Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Juan Kruz Igerabide
JUAN KRUZ IGERABIDE
........................................................
................................................................
EZ ZUEN ADORERIK IZAN HILETARA AGERTZEKO; JOAN BAI, JOAN ZEN, KILOMETRO ASKO IGAROTA, BAINA AUTOAN SARTURIK EGON ZEN
................................................................
 
 
 

Izar ona
JUAN KRUZ IGERABIDE
.......................................................................................................................................................................

Gauzak noiz okertzen hasi zitzaizkion berak ere ez zekien ongi. Beharbada, hamabi urterekin, bizikleta eta guzti errekara amildu, harkaitza jo, eta hankatik betiko herren gelditu zen hartan; edo hamasei urte zituela, izebarekin izan zuen zera hartan (etxetik presaka atera behar izan zuen eta batean eta bestean bizi aurrerantzean, orain apopilo, hurrena pisu kaxkar alokatuan, lan txar askotan bizimodua atereaz).

Haurtzaroan, haatik, izar oneko umea izana zen: bizkorra, bizkorrik bazen, eskolan eta kirolean gutxik emango zioten hari; gurasoen, auzokoen eta irakasleen kuttuna izan zen irribarre gozoko haur begi-argi hura.

Urte gogorrak etorri zitzaizkion, baina, gaztaroan; goiz zahartu zen, eta bekokian hiru arrasto nabarmendu zitzaizkion alderik alde. Bazeukan, gainera, neskekiko halako ezintasun bat, izebarenaz geroztik; dantzalekuetan-eta saiatu arren, kosta egiten zitzaion bere adintsuko neska batekin hizketan hastea; halakoetan, edariren bat izan ohi zuen lagun, bazterren batean erdi-uzkurturik, ke eta argi koloreanitzen artean begirada galduta.

Grinaren hormonek gainezka egiten ziotenean eta bakarlanean aserik hartu ezin zuenean, emagalduetara jotzen zuen (ilunpetan aritu behar izaten zuen hartan, eta inoiz ez zien uzten aurpegia musukatzen), nahiz eta gero halako barne-hutsune batekin irten maitetxetik.

Haurtzaroko izar ona, ordea, ez zitzaion zeharo itzali, inondik ere. Adina iritsi zuenean, trailerrak gidatzeko gida-baimen berezia atera zuen, eta, nahiz eta hasieran hartan lanik aurkitu ez, halako batean, tabernari zebilela, bezero baten bidez etorri zitzaion proportzioa gaixo zegoen gidari baten ordezko gisa trailer bat Europan barrena gidatzeko.

Haurtzaroko izar onaren distira argitzen hasi zitzaion atzera, ezen laster eman zioten lanik aski garraiotzan, berak inoiz amestu ere ez zezakeen soldata eta gehigarri ederren truke. Piztualdiak haurtzaroko buru azkarra ere berpiztu zion; bidaiak aprobetxatuz, kaseteekin hizkuntzak ikasten zituen bidean, eta, Europa osoan hara-hona zebilenez, lekuan lekuko hizkuntzak praktikatzeko aukera eman zion horrek; berehala moldatzen zen edonon, eta hainbat hilabeteren buruan dozenerdi bat hizkuntza mintzatzen zituen edonorekin elkar ulertzeko moduan. Horrek, jakina, beste aukera batzuk ere zabaldu zizkion; izan ere, gidaritzaz gainera, beste hainbat lan ere ematen zizkion enpresak, beti ere gainsari ederrak eskuratuz.

Diru ugari zerabilen eskuartean, baina ez zen itsutu; emagalduetarako joera, harrigarriki, galduz joan zen. Bizimodu apala egiten jarraitu zuen, eta, denbora gutxi barru, hiri erdiko pisu eder baten jabe egin zen. Pisua zaharra zen, baina goi mailakoa. Konponketa arin batzuk egin, eta alokairuan ipini zuen, maileguari buelta emateko. Berak apopilotzan jarraitu zuen.

Jai zeukan batean, goiz-goiz ibaiertzetik zuhaizpean ibilaldi bat egin, eta gosaltzera sartu zen kafetegi batera, huraxe baitzuen plazerik handienetako bat jai zeukanean. Hasteko, zuku bat hartzen zuen; gero kafe bikoitza, azukrerik gabe, kremazko bonba pare batekin; gosaria amaiturik, txokolate zati bat ahoan zuela, egunkaria irakurtzen zuen.

