Zisjordaniako kolonia eremu nagusiak Israelen parte bihurtu nahi ditu Barakek

Kokaleku gehienak kentzea proposatu du Israelgo Defentsa ministroak, handienei eutsita

Zisjordaniako kolonia eremu nagusiak Israelen parte bihurtu nahi ditu Barakek.
mikel rodriguez
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Zisjordaniako hiru kolonia eremu nagusiak, kolonoen %90 inguru bizi direnak, Israelen mugen barrenean bildu nahi ditu Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak. Paradoxikoki, koloniak erretiratzeko proposamen baten barruan agertu du asmo hori. Izan ere, Barakek plan bat prestatu nahi du Zisjordanian barreiatutako kokaleku gehienak desegiteko, «alde bakarreko» erabakiz; hau da, palestinarrekin akordiorik egin gabe. Horren bidez, koloniak kontzentratu, eta Zisjordaniako hiru zati Israelgo lurraldearen parte bihurtu nahi ditu.

«Garaia da Israelgo gizarteari begietara zuzenean begiratu, eta honako hau errateko: Israelgo Gobernuak sustatuta hainbat urtean [kolonietara] etorri den populazio juduaren %80-90 Israelen mantentzea lortu dugu», adierazi dio Barakek Israel Hayom egunkariari. «Lorpen izugarria litzateke lortuko bagenu haiek Israelgo behin betiko mugen barrenera ekartzea».

Defentsa ministroari egindako elkarrizketaren aurrerapena argitaratu du Israel Hayom-ek. Gaur da osorik ematekoa. Barakek azaldu duenez, proposatutako planaren barruan, Gush Etziongo koloniak —Betleemetik hurbil—, Maaleh Adumimekoak —Jerusalemen ekialdean— eta Arielgoak —iparraldean, Nablusetik hego-mendebaldera— bere horretan mantenduko lituzkete; hau da, Zisjordaniako 400.000 kolonoetatik gehienek ez lukete mugitu beharko. Horrez gain, bertze bi salbuespen ere azaldu ditu Barakek: «eremu estrategikoei» eutsiko liekete —Ben Gurion nazioarteko aireportura begira dauden Zisjordaniako mendixkak aipatu ditu Israel Hayom-ek adibidetzat—, eta Jordan haranean Israelen «presentzia militarra» bermatuko lukete. «Gainerako lurraldea» palestinarren esku utziko luketela erran du Barakek, «estatu bat ezar dezaten».

Planaren arabera, baina, Palestinako Estatua gaur egun aurreikusten dena baino eremu murritzagoarekin sortuko litzateke, eta Israelen «presentziak» erabat baldintzatuta, bertzeak bertze, Zisjordaniako baliabide naturalik aberatsenak Jordan haranean daudelako. Desegindako kolonietatik joateari uko eginen lioketenak, berriz, palestinarren agintepean geldituko liratekeela erran du Barakek, «bortz urteko epean, proba gisara».

Kolonien zabaltzea indarrean

PAE Palestina Askatzeko Erakundeak, ordea, erabat errefusatu ditu beti Zisjordanian Israelen presentzia baimentzea aurreikusi izan duten proposamen guztiak. Ekintzaile palestinarrek salatu dute, gainera, Betleemen inguruan koloniak zabaltzen ari dela Israel. Ahmad Salah kolonien eta banaketa hesiaren aurkako herri batzordeetako kideak Ma'an agentziari adierazi dio Al-Khader herrian etxeak eraikitzen hasi direla. Israelek 40 postu militar kolonoentzako bizileku bilakatu nahi dituela erran du Salahek, Efrateko eta Giloko kokaleku eremuak Gush Etzioni biltzeko, eta, azkenik, dena Israelek bereganatzeko.

Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluan ere koloniek Zisjordanian duten eragina izan dute mintzagai. Giza Eskubideetarako goi mandatariaren alboko Kyung Wha-Kangek salatu du zigorrik gabe gelditu direla kolono juduek uda honetan palestinarren aurka egin dituzten erasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.