Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Javi Cillero
JAVI CILLERO GOIRIASTUENa
........................................................
  Bilbo, 1961. Informazio Zientzietako lizentziaduna.
Argitalpenak: Eddy Merckx-en gurpila (1994), Norena de Virginia City? (1995), Baiona Blues (1996), Uztailaren laua, Renon (1999), Hollywood eta biok (1999).
Itzulpenak: Hadleyburg usteldu zuen (1993), Garai latzak (1994), Hiltzailea euritan (1995), Psikosia (1996), Babiloniara itzultzea (1996) eta beste asko.
................................................................
 
 
 

NEWSCASTLE-KO TXIMINOAK
JAVI CILLERO GOIRIASTUENA
.......................................................................................................................................................................

ESPERIMENTU BAT egin dute Newcastleko Unibertsitateko Behatokian. Erakunde horretako ikertzaileek tximino andana bat bildu eta bideomakina baten aurrean paratu dituzte.

Bideoan, ume batek eskuak erabiltzean egiten dituen mugimenduak erakutsi dizkiete. Hain zuzen ere, teklatu baten aurrean dagoen ume baten mugimenduak eta hatz jolasak.
Tximinoek laster ikasi dituzte teklatuaren hasi-masiak. Ondoren, idazmakina banaren aurrean ezarri dituzte. Handik gutxira, letrak idazten hasi dira, alfabetoko letrak. Tximinoak gustura dabiltza eginkizunean. Arrapaladan betetzen dituzte lerroak, lerroaldeak eta orrialdeak.

Ikertzaileek aspaldiko teoria posibilista hura frogatu nahi dute, hau da, tximino saldo bat hartu eta idazmakina bana emanda, konbinazioaren poderioz, egunen batean Shakespearen lan guztiak idazteko gauza izango direla.

Ikertzaileek kontuz neurtu dituzte portzentaiak eta aldakiak, epe luzeko proiektua denez. Honela, lehenengo aste eta hilabeteetan arretaz aztertu dituzte emaitzak, egungo kode zifratu eta mezu sekretuak entelegatzen dituzten ordenagailuen bidez. Egunero aztertu dituzte tximinoen idazkiak, eta egunero hartu dute etsia. Tximinoen lanak ulertezinak dira, konprenigaitzak, abasberuan egindako zirriborroen gisara.

Ikertzaileek patxadaz hartu dute kontua. Aukerako jana eta bestelako goxagarriak eman dizkiete animaliei. Ez dute zertan gogor jokatu tximinoekin, batez ere, Animaliak Babesteko Elkarteak egindako oharpenen ondoren. Laster ohitu dira denak, ikertzaileak eta tximinoak, bere eginkizunak betetzen. Jana eman, emaitzak aztertu, beste egun bat egutegitik ezabatu ikertzaileek. Jana hartu, teklatua sakatu, beste egun bat egutegian bete tximinoek.

Egun batean, ordea, ikertzaileak konturatu dira zer edo zer gertatzen ari dela tximinoen gelan. Izan ere, behin eta berriz azaltzen ari da orrietan tximinoek idatzitako pasarte luze bat.
Badirudi tximinoak kateatuta gelditu direla pasarte horretan. Behin eta berriro idazten dute gauza berbera. Areago, hasieran tximino bat edo biren makinetan azaltzen zen pasartea, baina dagoeneko tximino guztiek idazten dute batera, isilpeko kode bat bailitzan, elkarri irakatsitakoa. Orkestra baten perkusio taldeak batera joko balu bezala jotzen dituzte idazmakainaren teklak tximinoek.

Ikertzaile taldea txundituta dago. Orduan, ikertzaile batek burutazio argi bat izan du. Datuak aztertzen ibilita, ohartu da akats metodologiko bat egin dutela. Tximinoei alfabeto latinoa irakatsi zaie, Shakespeareren lan guztiak berriz sortzekotan. Hala ere, gramatika arauak eta hiztegia ingelesezko testu zaharretatik bildu dute, baita James erregearen Bibliatik ere.

--Eta tximinoek beste hizkuntza batean idatziko balute menturaz?
Beste ikertzaileek errefuxatu dute teoria xelebre hori. Hala balitz, adimen ezohikoa aitortuko litzaieke tximinoei, filologiaren sustraiak ezagutzea. Dena den, delako pasarte hori behin eta berriro agertzen da pantailan setati.
Gainera, ikertzaileek nabaritu dutenez, tximinoak aldatuxe daude. Asaldatu dabiltza, artega, berotuta edo. Eta orduan ikertzaileek kontu harrigarri bati erreparatu diote.
Izan ere, tximino batek ez du besteek idatzitako mezu berbera idazten idazmakinan.
Ikertzaileak berehala bildu dira kontuaz eztabaidatzeko. Erabaki dute, funtsean, tximino hori besteengandik bereiztu eta arretaz zaintzea.

