Beldurrak eta zalantzak garesti ordaintzen dira zor merkatuetan. Italiaren arrisku saria oinarrizko 488 puntura iritsi zen atzo zorraren bigarren mailako merkatuetan, 1995etik izandako kopururik handiena. Hau da, Italiak hamar urterako zor bonuen erosleei Alemaniak baino 4,88 puntu gehiago ordaindu behar dizkie interesetan: interesak %6,68 gainditu zuen atzo, Greziaren, Irlandaren eta Portugalen erreskateak eragin zituen kopurutik, %7tik, gero eta gertuago.
Gainera, bost urterako eta hamar urterako bonuen interesak ia parean daude. Oso seinale txarra da, zenbat eta epe laburragoa, normalean interesa merkeagoa izaten baita.
Egunaren amaieran interesa jaitsi egin zen (%6tik gora jarraitu zuen). Zergatik? Alde batetik, Silvio Berlusconi lehen ministroak dimisioa emango zuela zabaldu zelako; bestetik, Europako Banku Zentralak (EBZ) zailtasunak dituzten herrialdeen zorra erosten jarraitu duelako bigarren mailako merkatuetan. Mario Draghi presidentearen lehen astean, aurrekoan baino halako bi gehiago erosi dute, 9.500 milioi euro.
Arrisku sariaz gain, credit default swap-en (CDS) prezioa ere garestitu egin zen, 490 puntutik 520ra. CDSak aseguruak dira, zorra erosten dutenei kobratuko dutela bermatzeko. Hamar milioi euroko zorraren asegurua 520.000 eurora iritzi zen atzo.
Milango burtsa %1,5 galtzen hasi zen; dimisioaren zurrumurruek %3tik gorako irabaziak eragin zituzten; eta eguna %1,32ko irabaziekin amaitu zuen.
Zorraren interesa ia %7ra iritsi da, laguntza premiaren mugatik gertu
Italiak bere zorraren erosleei eskaini behar dien interesa eutsiezina da, erreskateak eragin zituenaren parekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu