"Horrelako istripu baten aurrean prestatu egin behar dugu hildako gehiago izan daitezkeela eta", jakinarazi du Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak goizean, eta halaxe izan da. Egunean zehar handituz joan da hildakoen kopurua, eta gehiago ere izan daitezke. Atzo 23:00etan gertatu zen istripua, 120 bat lagun pubean kontzertu batean zeudela. Poliziaren helikopteroaren ondorioz sabaia erori zen, eta eraikinetik ezin atera geratu ziren gehienak.
Han zeudenetatik gutxi batzuk atera ziren. Gainerakoak erreskatatzen ari dira, kostata, ordea, eraikina ez baitago egoera onenean. Suhiltzaileak zutoinez eusten ari dira eraikina, eta larrialdi zerbitzuetakoek buru belarri lanean dihardute jendea atera nahian.
Oraingoz ez dute istripuaren zergatiaren berri eman. Lekukoen arabera, helikopteroa instant batean, harri handi bat izango balitz bezala erori zen, leherketarik ez zen egon. Rose Fitzpatrick poliziaburuak azaldu du "ikerketa martxan" dela.