Honenbestez, tximinoen gelara joan dira. Bat, bi, hiru, lau… dozena bat tximino dago zein bere idazmakinaren aurrean. Inoiz baino alaiago daude, ironiazko barreirudi bat begitartean.
Ikertzaile guztiek leku berbera bildu dute begirada. Bestelako mezua idazten ari zen tximinoa idazmakinaren aurrean dago, geldi-geldi. Laster egiaztatu dutenez, hilda dago, ordenagailu kable batez itota edo.

Bestalde, ez dago idatzi duen mezuaren arrastorik.
Biharamunean ikertzaileek agindu bat jaso dute Behaketako zuzendaritzatik. Esperimentua bertan behera utzi behar dela, Barne Ministeritzak erabakita.
Honenbestez, geratzen ziren tximino guztiak armadako kamioi batean atera dituzte. Gero, tximinoek idatzitako material guztia bildu eta ordenagailuak prezintatu dituzte. Biharamunean, ikerketa gela itxi eta ordubetegarrenean hustu dute. Ikertzaileak zein bere Unibertsitatera itzuli dira burumakur.

BEREHALA ZABALDU dira hipotesiak. Bazterrak nahasten dabilen inteligentzia zerbitzuko agente batzuek tximinoei eragin dietela, drogen bidez edo. Ezinezkoa, Barne Ministeritzako bozeramaileak dioenez. Beste bat, alegia, lurrez kanpoko talde bat tximinoekin harremanetan ibili dela, telepatiaren bidez edo mezu kodifikatuak helaraziz. Gizartearen hondamendia dakarkeen zerbait. Beste bat, Fatimako hirugarren mezua errepikatzen ari omen dira tximinoak.

Beste batzuek, berriz, irudikatu dituzte tximinoak hiltegira bidean. Disekzioa egingo omen diete bizirik daudela, halako txerrikeriak (barkatu hitz jokoa). Hori dela eta, Animaliak Babesteko Elkarteak ezlegezko proposamen bat aurkeztu du Parlamentuan. Gobernuaren koalikzioak ekimena zapuztu du, eta kontuz ibiltzeko esan die Elkarteko kideei.
Hona hemen bitxiena: inork ez du ikusi tximinoek idatzitako pasarte luze hura. Barne Ministeritzako soto batean gordeta egongo da, edo sotoko labean errautsita. Kontua da ikertzaile horietako bat, hain zuzen ere, tximinoek hizkuntzak ikasi zituztelako burutazio argia izan zuena, telebisio saio batera gonbidatu dutela azalpenak ematera. Egia esan, inork ez daki burutazio argia zuelako aukeratu duten edota ikertzaile taldeko emakume bakarra zelako.

Hala ere, saioaren bezperan bertan itzali da emakumea. Inteligentziako aditu batek esan digunez, Barne Ministeritzako soto batean atxikiko dute, izugarrizko txerrikeriak eginez (barkatu berriro). Beste ikertzaileak mutu daude, isilik eta kezkatuta. Gutun bana jaso dute, eta leunki adierazi zaie hobe dutela tximinoez ahaztea eta ikasleez ardura handiagoa hartzea.
Bide batez esanda, Shakespeareren lanak harrapaka saltzen hasi dira, labetik ateratako opilak bailiran. Hipotesi baten arabera, mezu sekreturen bat dago Shakesperearen lanetan, gizateria osoa arriskuan jar dezakeena. Berehala azaldu dira telebisioan adituen iritziak, traje gris adabakiez beteak eta ahots marrantatuak.

Bitartean, mezu anonimo bat heldu zaigu, desagertu den emakumearen sendiak bidalia. Ikertzailearen paperen artean aurkitu dute mezua. Dirudienez, tximinoek idatzitako pasartearen ale zimurtu bat da, labean amaitu zuten ehundaka horietatik bat.
Jakin badakigu ez dela lurrez kanpoko izakiek bidalitako mezu bat. Kontuan har dezagun tximinoei alfabeto latinoa irakatsi zietela, eta milaka hitz eman zitzaizkiela elkarren artean josteko. Orrialde berreskuratu horretan ageri denez, gogor eta latz ari ziren tximinoak beste tximino talde bat jazarri nahian. Shakespeareren hizkuntza dotorean tximinoek behin eta berriro idatzitako pasarte hori Hitlerren eskuliburu batetik dator, zalantzarik gabe.
Kezkatuta gaude.

 
© berria.info 2003