Herenegun eta atzo bozkatu zuten Falkland uharteetako biztanleek Erresuma Batuan jarraitu edo Argentinaren parte izan nahi duten, eta aurreneko aukera nagusitu da. Boto guztiak zenbatuta, %99,8 herritarrek egin dute Erresuma Batuan jarraitzearen alde, eta %0,2k horren kontra.
Keith Padgettek, Port Stanleyko Udaleko hauteskunde mahaiaren buruak, eman zuen emaitzen berri. Irlako biztanleen %92 joan dira bozkatzera.
Argentinak irlaren gaineko subiranotasuna eskatzen duela-eta antolatu du Erresuma Batuak galdeketa. Aurreneko aldiz bozkatu dute uharteko herritarrek subiranotasunaren aferaz. Herrialde ugaritako hamar behatzaile izan dira hauteskundeei erreparatzen. Bozak "libreak eta bidezkoak" izan direla azaldu du Brad Smith AEBetako behatzaileak.
Argentinako Gobernuak jakinarazi du ez duela emaitza onartuko, eta legez kanpokotzat jo du galdeketa. Erresuma Batuko Atzerri ministro William Haguek, berriz, "herrialde guztiei" eskatu die onar ditzatela bozketaren emaitzak. Haguek nabarmendu du uharteko biztanleek "euren etorkizuna zehatu eta hartu nahi duten bidea erabakitzeko eskubidea" dutela, eta gaineratu du "zuzena" dela "XXI. mendean eskubide hori errespetatzea". David Cameron lehen ministroak ere erabakia errespetatzeko eskatu dio nazioarteari eta bereziki Argentinari.
The people of the Falkland Islands have spoken. They wish to remain British #selfdetermination
— William Hague (@WilliamJHague) March 12, 2013