Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Pako Aristi
Pako Aristi
........................................................
  Urrestilla, 1963. Kazetaritzako lizentziaduna eta idazlea.
Nobela: Kcappo, Irene, Krisalida, Urregilearen orduak...
Haur literatura: Martinello eta sei pirata, Benetako lagunen aterbea, Din, dan, don, kanpai lapurrak...
Ipuina, poesia: Iraileko ipuin eta poemak, Auto-stopeko ipuinak, Castletown, Oherako hitzak...
................................................................
 
 
 

Postaletan idatzitako ipuina
Pako Aristi
.......................................................................................................................................................................

LEHENENGO POSTALA: Hor ikusten duzun hori Raimundo Nick Valdibia deitzen da.
Kontrabaxua jotzen du, eta oso ona da. Habanako talde gehienekin jo izan du, nola esperimentalekin, hala kontsagratuekin, Karl Marx antzoki erraldoian bezala, hotelik xumeenaren kafetegian. Turismo enpresa batek eginahal berezia burutu du postalgintza berritzeko, eta azken asteotan Habanako opari-dendak Raimundo Nick Valdibiaren postalez bete dira.

BIGARRENA: Bizitzak eskaintzen dizkigun txanponak, gure patriketakoak bezala, bi aurpegiz osaturik daude. Bat-bateko zorionaren ondoren, zoritxarraren izpiak ere aurki heltzen dira. Eta alderantziz. Bizitzak jakingo balu bezala gure bihotza ez duela kolore bakar bateko eguraldiak asetzen. Filosofiko jarri naizela? Barkatu! Hor ageri da Nick Valdibia goizean etxetik ateratzen, kontrabaxua bizikletan hartuta. Bere bizitzako dirutzarik handiena irabaztera doa, baina ez doa pozik; emazteak etxetik alde egin dio goiz berean.

HIRUGARRENA: Kontrabaxua ez da eskuan zintzilik eraman daitekeen tresna apaina: handia da, baldarra, baina beroa, lagun on bat bezalaxe. Bere helburua mendizulo malkartsuan sortzen den oihartzun sakona haren zurezko armazoian gordetzea da, norbaitek soka teinkatzen duenean ahotik luze jaurtitzeko. Eta zutik jarrita, emakumearen antzik handiena duen musika tresna da; ikusi egin behar zenuke nolako leuntasunarekin eramaten duen Nick Valdibiak kontrabaxua batetik bestera, hauts bihur lezakeen trakestasunaren suaren beldurrez bezala.

LAUGARRENA: Bizikletan eramaten zuen entsegu lekura. Kuban zaila da auto bat edukitzea, eta are gaitzago auto horrek funtzionatzea edota gasolina lortzea. Azkenaldian tira, baina... Kontzertu lekuetara ere halamoduz ibiltzen zen: hor kontrabaxua auto deskapotagarrian daramala ikus dezakezu. Baina askotan eramango zuen moto kaskarren baten sidekarrean, guaguan bestela, edo boniatoz beteriko kamioiaren bolketan. Tresna estaltzeko zorrorik ere ez zeukan: horrela bidaietan ere entsea zezakeela esaten zuen. Pieza berriak autobusetan estreinatzen zituen. Horrelako estreinaldi batean ezagutu zuen Nancy.

BOSGARRENA: Kontrabaxuarekin maitemindu zuela aitortzen du Nick Valdibiak. Ezta behin ere ez omen zion begiratu. Baina bukatu zuenean, eta guaguaren ateak ireki, han omen zegoen Nancy kontrabaxua jaisten laguntzeko prest.
Nancy Camagüey probintziakoa da. Habanara etorri berria, inoiz ez zuen kontrabaxurik ikusi. Inoiz ez zuen Nick Valdibiak bezalako hatzik zituen gizonik ezagutu, hain ziren luzeak, indartsuak. Hatz haiek soken gainean dantzari ikusita, gorputz osoan kilimak sentitu zituela kontatu ohi zigun.

SEIGARRENA: Ez dakit jakingo duzun, baina Kuban jendea gorputzarekin bizi da. Gu, Europan, buruarekin bizi garen bezala. Guk gauza guztiak neurtu egiten ditugu, aztertu, baloratu, guretzat garrantzitsuena ulertzea baita. Kubatarrentzat garrantzitsuena sentitzea da, gozatzea, eta hau ez da topiko bat, haien izaeraren oinarria baizik. Gorputzarekin eta zentzumenekin hartzen diete haiek gauzei neurria, abegitasuna edo gogaikarritasuna. Gero, tarteka, burua erabiltzen dute. Guretzat, tradizio kristauean, gorputza grinaren edota gularen kabia den bezala, haientzat gorputza bizitza bere osotasunean ulertzeko egina da.

ZAZPIGARRENA: Gau hartan bertan etxera ekarri zuen neska Nick Valdibiak. Halere, aste batzuek pasa arte bere lagunek ez genuen istorioaren berri jakin. Inork ez zuen Nancy ikusi, egun batean entsegura agertu zen arte. Kontrabaxuaren barruan eraman zuela esan zuen Nick Valdibiak. Hori esaten zigun beti: Nancy kontrabaxuaren barruan eraman eta ekarri egiten zuela.

ZORTZIGARRENA: Hor emanaldi bat hasi baino lehenago ageri dira, kantu berri bat entseatzen, Nancyk etxetik alde egindako egunean. Postalak, guztiak egun horretakoak dira. Gauean Guanabacoan jo zuten. Nick Valdibia oso goibel zegoela diote bere taldekideek, baina inoiz baino indartsuagoa eta sentikorragoa izan zela haren jotzeko modua. Haren gau hartako musika dei ilun eta era berean lizun bat zela, tigre eriaren orrua, sabana handian abisua zabalduz.

BEDERATZIGARRENA: Lau orduz jo zuten gau hartan, eta taldekideak nekatuta ere, Nick Valdibiak ez zuen geratu nahi. Hordituta zegoen zera esan zuenean, Nancy kontrabaxuarekin maitemindu zuela, eta orain ihes egin zionean ere kontrabaxuarekin lortuko zuela hura harrapatzea.

Gau hartan hasi zuen Nick Valdibiak sei eguneko bilaketa eroa, apenas lorik egin gabe eman zituen egunak, eta etxeko sartu-irten bakanetan ere lokumuska arinen batetik esnatu orduko kontrabaxua jotzen hasten omen zen. Bera ez ezik, taldekoak ere erotu zituen ia. Hor ageri da goizaldera auskalo zein taberna zulotan jotzen.

HAMARGARRENA: Seigarren egunean oihal zuri bat erosi zuen Nick Valdibiak, eta jostun bati kontrabaxuarentzat zorroa egiteko eskatu zion. Bukatu ei zuen bere bilaketa; aurkitu omen zuen Nancy, edo harrapatu, edo erakarri, edo... taldekideek ez zekiten zer pentsatu. Loezak eraginda, flakiak jota, zurrutak nahastua, haren buruak ezin zuen onik egon egoera hartan. Biharamunean alde egin beharra neukan, eta bisita egin nionean nik ere erotu egin zela pentsatu nuen. Baina orain ez dakit zer esan.

HAMAIKAGARRENA: Madrilen nago. Hor doakizu Cibeleseko iturri galantaren postal bat. Ni ziur nengoen Nick Valdibia erotze bidean zegoela, Nancy nirekin egon baita bere ondotik ihes egin zuenetik. Putakume ederra, esango duzu, eta horrela begiratuta bada, agian arrazoi duzu, baina maitemindu egin nintzen, eta horrek barkatu ohi du erokeria eta gizatasunik gabeko jarduerak oro. Hala izan bedi.
Orain, zalantza dut haren erotasunaz: nik alde egin bezperan, Nancy Nick Valdibiaren etxera joan zen, postalengatik kobratu zuen dirutza lapurtzeko asmoarekin. Nancyk ere Madrilera etorri nahi zuen.

HAMABIGARRENA: Konturatuko zinen hau argazki bat dela. Harrituta ezta? Hementxe atera dut, hotelean bertan. Nancyk dena aspalditik lotua zeukala esan zidan, bisa, baimenak eta abar. Nik konpondu nion abioiko txartelarena.
Ez zen, ordea, aireportura azaldu. Bakarrik etorri naiz. Alabaina, maletak jasotzerakoan, hankak dardaraz jarri dizkidan hori ikusi dut: kontrabaxua, bere zorro zurian bilduta, maleten artean jirabiraka. Bidaiari guztiak harritu ditu, hilotz bat bezala etzanda, geldirik, erruki eske agian. Maleta guztiak jaso dituzte, baina kontrabaxua inortxok ere ez. Nirea zen. Niretzako zen. Eta jaso egin dut.

TELEGRAMA BAT: Hator zakizkit azkar, Josune, bestela erotu egingo naiz. Kontrabaxuaren barruan zerbait dagoela dirudi... edo norbait. Batzuetan oihala astintzen duen haize moduko bat da; bestetan halako zinkurin maltzur bat; eta oraintsu, kontrabaxu osoak ezker-eskuin zirkin bat egin duela iruditu zait.
Zatoz lehenbailehen. Izuak harrapatua nauka gela zikin honetan.

AZKEN HITZAK: Kontrabaxu guztiek ote daukate emakume bat euren zurezko sabelean? Ala gizonezko guztiak dira beti eta etengabe emakume baten lera daukatenak euren zurezko bihotzean, euren betiereko minean?

 
© berria.info 2003