Egunkaria irakurtzen ari zen, bada, atzekoz aurrera, berak gustuko zuen bezala, zine gaietan luzatuz (azkenaldian zinerako joera baitzeukan, atsegin zuen kritikak eta erreseinak irakurtzea). Istripu baten berri ere irakurri zuen; istripuen berriak goitik behera irakurtzen zituen, kamioizale izanik arreta berezia ipintzen zuen-eta kontu horietan. Albiste gogorra zen: auto batek euriagatik irrist egin, eta ibaira amildua zen. Senar-emazteak zihoazen bertan; senarra nola edo hala bizirik irtena zen. Emazteak, inondik ere, herio luze samarra jasana zuen, autoa ez baitzen segituan urperatu, ibaiak arrastaka harrien kontra joz eramanik.

Emakume zenduaren izen-abizenak zekartzan egunkariak.

Arnasa eten zitzaion; izena lauzpabost bider irakurri behar izan zuen. “Izeba!”. Aspaldian lozorroan zeuzkan irudiak arrapaladan itzuli zitzaizkion gogora: izeba ohean bakarrik, lo; bera haren alboan sartu, arropa pixkanaka kendu, bortxatzen saiatu, izeba garrasika…; etxetik joan behar, joan behar…

Ez zuen adorerik izan hiletara agertzeko; joan bai, joan zen, kilometro asko igarota, baina autoan sarturik egon zen, eliza ikusten zen bihurgune garai batetik begira.

Eta izarra itzali egin zitzaion berriro. Orduan, patarrez gozatu nahi izan zuen behazuna.

Handik egun batzuetara, kamioiarekin errepidetik atera, alkohol-kontrolean positibo eman, lanik gabe geratu…, oso denbora gutxian egin zuen behera. Hilabete latzak etorri ziren atzetik; berebiziko koska kendu zion aurreratuta zeukan diruari, eta pisua ez zuen galdu, bada, alokairuari esker, harekin berdintzen baitzuen maileguarena.

Baina, zer diren gauzak: zulorik zuloenean amildurik zebilela, lan bat bilatzeko ezgauza, parkean eserita patarraren zorabioa noiz joango zegoen batean, haur bat jarri zitzaion aurrez aurre, baloi bat eskuan zuela. Haurrak zer egingo, eta baloia bota zion. Berak, ia automatikoki, hankaz jo eta itzuli zion baloia. Haurrak irribarre egin zion, eta berriro bidali zion baloia. Hala aritu ziren biak denbora batean, baloia hara, baloia hona.

Jolasak halako poz inozo bat piztu zion barnean. Handik pixka batera, haurraren ama hurbildu zitzaien. Haurrak amari ere bota zion baloia, eta hirurak aritu ziren jolas inozo hartan. Nola jakin gabe, hizketan hasi ziren, gero elkarrekin kafe bat hartu zuten…; etxera lagundu zien.

Ustekabean harreman inozo bat sortu zen haien artean. Emakumea bereizita zegoen. Aste gutxi barru, ama-haurrekin jarri zen bizitzen. Gida-baimena berreskuratu, eta banaketa-lanetan hasi zen furgoneta batekin. Hurrena, hiri erdiko pisua zaharberritu zuen, han erosoago biziko zirela eta. Bien lanarekin erraz emango zioten buelta maileguari.
Ohean, hasieran, uzkur ibili zen. Izarra berriro distiraka zeukan, alabaina, eta bere historia guzti-guztia emakumeari aitortzeko adorea atera zuen, berak ere ez zekien nondik.

Emakumea, harrigarriki, ez zen askorik aztoratu aitormenarekin; hark ere behazun asko irentsi, nonbait, bere denboran.

Bizimodu apala egin zuten, baina duina, ordura arte inoiz ez bezainbatekoa. Denbora luze gabe, emakumea haurdun geratu zen, eta poz bat gehiago izan zuten familian. Emakumeak, zazpigarren hilabete aldera, hala bota zion bat-batean:

– Gurasoak eta osaba ikustera joan behar duzu. Denok joan behar dugu. Orban hori garbitu beharra daukazu. Familia bat osatu duzula ikusten dutenean, dena barkatuko dizute.
Izerdi hotz bat agertu zitzaion kopetan, eta gero gorputz osoan. Harresi ikaragarri bat zegoen beraren eta familiaren artean; harresiaren bestaldekoa ezerezko mundu bat zen, gero eta ezerezagoa. Harresia zulatu eta beste aldera igaro behar al zuen orain?

Eta haurtzaroko izarra keinuka hasi zitzaion berriro, itzaltzeko zorian dagoen kandela-sua bezala.

   
© berria.info 2003