Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak bota du: palestinarren eta israeldarren artean bake iraunkorrik lortuko ez balute—negoziazioak etenda daude 2010etik— ,«alde bakarreko erretiratzea» aukera bat izan liteke. «Prozesu diplomatiko bat gidatzeko garaia heldu da». Elkarrizketak berriz hasteko edota beste irtenbideren bat aurkitzeko premiaz aritu da Barak; bestela, «horma baten kontra joko du Israelek, eta ondorioak ordaindu beharko ditu».
Baina atakatik ateratzeko Israelen asmoa ez da egokia, Palestinako Aginte Nazionalaren ikuspuntutik. Mahmud Abbas presidentearen aholkulari Nabil Abu Rudinehen ustez, «alde bakarreko Israelen erretiratzeak gatazka betikotuko» luke, eta ez litzateke irtenbidea izango: «Bi estaturen irtenbidea lurperatuko luke». Egun dauden mugak luze iraunaraztea esan nahi du Rudinehentzat. Are gehiago, Jerusalem galdutzat jo beharko lukete, eta palestinarren hiriburuarekin osatuko litzatekeen akordioaren zain daude: «Jerusalem aipatzen ez duen akordiorik gabe ez dago zer hitz egiteko».
91 gorpu
Israelek hil eta lurperatuta dituen palestinarretako batzuk senideen esku utziko zituela esan zuen joan den maiatzaren 14an, eta gaur da 91 palestinarren gorpuak euren senideen esku uzteko eguna, PANeko ordezkari Hussein al-Sheikhek baieztatu duenez. Preso palestinarrek gose grebari uzteko akordioaren parte da.Bigarren aldi batean beste hainbat gorpu utziko ditu palestinarren esku, baina ez dute noiz izango den esan. Ehunka palestinarrek ez dakite non dauden hobiratuta senideak.
Zisjordaniatik erretiratzeko aukeraz mintzatu da Israel
Israeldarren eta palestinarren arteko gatazka betikotu besterik ez lukeela egingo uste du PANek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu