Zisjordaniako kolono juduen kopurua %4,5 hazi da azken urtean

Herrialde arabiarren taldeak neurriak hartzeko eskatu dio Segurtasun Kontseiluari kolonizazioa gelditzeko

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Zisjordanian %4,5 igo da kolono juduen kopurua. Hau da, eremu horretan iaz baino 15.579 kolono judu gehiago daude aurten. Datuaren berri Israelgo Barne Ministerioak eman du. Ministerioko iturrien arabera, 2000. urtetik hona ia bikoiztu egin da palestinar lurralde okupatuetan dauden kolonoen kopurua, orain hamabi urte 190.000koa baitzen. Gaur egun, guztira 650.000 kolono daude palestinar lurralde okupatuetan. Horietatik erdia baino gehiago, 350.000 Zisjordanian daude, eta gainerakoak Jerusalem ekialdean, Pisgat Zeven, Gilon edo Ramat Eshkolen zehar barreiatuta daude.

Kolono juduen bi heren inguru, Israelgo kolonien bost bloke handietatik kanpo daude. Hain justu, negoziazioen ostean, Israelek palestinar herriari beste lur batzuen trukean eman beharreko eremuak lirateke bost horiek. Israel Hayom egunkariaren arabera, kolonia berrien gehiengoa bloke handietatik kanpo eraiki da.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundean dauden arabiar herrialdeen taldeak gaitzetsi egin du Israelen Zisjordaniako kolonizazioa, Ekialde Hurbileko egoeraren inguruko Segurtasun Kontseiluaren batzar baten ostean. Abdala al-Muallimi Saudi Arabiako enbaxadoreak adierazi du Zisjordanian ez duela etenik Israelen kolonizazio politikaren hedapenak. Herrialde arabiarrek adostu duten oharraren arabera, Israelek nazioarteko komunitateari «desafio» egiten dio modu horretara, eta NBEren ebazpenei ez die kasurik egiten.

Hargatik, herrialde arabiarren taldeak deitoratu egiten du Segurtasun Kontseiluaren «gaitasunik eza edo uzkurtasuna», «Israelen okupazioa» amaitzeko neurriak ezartzeko. Horrez gain, «murrizten ari diren bakerako aukerak salbatzeko» kontseiluari eskatu diote «lehenbailehen mugitzeko». Bestalde, herrialde arabiarrek adostutako idatziak, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteaz hitz egiten du. Herrialde horiek Segurtasun Kontseiluari eskatu baitiote, Abbasek palestinar lurralde okupatua bisitatzeko luzatutako gonbiteari kasu egiteko, eta eremu horretan Israel egiten ari den eraikuntza lanak ikusteko.

Auzitegi Gorenaren agindua

Herrialde Arabiarren taldeaz gain, Israelgo Auzitegi Gorenaren ebazpen batek ere egiten dukolonia batzuen aurka. Auzitegi horrek Ramallah hiriko Ulpana auzo okupatuko kolonia desegitera behartu baitu Tel Aviv. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ebazpena ez betetzen saiatu bada ere, joan den hilabetean epaiari kasu egitea erabaki zuen, eta horrek haserrea eragin zuen eskuineko zazpi alderdik osatutako koalizio gobernuan.

Hala ere, Netanyahuk izendatutako hiru legelarik egindako txosten batek Zisjordaniako koloniak legeztatzearen alde egiten du. Txostena egiteko agindua urtarrilean eman zieten legelariei, kolonia juduen estatutua ikertzeko eta gomendioak egiteko eskatuta. Dokumentuaren arabera, Zisjordaniako koloniak Israelgo Gobernuaren baimenpean eraiki zituzten eta ondorioz, kolonoek «legearen barruan» ari zirela pentsa zezaketen.

Hargatik, txostenak salatzen du kolonia horiek legez kanpokotzat dituzten herrialdeetako gobernuak «fede txarrez» ari direla. Hiru legelarien idatzian ageri denez, Zisjordaniako koloniak Israelgo Gobernuak «inolako erabaki berririk hartu gabe» legeztatu daitezke; eta Israelgo herritarrek «eskubidea dute» Zisjordanian nahi duten lekuan kokatzeko.Baina nazioarteko komunitatearen arabera, ez dio axola Israelgo Gobernuak baimena eman izanak, eta legez kanpokoa da juduak palestinar lurralde okupatuetan kokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.