Jada eraikirik dauden hesiaren 150 kilometroak luzatzea erabaki zuen atzo Ariel Sharon Israelgo lehen ministroaren gobernuak. Zisjordaniako bigarren kokagune handiena den Ariel 18.000 kolono barnean hartzeko, lurralde autonomo palestinarretan barneratuko da hesia, 11.000 inguru palestinar inguraturik eta bakartuta utzita. Izan ere, hesia eraikitzea «legez kanpoko anexio ekintza» dela esan zuen asteartean Nazio Batuen Erakundeak.
«Bistan da hesia Arielen ekialdetik igaro behar dela, baina lurraldeetako herritarrak (palestinarrak) ez haserretzeko moduan, eta Estatu Batuetako Gobernuarekin ditugun itunekin bat eginik», esan zuen Ehud Olmert lehen ministrordeak. Aliatu estatubatuarren arbuioa saihesteko asmoz, hesian tarteak utziko dituztela, eta jada egina dagoen zati nagusira ez dutela lotuko, datorren urtean, AEBekin eztabaidatu ondoren, azken erabakia hartu arte. Israelgo hainbat irratik zabaldu zutenez, antzeko hesiak egingo dituzte Belendik hegoaldera.
«Neurriok bake prozesua suntsituko dute», esan zuen atzo Ahmed Kureia Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroak.
«Lur lapurreta handia da, ezsegurtasun hesia», esan zuen atzo Saeb Erekat palestinarren negoziatzaile buruak. «Hesia eraikitzen jarraituz, Bush presidentearen bi estatuko konponbidea apropos zapuztu nahi du Israelgo Gobernuak; errepide mapa eta bake prozesuari azpia jan nahi diete», gaineratu zuen.
Hesia altxatzea 100 milioi dolar baino gehiago kostatuko zaio Israeli. Estatu Batuek diotenez, Israeli emaniko 9.000 milioi dolarreko maileguetatik hesia eraikitzeko dirua kenduko dute, Tel Aviv «zigortzeko».
Jihaden kontrako erasoak
Jihadeko buru bat atxilotu, militante bat hil eta beste bat zauritu zituen atzo Israelgo Armadak, Zisjordanian eginiko bi erasotan. Janingo errefuxiatu eremuan sartu ziren atzo goizaldean uniformerik gabeko hamarka militar, eta Sheikh Bassam SaadiJihad taldeko bertako burua eraman zuten preso.
Tulkaremen, bestalde, Jihadeko kide bat hil zuten, ordu batzuk geroago eginiko antzeko ekintzan. Beste bat zauritu zuten erasoaldi berean.
Jihadek Saadiri emaniko «jipoia» mendekatuko duela esan zuen Abdala al-Shamik, talde islamistak Gazan duen buruak. Izan ere, lekukoen arabera, 42 urteko Saadi egurtu egin zuten militar israeldarrek, atzeman ondoren. Jihadeko militante gehienak klandestinitatean dabiltzan honetan, Saadi hedabideekiko harremanak gorde dituen bakarrenetako bat da, eta Jihaden eledun gisa aritu izan da. Atxiloketak «erresistentzia sutu» egingo zuela gaineratu zuen Al-Shamik.
Israelgo zerbitzu sekretuak Mossad Hamaseko buru bat bigarrenez hiltzen saiatu direla zabaldu zuen atzo Mohammed Nazal erakundeko zuzendaritzako kideak. Duela hainbat aste, «herrialde arabiar bateko segurtasun zerbitzuek» Mossadeko talde bat atxilotu zutela esan zuen Nazalek. Khaled Meshal Hamaseko buruzagia omen da, besteak beste, Mossadeko kideek zuten helburua. Israel eta Jordaniaren arteko krisi diplomatikoa eragin zuen Mossadek 1990ean, Meshal Ammanen hiltzen saiatzeagatik.
Rafako (Gaza) errefuxiatu eremuan hiru palestinar zauritu zituzten eta 15 etxe suntsitu, «arma kontrabandoan erabilitako tunelak» bilatzeko, Israelgo Armadaren arabera.
Gaur dira aurkeztekoak PANeko ministro berriak. Palestinako Legebiltzarraren konfidantza mozioa eskatuko du Kureia lehen ministroak.
DESOBEDIENTZIA
Pilotu matxinoen alde agertu dira 200 katedradun
Palestinarren kontrako «hilketa selektiboetan» parte hartzeari uko egin dioten 27 pilotu israeldarrek, herrialde osoko unibertsitateetako 200 katedradunen sostengua jaso zuten atzo. «Estimatu eta eskertzen diegu pilotu eta soldadu ausart hauei, beren kontzientziaren ahotsa jarraitu eta beste herri baten zapalketan parte hartzeari uko egin izana», esan zuten irakasleek, agiri baten bitartez.