Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Edorta Jimenez
EDORTA JIMENEZ
........................................................
  Mundaka (1953) Irakasle Eskolan ikasketak egin zituen eta gero hamaika lanbidetan aritu da: marinel, irakasle, gidoilari, itzultzaile eta idazle. Omar Nabarro goitizenarekin bost poesia liburu argitaratu ditu.
Argitalpenak: Itsastxorien bindikapena, Egutegi esperimentala, Gizaeuropa, Gaua zulatzen duten ahusietan, Eragiketa basatiak, Odoleko eskifaia, Atoiuntzia, Speed gauak, Azken fusila, Manhattan, Hemen datzana da, Urdaibaiko ipuin eta kondaira, Laudano eta sutautsa, Beleen berbaroa, Itzala itzuli zenekoa, Europako mugetan barrena...
................................................................
 
 

Galdara kosmikoa
EDORTA JIMENEZ
.......................................................................................................................................................................

Harritu egin nau hegaztia hain gertuan ikusteak. Hortxe-hortxe nire eskua baino metro bat harago.

Ezagutu uste izan dut; bernagorria, paduretan eta leku zingiratsuen ibiltzen dena. Baina leku hau ez da padura, ez eta zingira, olatuak hausten direneko itsas zabaleko haitza baino.
Gaixorik da, esan dut nire artean, ibiltzeari utzi barik.

Beste pauso parea nik eta hegaldi labur bat egin du berak. Ez da urrun joan. Berriro hortxe ikusi dut eta, Gaixorik, ziur, esan dut nire artean. Hunkimenez begiratu diot.

Halako hegaztiak hain hurretik ikusteko era gutxitan izaten dela eta, geldi lotu naiz, begira.
Haren berna gorriei erreparatu diet lehenik, hortxe ezagutu baitut nor den, eta lepoko lumajeari gero. Orraztu gabeko umea begitandu zait, batez ere mokoa kolpaturik bezala duela ikustean. Luzaz biziko ez dela pentsatu dut, nire bidean aurrera.

Haitz arteko halako gune batera iritsi naiz. Hantxe biluzturik, uretan sartu naiz. Denbora ez dela inguru honexetan agertu zen harrizko aizkora etorri zait gogora. Eskualdeko zaharrena, datazioa fidagarri egin badute behinik behin. Gero urpean metro erdira objektu zuri batek erakarri nau. Plastikozko zorro horietako bat, ur biren artean igerian. Harago, kanoa kolore bizietako batzuk agertu dira.

Uretatik irtenda jantzi egin naiz, lehengo bideari ekiteko prest. Haatik, jakingurak eta egunaren harrigarriak haitz batean gora egitera dei egin didate. Haitza, izatez, fosil harria da. Ostikadatxo batez haitz zati bat erauzi dut. Koral itsasoko izakiak omen dira harri bihurturik ikusten ditudanak. Ehun miloi urte zahar. Baina ez dago hori neurtuko duen erlojurik. Fosilak eurak dira erlojua. Zakutoan gordeta itzulerako bideari ekin diot.

Orduan nahastezina den mokoa ikusi dut, haitzetako sakonune baten ertzaren gainetik ikusgarri.

Kaioa, esan dut nire artean, kaio hauskaren moko horiko beheko ezpainean gorriune nahastezin hori ikustean.
Hurreratu egin naiz, berriro harriturik, kaioak hain gerturik ikustea kasik aingeruak ikustea bezain gaitz izaten da eta.
Hanka biak gorputzaren azpian atzerantz luzaturik, kaioaren jarrera heriotzaren zain dagoenarena da.
Buru-kalkulu bat egin dut, ea hegaztia harrapatzea eta beste norabait eroatea merezi duen. Ezetz erabaki dut.

Gogora, beste kaio zauritu bat etxean hartu nuenekoa etorri zait. Orduan Evarekin maitemindurik ez dakit baina grinaturik nengoen. Eta Eva esatean argi dago haren izena ez zela Eva, baina niri Eva balitz moduan gogoratzen zait. Edozein aitzakiarekin gainera.
Evak etxean ikusi zuen kaio hura neska gaztetxo batzuek topatu zuten. Etxetik gertuan, hondartzan. Iluntzez eta ezkutuan zigarrotxoak erretzen zihardutela. Eta neuri ekarri zidaten, gaixoa. Hegal bat zuen hautsita.

Onartu egin nien, eskolan irakasten zietena, animaliak zaindu behar direla eta hura dena, ipuin hutsa zela pentsa ez zezaten. Bainuontzian sartu nuen.
Evak eta biok gau hartan paradisukoa jo genuen eta goizaldean komunera altxatu ginen. Biok. Lehenik ni, eta gero bera. Kaio zaurituak bioi antzeko zirrara eragin zigun. Kaioaren neurri itzela bainerak ematen zuen. Ez zen han apenas sartzen. Eta dena kakaztua zuen. Izu laborriz.

Biharamunean etorri zen Aldundiko langile gizonezko bat kaioaren bila. Bekokian igarri nion nik neuk buruan neukana zeukala berak ere. Zertarako salbatu kaio bat, lekuetan kabitu ezinik dabiltzanean? Halako kaiola berezi batean sartuta eroan zuen. Eta gaur arte.
Ez dut beste kaio bat salbatzeko ahalegin egin izan nahi. Nahita ere, nora eroan? Gure historiaurreari buruz dakiguna aldarazi behar omen duen aizkora agertu zen haitzean gora egin dut. Kaio barik.

Berton hautsi du horrek hanka, pentsatu dut, nik neu ere berdin egiteko arriskuan nagoela ahaztu ezinik. Eta ageriko logika haririk gabe gogoa arrantzaleek kaioak etxera bizirik ekartzen zituzten denboretara joan zait. Gero jauzi horretan logika bat badela otu zait. Arrantzale basati haiek kaioak hankatik lotzen zituzten. Eta hantxe izaten zituzten. Etxe aurrean. Animalia preso ikustearen plazera hutsagatik.

Haitzaren gainean bada halako ordoki bat, belarrez estalia. Horietan zapaltzen hasi naizenean mendabeltzaren usainak zauri egin dit ariman eta, berriz, landare unbelifero izengabekoen lurrunak horditu egin nau. Halako batean trenaren txistua aditu dut, eta trenbidearen bila joan naiz.

Belarren artean joan naiz, lur piloetan zapalduz. Inurritegiak, esan dut nire artean. Baina ez dut inurririk antzeman.

Tarte batez hortxe ibili naiz, irteera lekuren bat non ote, txikitan ezagutu nuen bidetxoa landare sarriek itxita topatu dudanez gero. Eta horrela, belar zapalduak ikusi ditut, eta xendra moduko bat, eta horrexeri jarraitzea erabaki dut. Orduan mirari modukoa izan da hura han ikustean.

Antzinako bidearen ertzean, pikondoen babespean, arlotxo bat ikusi dut. Sasiei lekua kenduz aitzurtua, zerura begira jarritako aldarea begitandu zait. Lorontziarena eginez plastikozko edontziak, eta edontzi horietan, eguzkiari diosala eginez, landaretxo bana. Denetara, hamar bat landaretxo. Nahastezinak. Kalamu landareak.

Poztasunezko hierarkia baten arabera atondurik bezala, goi-ezker ertzeko landareak kimu hutsak dira; behe-eskuinekoak, ostera, hazitxoak. Haziek kimuei eguzkiaren bidea erakusteko moduan, esan dut nire artean.

Landareen inguruan hezetasunezko eraztunak dagoz, ureztatu berriak diren seinale. Begiratu eta alde egin dut, landareak hara ekarri dituzten oinek markaturiko bideari jarraituz, belartzan tentu handiz zapalduz. Aldare horretan natura gurtzen dutenak hurrengoz etortzean ikaratu ez daitezen.

Hala, aldarea eraiki dutenenganako sentimen laino baten mendean, trenbidera iritsi naiz. Eta nire artean erabaki dut bazter hori galdara kosmikoa dela.

Ordu honetarako, pentsatzen dut hau idaztean, bernagorria eta kaioa hilak dira, bihar edo etzi gazte batzuek kalamua erreko dute, eta etzidamu —nork daki ez ote den gaur gauean— neu ere hilko naiz. Fosil harriek, ostera, hortxe segituko dute. Baina ez betiko. Halako batean galdara kosmikoa lehertu egingo da, eta beste su bat hasiko da. Gu barik. Ezer barik.

 
© berria.info 2003