Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Harkaitz Cano
HARKAITZ CANO
........................................................
................................................................
SERGIOK ERAKUTSI ZION ABDULI TRENAK HUSTEN, ESKAPADA BAT BAINO GEHIAGO EGIN ZUTEN
................................................................
 
 
 

OGIAREN KONKISTA
HARKAITZ CANO
.......................................................................................................................................................................

Abdulek presaka segitzen zion Sergiori eta galdera behin eta berriro egiten zion, ozenki, gero eta ozenkiago. Sergiok, ordea, ez zion erantzuten. Galdera orduan, haizearen kontra zihoan ke zerrenda bat zela esan zitekeen, Luzuriaga Fundiciones tximiniatik ateratako ke zerrenda bat, haize kontra zihoana, eta ez zena Sergioren belarrietara iristen.

– Zertarako behar dugu ogia?
Sergiok oinez jarraitzen zuen, geratu gabe, ogi erosi berria besapean.

– Zaude isilik eta etorri nirekin.

Bi hilabete eman zituzten Zumarragako tren geltokian bagoiak husten. Sergiok erakutsi zion bagoi hustuketari buruz jakin behar zuen guztia. «Bagoi hustuketaren artea», esan ohi zuen berak. Abdulek, urte batzuk beranduago ere, oraindik, egunkari batean «arte» hitza irakurtzen zuen bakoitzean, argazkian ageri zen artistak pintore izan aurretik trenak hustu zituela pentsatzen jarraituko zuen. Egin ariketa hori, ederra da: Van Gogh, Matisse, Picasso, Dali bera, denak trenak husten.

– Ziur nahiko denbora geratzen dela?

– Horixe nahikoa denbora geratzen dela, ez da ba geratuko, zozoa! Ibilbide luzeko trenetan bakarrik, entzun?

– Eta nik nola dakit ibilbide luzekoa edo laburrekoa den? Niretzat tren guztiak berdinak...

Orain ez, orain Abdulek bereizten zituen. Sergiok arrazoi zuen. Ibilbide luzeko trenek hauts gehiago eta neke gehiago zuten gainean, lurralde ezberdinetan zahartu denaren azala, beste garai bateko ukitu bat, diktadoreak erortzen ziren bitartean garai berriaren etorrerak tren haiek martxan harrapatu izan balitu bezala, trenak enteratu ez bailiran erregimen aldaketaz. Eta diktadurak geratu daitezke, baina martxan datozen trenak ez. Beste garai bateko zera bat zuten ibilbide luzeko trenek.

– Zuk bagoi batera igo eta korridorearen ondoan dauden apaletatik aukeratu maletarik berriena. Txikia bada aukeratu bi. Eta gero jaitsi. Erraza da.

– Eta maletaren jabea?

– Jabea lo egongo da trenean. Errebisorearekin eta estazioko zaindariarekin ibili behar duzu kontuz!

Sergiok erakutsi zion Abduli trenak husten, eskapada bat baino gehiago egin zuten elkarrekin. Maletaren bat ere abandonatu behar izan zuten bertan behera, trenbidean erdian tripak erakutsiz, zabalik, gaixoari sabela ireki eta itxi gabe alde egiten duten zirujau koldarren moduan. «Korri Abdul! Korri, ostias! Korri, Laputa korri!». Ostias, Laputa, Sergio eta bera. Tropel oso bat sumatzen zuen halakotan bere ondoan korrika. Sergiori ez zion inoiz halakorik aipatu, hala ere.

Estazioz aldatu behar izan zuten, baina estazio hau txikiagoa zen eta han ez zen hainbeste tren geratzen. Sergiok arriskutsuegia zela erabaki zuen. Ez zuela merezi. Utzi egin zioten trenak husteari. Laga egin zuten «trenak hustearen artea», Sergiok zioen bezala.

Tren hustutzaileak. Horixe ziren haiek. Maleta hartu eta estaziotik apur bat urruntzen ziren belar luzeska apur batzuk baino ez zituen orube batera iritsi arte. Maletak bertan ireki eta erdibanatu egiten zuten maletako edukia. «Emakume arropa, berriz! Joder!». Sergio madarikatzen hasten zen emakume arropa topatzen zuten bakoitzean, baina Abdul aise konformatzen zen. Bere arrebari ondo etorriko zitzaion galtza pare hura. Dirua gutxitan aurkitzen zuten. «Jendeak berarekin eramaten du azalera atxikirik, dirua da hemen jendearen azala, Abdul», esana zion aspaldi bere buruari.

