Zorpetzearen marra gorrian

Kongresuak zorpetzeko muga handitu ezean, ohiko ordainketak egiteko dirurik gabe geldituko dira AEBak

2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Suarekin jolasean ari dira AEBak. Desadostasun politikoengatik, azken sei hilabeteotan larrialdiko aurrekontu batzuei esker finantzatu dute administrazioaren jarduna, eta tarte horretan zorpetzeko gaitasunaren muga-mugara iritsi da herrialdea. Arazo horientzat irtenbideak hitzartzea Kongresuari dagokio. Baina, azken hilabeteotan apenas egin duen ezer, ados jartzea ia utopia bihurtu baita errepublikanoak gehiengoa direnetik. Egoera, ordea, muturrera ailegatu da, ia atzera egitea ezinezko den puntura. Neurriak berehala hartu ezean, herrialdea «benetako kaosean» hondoratuko da.

Hitz horiexek erabili ditu Ben Bernanke Erreserba Federaleko presidenteak, egoeraren larritasunaz ohartarazteko. Marra gorria zeharkatzeko zorian baita herrialdea. Timothy Geithner Altxorreko idazkariaren arabera, apirilaren 15etik maiatzaren 31ra artean gaindituko dute iaz Kongresuak zorpetzeari jarri zion 14,3 bilioi dolarren muga.

Azken hamar urteotan, izugarri handitu da AEBen zorpetze maila. 2000. urtean, 5,7 bilioi dolarren zor publikoa zuen; George Bushek ia bikoiztu egin zuen—10,7 bilioi dolar—; eta gaur, herrialdeko barne produktu gordinaren parekoa da ia. Eguneroko gastuei aurre egingo badie, are gehiago zorpetzea beste erremediorik ez dute. Horretarako, ordea, zorpetzeko gaitasunari ezarritako muga kendu edo handitu beharko du lehenik Kongresuak, Altxorrak haren baimena behar baitu zorra merkatuetara ateratzeko. Baimen hori lortzen ez badu, ezingo du finantziazio bide hori baliatu; ondorioz, Administrazioak ordainketa guztiak eten beharko lituzke, eta kiebra deklaratu.

Horrela, Greziaren, Irlandaren eta Portugalen zurrunbilo berean sartuko lirateke AEBak ere. Baina, desberdintasun batekin: Europako herrialdeek, beharrezko ikusi dutenean, aukera izan dute Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza jasotzeko; AEBek hondoa jotzen badute, aldiz, ikusteke dago nor joango litzatekeen erreskatatzera.

Zorpetzeko gaitasunari jarritako muga handituta ala gabe, AEBek beren esku duten guztia egin beharko dute hartzekodunekin dituen konpromisoak betetzeko. Bestela, garesti ordainduko dute diru merkatuetara jotzen duen hurrengo aldian: inbertsiogileei errentagarritasun handiagoa agindu beharko diete, eta eguna iristean mailegua interesekin itzultzeko adina diru ez balu, berriz merkatuetara jo beharko luke, eta are gehiago zorpetu.

Gainera, zor publikoa ez ezik, herrialdearen defizita ere handituko lituzke interes tasa horien igoerak. Eta lehendik ere, nahikoa handia badu. Altxorraren kalkuluen arabera, aurki 1,6 bilioi dolarrera iritsiko da herrialdearen defizita, barne produktu gordinaren %10era, hain zuzen. Horrek esan nahi du, bere kutxetara sartzen dena baino askoz diru gehiago gastatzen duela, eta desoreka horiek arintzeko neurriak hartu beharko dituela.

Wall Street urduri

Gobernuek bi eratako neurriak hartu ohi dituzte horrelakoetan: batetik, diru sarrerak handitzea ahalbidetzen dutenak; eta bestetik, gastuak murriztea helburu dutenak. Oraingoz gastu publikoa murrizteko neurriak hartu ditu errepublikanoek hala behartuta, baina, duela hilabete batzuk Obamak aurreratu zuen zerga onurak kentzeko eta enpresei zerga berriak ezartzeko asmoa zuela. Neurri horiek noiz hartuko dituen iragartzea falta zaio orain.

Argi dago, beraz, egunotan AEBetako Kongresuak hartzen dituen erabakiek —edo hartzen ez dituenek— herrialdearen etorkizuna baldintzatuko dutela, izan onerako izan txarrerako. Baina, marra gorria inolaz ere ezin dela zeharkatu ohartarazi du badaezpada Bernankek, «ezta hogei minutuz ere», horrek, herrialdearentzat ez ezik, herritarrentzat ere ondorio kaltegarriak izango lituzkeelako.

Denbora amaitzen ari da, ordea, eta urduritzen hasiak dira zenbaitzuk. Jamie Dimon JP Morgan Chase bankuko kontseilari ordezkariak, esaterako, zorpetzeari jarritako muga handitzea ezinbestekoa dela adierazi zuen orain egun gutxi Washingtongo Merkataritza Ganberako kideen aurrean egindako agerraldi batean. «Norbaitek ez handitzearen botoia sakatzen badu, ondorioak latzak izango dira, inork imaginaditzakeenak baino okerragoak;horregatik uste dut zoratuta daudela». Hori esan zuenean, Kongresuko ordezkariez ari zen Dimon. Haren irudiko, axolagabekeriaz jokatzen ari dira, ez deritzolako normala herrialdearen etorkizuna erabakiko duten neurriez hitz egin beharrean, interes politikoengatik eztabaidatzen aritzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.