ekialde hurbila

Zortzi lagun hil dituzte Palestinan "Madrilgo laukotea" biltzen den egun berean

Zortzi lagun hil dituzte gaur Palestinan. Horietatik zazpi palestinarrak dira eta azkenekoa israeldar militar bat da. Hilketak Gaza eta Zisjordanian izan diren erasoetan gertatu dira. Israelgo Armadak hil dituen zazpi palestinarren artean bi adingabeko daude. Militar israeldarra Zisjordanian hil dute FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontearekin izandako tiroketa batean, beste hiru militar israeldar zauritu dituzte tiroketa horretan. Hildako horiek "Madrilgo laukotea" Jerusalemen biltzen den egun berean izan dira.

2004ko uztailaren 6a
19:25
Entzun
Guztira zortzi pertsona hil dituzte gaur Palestinako Gaza eta Zisjordanian. Hildako horietatik zazpi palestinar herritarrak izan dira, horien artean bi adingabeko. Zortzigarren hildakoa Israelgo Armadaren kapitain Naval Moran Vardi izan da. Hilketak Gaza eta Zisjordanian izan diren erasoetan suertatu dira.

Ala Shaer adingabeko palestinarra Jan Iunes hirian hil dute militar israeldarrek. Palestinar iturrien arabera, Israelgo Armadak Neve Dekalim kokaleku judutarretik Jan Iuneseko etxeak tirokatzean hil dute 12 urteko adingabe palestinarra. Beste adingabeko palestinarra, 16 urteko Mohamed Salah, eta bere aita, Haled Salah, israelgohelikopteroek misilak jaurtitzean hil dituzte. Hildako azken bi horiekestatubatuar herritartasuna zuten; Haled Salah gainera, A Najah unibertsitate islamikoan katedraduna zen.

Zisjordaniako Israeldar Indar Armatuen komandante Gadi Aizenkotek, Salah aita-semeen heriotzak deitoratu ditu. Koronelak esan du hiri zonaldeetan helikopteroak ez dituztela erabiltzen, baina, kasu honetan erabiltzeko agindua eman duela FPLPrekin mantendutako tiroketan hildako soldaduaren hilotza handik ateratzeko. Tiroketa horretan beste hiru soldadu israeldar zauritu dituzte, horietako bat larri.

FPLP Palestinarren Askapenerako Herri Frontearen partaide bi hil ditu Israelek Nabulusatik gertu dagoen errefuxiatuen gunean. Beste bi palestinar Gaza zonaldean hil dituzte soldaduek. Iturri militarrek esan dute lehenik palestinar biek eraso egin dutela.

"Madrilgo laukotea" biltzen den egun berean

Israelekin bake hitzarmena lortzeko arduradun Saeb Erekat ministro palestinarrak esan du "ekintza militarren gehitze honekin Israelek indarkeriaren kiribilarekin amaitzeko eta berau lortzeko egin diren esfortzu diplomatiko guztiak" desegin dituela. Izan ere, gaur bildu baita "Madrilgo laukotea" NBEak Jerusalemen duen koartelean. Bilera horretan Israel Gaza husteko plana eta Egiptok zonalde horretan ordena lortzeko proposatutako plana eztabaidatuko dira.

Indarkeria egun honen ostean, "Madrilgo laukotearen" arduradunek egin behar zuten prentsaurrekoa bertan behera utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.