Baina orain arriskutsuegia zela erabaki zuen. Ez zutela tren gehiago hustuko. Astebete pasa zuen Sergiok belar printza urriak zituen orubean sarraila zahar batekin frogak egiten. Barregarria zen: alanbre batekin irekitzen saiatzen zen, behin eta berriro, baina saririk ez zeukan sarraila hura irekitzeak. «Ireki behar dugun atea horrelakoa duk», esaten zion Abduli, honek bere begi zuri-handiekin galdera egiten zionean. Oi, bai: begi zuri eta handiak dira orain interrogazio berriak, aspaldiko zerri gantxo itxurako haiek baztertu ditugu, orain biribilak eta zuriak dira galdera ikurrak.

– Eta nik nola dakit ibilbide luzekoa den ala ez, Sergio, nik nola dakit, zer ari zara alanbre horrekin, eta batez ere, zertarako erosi duzu ogia, nora zoaz ogi horrekin, ez al genuen gaur etxe hartako sarraila apurtu behar?

– Gustatu zitzaioan arrebari atzoko galtza parea?
Oraingoan Sergiok galdetzen zuen, gutxitan gertatzen zen hori.

– Bai.
Bai. Gauza arraroa zen Sergiok ezer galdetzea.

– Egunkarian irakurri diat paperak emango dituztela. Ez denoi, lan bat daukazuela frogatu behar omen duzue.

– ¡A, pues yo soy limpiador de trenes!

– Horrek ez du balio.
Imajinatzen zuen bai, trenak husteak ez zuela balioko.

Sergio presaka zihoan oinez. Abdul bere atzetik, lurruna ahoan, goizeko zortzi t´erdiak ziren eta lurrunak Luzuriaga Fundiciones aldera eramaten zizkion galderak Abduli.

– Zertarako daramagu ogi bat?

– Hik ez dakik presoei ogi barruan lima bat sartzen zietela, ezta?

– Ez.

– Hik ba al dakik zer den Alcatraz?

– Hegazti baten izena ematen du. Hegazti handi batena. Txori bat da?

– Hik ez duk txikitan pelikularik ikusi...!
Erruki zion hori esaten zionean, Abdulek nabaritzen zuen. Iritsi ziren atarira. Inor ez buzoien parean. Isiltasuna baino ez arkitektu baikorren batek igogailuarentzat gorde zuen eskailera-hutsune hartan ere. Edonola ere, mamuek ez dute igogailurik behar.

– Ez piztu argia.
Abdulen eskuak ulertu eta erretiradako keinua egin zuen.

Baina eskailburu honetan arazo bat: eskaileretan gora bizilagun bat topatu zuten, mesfidantzaz begiratu ziena. Sergiok irribarre egin zuen, irribarre zabal bat, «Egun on», eta ogia jarri zuen bera eta sartzen ziren lehen aldia zen portal hartako bizilagunaren artean. Ogia jarri zuen gezirik gabeko arku bat edo ezkutu bat bailitzan, eta eskaileretan gora jarraitu zuen Sergiok, eta bere atzetik Abdulek, eta bizilagunak ogiari begiratu zion eta bere begietako mesfidantza ogiak irentsi egin zuen zup, ezkutu batean gezi bat iltzatuta geratzen denean bezala, eta beherantz, bebarrurantz eta kalerantz eta mundurantz, eta, ziur aski, astean hirurogei ordu kentzen zizkion Luzuriaga Fundiciones lan desatsegin baterantz abiatu zen bizilaguna. «Agur, ikusi arte, atutalor, arribedertxi, adios bai...»

Jakina, Abdulek orduan ulertu zuen dena: ogia ezkutu bat zen zinez. Lapurrak ez dira etxeetara ogi bat besapean dutela sartzen.
Sergiok tira egin zion Abduli besotik.

–Ikusten, zozoa? Orain ulertzen duk zertarako behar nian ogia? Eutsi!
Abdulek, eskailburuan zutik, Sergiok eman zion ogiari eutsi zion esku batekin eta totem bati bezala begiratu zien bere orbain luzeei, ogia biltzen zuen paper marroi xeheari. Gero, usaindu egin zuen. Ogiak, bizilagunaren begiradatik zurrupatu ondoren bereganatu zuen mesfidantza bere usna-ildoetara egozten ziola iruditu zitzaion. Ez zuen nahi beretzat ogiak mesfidantzarik.

Abdulen aurrean makurturik, Sergiok alanbrea sartu zuen sarrailaren begitik.
Oraindik ez ziren goizeko bederatziak.

© berria.info 2003