Espainiako Altxorrak aurreko enkanteetan baino askoz ere merkeago saldu zuen zorra atzo. Guztira 5.640 milioi euro ezarri zituen, espero zuen gehienezko kopurua baino gehiago (4.500 milioi euro). Eskainitako letrak halako hiru eskatu zizkioten inbertsiogileek. Prezioaren jaitsiera nabarmena izan zen: hiru hilabeterako letren truke batez beste %1,73ko interesa ordaindu beharko du, duela hilabete ordaindu zuenaren herena (%5,11); sei hilabeterako letretan, berriz, %2,435ekoa, azaroko interesaren erdia baino gutxiago (%5,220).
Mariano Raxoi efektua? Analista eta komunikabide batzuek berehala hauspotu zuten Espainiako Gobernuko presidente berriak eta haren egitasmoek konfiantza helarazi dietela merkatuei eta inbertsiogileei.
Hala ere, aintzat hartu behar dira bestelako faktore batzuk ere, Moncloatik urrunagokoak. Nagusiena, Europako Banku Zentralak gaur ezohiko diru enkantea egingo duela finantza erakundeentzat, likidezia eskaintzeko. Lehen aldiz, luzera begirako diru eskaintza egingo die, hiru urtean bueltatzeko.
Horrez gain, euroguneko herrialdeek 150.000 milioi euro utziko dizkiote Nazioarteko Diru Funtsari (NDF), hark bueltan euroguneko herrialdeei laguntzeko. Helburua NDFri 200.000 milioi euro uztea da, baina zenbait herrialdek esan dute ez dutela dirurik jarriko; Erresuma Batuak, esate baterako.
EBZk likidezia enkanteak iragarri zituenetik, abenduaren 8an, etengabe jaitsi da Espainiaren arrisku saria (Alemaniaren hamar urterako zor bonuekiko errentagarritasunaren aldea). Atzo oinarrizko 350 puntutik 315 ingurura jaitsi zen.
Mariano Raxoik jaso du jaso beharreko bedeinkapena: Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak «arrakasta biribila» opatu dio. Hori bai, defizit publikoa murrizteko neurriak «azkar eta printzipioen arabera» indarrean jartzeko eskatu dio.
Raxoik Merkelekiko mendekotasuna ukatu nahi izan zuen atzo: «Nik ez dizkiet erabakiei buruzko azalpenak ematen, ez [Angela] Merkeli, ez [Nicolas] Sarkozyri», esan zuen, harro. Bat egiten badute, kasualitatea dela iradoki nahi izan zuen: «Beste kontu bat da», zehaztu zuen Raxoik, «gauza askotan bat egitea».
Zorra askoz merkeago eta Angela Merkel txaloka
Alemaniako kantzilerrak «arrakasta biribila» opatu dio, eta neurriak azkar ezartzeko eskatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu