Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Itxaro Borda
ITXARO BORDa
........................................................
  Baiona (1959). Historian lizentziaduna; postari ogibidez.
Argitalpenak: Emakumeak idazle; Bizitza nola badoan; Basilika; Krokodil bat daukat bihotzaren ordez; Udaran betaurreko beltzekin; Just love; Urtemuga lehorraren kronika; Bestaldean; Bakean ützi arte; Bizi nizano munduan; Amorezko pena baño; Orain; %100 basque; Entre les loups cruels (elebitan); Hautsak errautsak bezain (elebitan).
................................................................
 
 
 

KURLO HEGALETAN
ITXARO BORDA
.......................................................................................................................................................................

X leihotik begira zegoen bulta hartan. Haizea hegora zihoan, buha eta buha. Ekialdean metatzen ziren euriz kargatu hedoi grisak. Itsasaldea zohardi urratzen mirets zezakeen.

Hilabetea eskas zuen M-ek utzi egin zuela eta asteak negarrez urtu ondoan, oraintxe bere onera bideratzen ari zen, orduak gogoa alhan eramanez. Berriro ere abandonatua izatearen doloreak, punal baten antzera, bihotza zirikatzen zion, M aurrekoak bezalaxe agerpen sakonak saihestuz, joan zelako, atea klaska araziz. Utzikeria biderkatu eta errepikatuez, bihotza herdoila putzua eta bera burdinezkoa bilakatzen ari zirela itxuratu zuen. Ibai ertzeko zurzuri xanfarinen puntak eztiki plegatzen segitzen zituen bitartean, artozango hiroz estali alorrean kurlo edo lertsun multxo bat pausatzen ikusi zuen. Begiak hertsi zituen.

Oroitu zen haurra zela. Aspaldiko partez, oroitu zen haurra zela, maitatua izan ez zen haurra, zenbat berantesten zuen larrazkena eta kurlo saldoen etorrera. Etxe zolako pentzeraino joaten zen ttaka-ttaka, han bakarrak gelditzen baitziren gauerako, haien zai egoteko, urteak urtetegi zizelkatu eskaera buru zokoan dantzari:

—Eroan nazazue...

—Haugi etxera arren, deabru zozoa... —aditzen zuen sukaldeko atetik, orroaz. Denboraren botereaz eta kopeta ilun, bera zen deabru zozoa ezkaratzera hurbiltzen zen, debekatua zirudion amets sekretuan murgiltzen harrapatua izan balitz bezain ahalke. Ordre eta manuak baino, etxekoek ez zuten X-taz eskerrik: abila zela bazekiten, hartze onekoa eta gehiena zenaz gero, zioten ahapez, gaiztakeriarik gabe: bere bidea berak ikas beza; halaz bizitzako keinka larrietan bereberezko esperintzia motz eta murritzaz aparte, ez zuen biziari gustu humano zerbait erants lioken zehaztapenik lortzen ez gurasoengandik, ez osaba-izebengandik, ez aitonamonengandik. Haurzaro osoa, larrazkeneko hego argira behin irekitzen zen tunel ilun eta amaigabea zela zirudion.

Larrazkena igurikatzen zuen. Larrazkenaren bukera hain zuzen. Orduan zeruak laino astunez betetzen ziren eta negua zetorrela seinale, antzera basak pasatzen ziren. Bildu eta bihikatu berri ziren artadiak trebeskatuz, ur hegira lehiatzen zen, handik baitzen ikusgarria hobekien hartzen ahal. Hats hantua heltzen zen, makila eskuan, ibaiaren beso nagiraino. Lur pulo baten gainean jartzen zen, ortzeari so. Kurlo hegaldiak zenbatzen eta haien ibilerak aztertzen zituen, nola bata akitzen zenean, besteari buru-lekua uzten zion, etengabe, halako bizidunen arteko elkartasunaren ikur! Zoratzen zen ondikotz eta hondarrean, gaua jaisten zela, lepotik minez itzultzen zen etxera, biharamonean etorriko zela hitzemanez. Haize hego beltzak zuhaitzak makur arazten zituela, hodeiak mehatxuz lasterka, lur puloaren bizkarrean kukubilko orenak ematen zituen horrela. Ardien marrakak hauteman zitzakeen urrunean eta noiztenka, kurloek izutu zakur baten zaunka lotsati eta mentsak. Kurloak iragaten ziren sasoian ez zuen libururik irekitzen. Ortzea liburu paregabea zitzaion.

Urteak higamen, ez zekien egia ala ametsa zen: behin gauaren minean loak har zegoela, ganbaratik kurlo aihenak entzun zituen. Presaka beztitu zen, arinki, hotzaren ez senditzeko doia, azaroko ilunbeak ez baitziren baitezpada beroak eta etxetik atera zen. Erreka hegira iritxi zen. Ilargi betean begistaturikoa ez zuen sekula ahantziko eta gaztaro zein helduaro bakartuan aski zukeen une hartaz pentsatzen hastea, sosegatzeko. Emeki-emeki kurloak errondan plantatuak ziren gunera ondoratu zen; bihi bat ez zen higitu, beldurrez. Alderantziz, arramantza txukunaz ongi-etorria ematen zioten:

—Kuru-kuru zu gure aiduru! —xaramelatzen zuten, hegalak astinduz. Orduan, lehen aldizkoz, kurloen soa gurutzatu eta hegaztinen begien disdirak galaxia osoa argistatzen zuela sinetsi zuen.

Bere tokia hor zela zerrasan, txori migratzaile horien erdian, zinezko tokirik edukiko ez zuen X-ek. Sortu zen bizirik, bera baino lehen hil bi umekien ordezkari bezala eta soinetik begitartera, herioaren zama eta zigiluak zekarzkien. So egiten zion edonork, tribuaren historia ezagun zuela, hilik munduratuak irudikatzen zituen eta X-ek espektra haiek salbu, nortasun berezirik ez zeukan. Eguneroko zereginetan halaber beti ordezkari gisa aritzen zen, gehienetan inkonzienteki: lan berrietara erretretara joan baten ordari zetorren, elkarteetan hautagairik ez zegoela hautatua suertatzen zen norbait egoki agertzeraino, maitaleak, eta egoera argiki ahoskatzen zioten, bikotekide ederragoa harrapatu bitartean berarekin geratzen ziren, hutsak betetzen zebilen eta husten. Kurloen konpainian bere lekua harrapatu zuela behin oroitu arte, ez zuen egun bakar bat larrutu herioari pentsatu gabe: ez zen alabaina morbidoa, baina bizitza bi heriotan eta gurasoen penaren aztaparretan hertsatzen zen, besteen zerbitzuko behar zuelako bizibidea zeharo trabatuz. Anitzetan agitu zitzaion noski, irauteko kemenik aski ez edukitzea. Baina, lazakeriaz edo, ez zen berehalakoan hiltzera atrebitu.

—Kuru-kuru gure aiduru!

Oraindik ere entzuten zituen oihu luze haiek. Egiazki mintzatu zena borobilean bildu kurloekin?

—Hegalez eroan nazazue... Badira behar bada ene haurtasuna geriza dezaketen lur eta goizaldeak. Eroan nazazue ahalik urrunen.

—Kuru-kuru gure aiduru zu... Eta gu lumak mukuru, kuru-kuru... -Arrapostu kantaria erdietsi zuela uste zuen, kuru-kuru aiduru egoterako gonbita laztana. Bat-batean handitu zen eta jadanik bazterrak ez zituen berdin haztatzen. Haria luzatu zen txorien eta bere artean, itsumandoka ilunbean labirintotik ateratzeko gida moldean baliatuko zuen haria. Gauerdi irian karrasi samina aditu zen, ortzearen deia menturaz eta kurloak airatu ziren, ilargi betearen argitan.

Isiltasuna hedatu zen. Uraren murmurioa eta behialako zakur zaunka oihartzen baizik ez ziren jagoitik. Nahar artean hazitako arrosa zela irudikatu zuen, arta eta esker ezean, arrantzak eta koloreak lantzen aritzekoa zela alegia, inoren laguntzarik gabe. Gehiena izanarren, ez zen etxeko premua eta dudarik ez, partitze goiztiarra amestuz, txori migratzaileen kide sentitzen zen. Negua iragartzen zuten hegaztien ahaide. Nehoiz ez zuen ahaidetasun horren dasta galduko: bere altxorra zen eta erran genezake orain ere, bizitzea baimentzen dion altxorra dela.

Kuru-kuru zu gure aiduru.

   
© berria.info 2003