu egingo lukeela bi estatutan oinarritutako irtenbidea eta Israelen eta Palestinaren artean berriz ere elkarrizketak abiatzeko itxaropena hondatuko lukeela. «Israelgo Gobernuari eskatzen diot bertan behera utz dezala anexio plana».

Idazkari nagusiak negoziazio mahaian esertzera deitu zituen Israel eta Palestina, eta bitartekari gisa jarduteko eskatu zion Ekialde Hurbilerako Laukoteari —AEBek, Errusiak, Europako Batasunak eta NBEk berak osatzen dute—. Baldintzarik gabeko elkarrizketak hastearen alde mintzatu da. Tel-Aviven asmoa da Zisjordaniako anexio plana uztailaren 1etik aurrera ezartzea. Hori dela eta, Guterresek nabarmendu du «garai erabakigarria» dela nazioarteko komunitatearentzat.

Guterresen antzera mintzatu da Nikolay Mladenov Ekialde Hurbilerako NBEren ordezkaria. «Kezka sakona» adierazi du, Israelen «mehatxua» dela eta. «Mugimendu horrek puntu kritiko batera eraman du gatazka luze hau. Anexioak aldaketa atzeraezinak izango lituzke Israelen eta Palestinaren arteko harremanetan».

Mladenovek ziurtatu du Israelek Zisjordania bereganatuko balu ezerezean geldituko litzatekeela nazioarteak estatu palestinar «bideragarri» baten alde egin duen «mende laurdeneko ahalegina».

Horrez gain, anexioak mezu arriskutsua bidaliko lukeela ohartarazi du: «Negoziazioek ezin dutela bake justu bat lortu». Egoerak eskualdearen ezegonkortasuna areagotuko luke, eta indarkeria elikatuko, NBEko ordezkariaren esanetan.

Dena den, egoera zuzentzeko eta «kaosa saihesteko» tartea badela nabarmendu du. Horretarako lehenengo urratsa anexio plana bertan behera uztea litzateke, Mladenoven arabera. Eta, segidan, Israelen eta Palestinaren arteko elkarrizketak berriz abiatu beharko lirateke.

Irtenbide «errealista»

Israelek AEBetan duen enbaxadore Danny Danonek NBEren Segutasun Kontseiluari adierazi dionez, estatu juduak «bere subiranotasuna hedatzea erabakitzen badu, aldarrikapen zilegi, historiko eta legezkoa mantendu duen lurren gainean» egingo du. Bibliaren arabera, Jainkoak lur horiek juduei hitzeman zizkiela ziurtatu du. Palestinarrei irtenbide «errealistak» behin eta berriz baztertzea egotzi die, bestalde. Danon esanetan, PAN Palestinako Aginte Nazionalak ez du bideragarria den proposamenik nahi, eta «erredukzionismoan» gotortuta dago.

Ekialde Hurbilerako azken bake proposamena AEBek aurkeztu zuten joan den urtarrilean. Donald Trumpen gobernuak aurkeztu zituen baldintzen artean zegoen Israelek Zisjordanian legez kanpo eraiki zituen kokaguneak legezkotzat jotzea. Palestinak baztertu egin zuen proposamena. Israelen anexio planaren aurrean berriz, etentzat jo ditu estatu juduarekin aurretik sinatutako akordio oro, eta ohartarazi du Tel Avivek Zisjordania bereganatuz gero Palestinak independentzia deklaratuko duela.

Mahmud Abbas PANeko presidentea ere mintzatu da gaur gaiari buruz, Parlamentu Arabiarrean. Nabarmendu du akordioak eten izanak ez diola atea ixten elkarrizketari, eta Palestina prest dagoela nazioarteko bake konferentzia batean parte hartzeko.

AEBek, berriz,  babesa agertu diote Netanyahuri. Mike Pompeo Estatu idazkariak prentsaurreko batean adierazi duenez, «subiranotasuna beste lurralde batzuetara hedatzeko erabakia israeldarrei dagokie». Pompeoren arabera, beraz, Israelek ez luke nazioarteko legedia urratuko gisa horretako erabaki batekin. Estatu idazkariak PANen jarrera kritikatu du AEBen bake proposamenari ezezkoa emategatik.

Europako Batasunak eta estatu kide gehienek anexio plana gaitzetsi duten arren, herrialde europarrek ez dute argitu nola erantzungo duten Israelek iragarritako betetzen badu. Europako 1.000 parlamentari baino gehiagok anexio plana salatzeko idatzi bat kaleratu zuten atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.