Asia ekialdeko bi potentzia ekonomiko nagusien arteko giroa berriro gaiztotu dute uharte eta arkaitz txiki batzuek. Gatazka ez da berria, eta bi herrialdeen arteko harreman historiko tirabiratsuaren beste atal bat baizik ez dira.
1. Zer da Senkaku-Diaoyu?
Txinako Itsasoan dagoen artxipelago txiki bat da. Bost uharte txiki eta hiru arkaitz are txikiago baizik ez dira; zazpi kilometro koadroko azalera dute, Alegiak edo Garaik bezainbat. Taiwandik 120 itsas miliara daude, eta 200 milia ingurura dituzte Japoniako Okinawa uharteak eta Txina kontinentala.
2. Zein da gatazka?
Txinak eta Japoniak aldarrikatzen dute uharteak beren lurraldearen zati direla. Txinatarrek Diaoyu deitzen diete eta japoniarrek, berriz, Senkaku. Uharteak baino, han inguruko itsasoak du interesa bi potentzientzat: arrantza asko dago inguruetan eta uste dute petrolioa eta gasa ere egon daitekeela. Gainera, itsasbide garrantzitsuetatik hurbil daude.
3. Zeinen esku daude?
Japoniako Inperioak bere egin zituen 1895. urtean, gerraren bitartez Txinari Taiwan kendu zion urtean bertan. Hamar urtez uharteak zaindu zituen, eta han inor bizi ez zela egiaztatu zuenean, haren gaineko subiranotasun formala eskatu eta lortu zuen. Ryukyu uharteen barruan sartu zituen,gaur egungo Okinawa prefekturan. Ryukyu bera XIX. mendean konkistatu zuen inperioak. II Mundu Gerrako porrotaren ondoren Japoniak hainbat lurralderen gaineko subiranotasuna edo aldarrikapena utzi behar izan zuen, Taiwanena besteak beste. Ryukyu uharteak, berriz, AEBen kontrolpean geratu ziren, 1971an Japoniari itzuli zitzaizkion arte.
4. Zer dio Txinak?
Pekinek dio gutxienez XIV. menderako ezagunak zirela uharteak, eta XVI. mendeaz geroztik Txinako Ming eta Quin inperioen zati izan zirela. Japoniar batek XVIII. mendean egindako mapa batek ere irlen txinatartasuna onartzen duela esaten du. Pekinek Taiwanen subiranotasuna onartzen ez duenez—probintzia matxinatu gisa hartzen du oraindik ere—, uharteak berari dagozkiola dio. Haren arabera, II. Mundu Gerraren ondoren Taiwango gobernu nazionalistak ez zuen uharteen jabetza eskatu AEBen beharra zuelako. Japoniak, berriz, ziurtatu du Txinaren eta Taiwanen interesa berriagoa dela, eta 1970eko hamarkadan piztu zela, inguru horretan petrolioa izan zitekeela jakin zenean.
5. Zer diote AEBek?
Ofizialki ez dute ez baten ez bestearen alde egiten; zeharka, ordea, Japoniaren aldarrikapenarekin bat egin izan dute. Izan ere, Senkaku uharteak AEB-Japonia segurtasun itunaren barruan daude, eta horiek eraso militarren aurka babesteko konpromisoa du.
5. Mugimendu militarrik izan al da inguruan?
Bai, oso maila txikikoak izan badira ere. 1996an, japoniar talde batek itsasargi bat okupatu zuen. Horri erantzunez, Txinako zein Taiwango ekintzaileak behin baino gehiagotan saiatu ziren lurra hartzen. 2004an txinatar talde batek lortu egin zuen, baina Japoniako armadak bota egin zituen. 2005ean Taiwango arrantzaleak aritu ziren protestan, japoniar ontziek lan egiten ez zietela uzten salatzeko. Gertakaririk larriena, ordea, 2010ean gertatu zen: Txinako merkataritza ontzi batek Japoniako bi itsasontzi militarrekin talka egin zuen. Marinelak atxilotu zituen Japoniak, eta Txinan haien aldeko eta japoniar «okupazioaren» aurkako protesta biziak izan ziren. Wen Jiabao Txinako lehen ministroak erantzun gogor batekin mehatxu egin zion Japoniari, eta haren ondotik askatu zuen kapitaina.
5. Zerk sortu du orain protesten txinparta?
Urte hasieratik tentsio handia izan da uharteen subiranotasuna dela eta. Urtarrilean Japoniak iragarri zuen uharte txikienei izena emango ziela, eta, horri erantzunez, berdin egingo zuela jakinarazi zuen Txinak. Martxoaz geroztik, Txinak ez ezik Taiwanek ere itsasontzi militarrak bidali ditu ingurura, eta Japoniaren protestak sorrarazi dituzte. Abuztuan giroa gehiago berotu zen: 15ean, Hong Kongetik abiatutako ekintzaile txinatar batzuk lehorreratu ziren uharteetako batean, baina berehala bota zituzten handik; 18an, berriz, eskuin muturreko Ganbare Nipponeko kide batzuek Japoniako bandera jarri zuten uharte batean. Txinako Gobernuak eta hango herritar askok protesta gogorra egin zuten. Hilabetearen amaieran, Japoniako Gobernuak uharteak beren jabe pribatuei erosteko eskaintza egin zuen.
6. Beste eztabaidarik ba al dute bi herrialdeek?
Bai. Inguru horretan bertan. Txina Ekialdeko Itsasoko bi herrialdeen arteko muga non dagoen eztabaidagai handia izan da azken urteotan, eta oraindik ez dute konpondu. Kasu honetan ere, balizko petrolio eta gas hobien ustiakuntza dago Pekinen eta Tokyoren arteko talkaren atzean.
7. Zergatik hainbeste gatazka?
Funtsean, Asia ekialdeko bi inperioen arteko talka da. Japoniak bere bakartze politika utzi zuen XIX. mendean, eta aurrez aurre egin zuen ordura arteko potentzia inperialista nagusiarekin, Txinarekin. 1894-95ean Taiwan eta Korea kendu zizkion, 1931n Mantxuria eta 1937tik aurrera Txinaren zati handi bat konkistatu zuen. Bigarren Mundu Gerrarekin amaitu zuen lur horienokupazioa, baina oso bortitza izan zen —gutxienez hogei milioi txinatar hil zituzten—, eta artean sendatu ez diren zauriak utzi ditu bi herrialdeen artean.
Txina eta Japonia. Tentsioa Asia ekialdean
Zortzi harri txiki bi handien bidean
Senkaku-Diaoyuri buruzko gatazka Asia ekialdeko bi potentzien arteko borroka historikoaren zati bat da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu