Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Felipe Juaristi
FELIPE JUARISTI
........................................................
  Azkoitia, 1957. Kazetaritza ikasketak egin zituen, Madrilen.
Poesia lanak: Denbora, nostalgia (1985), Hiriaren melankolia (1987), Laino artean zelatari (1997), Galderen geografia (1997).
Hitz lauzko lanak: Intzentsua lurrean bezala (1988), Arinago duk haizea, Absalon (1990), Itzarri nahi ez zuen printzesa (2002).
Haur eta gazte literatura: Tristuraren teoria (993), Ilargi-lapurra (994), Sagitario (1995), Eguzkiaren Etxea (1998), Laura eta Itxasoa (1998), Animalien inauteria (Erein), Haydn-en loroa (2003).
................................................................
 
 

AUTOBUSA
FELIPE JUARISTI
.......................................................................................................................................................................

Eguna zabaldu zuen, eguna zabaltzeko eta ixteko ahalmena duenak, eta hantxe nengoen ni, geltokian, Iruñeraino eramango ninduen autobusa noiz etorriko. Kafeak hartuak nituen, hiru ordu batean, eta zigarroak erreak, lau bi ordutan, egunkariari emana nion begi arina, bost minututako kontua, besterik ez, orrialderik ederrenen irakurketa, kirol saileko berrien dastapena, autobus barruan egiteko atzeraturik. Eserita nengoen aulki luze batean eta zigarro berria piztera nindoanean, autobusa iritsi zen. Hain nengoen bidaiatzeko gogobeterik non salto batean sartu barruraino eta atze aldeko aulki batean, leihoaren ondoan, eseri bainintzen, harriturik, alde batetik, neu beste inor ez baitzegoen barruan, eta ondorioz, pozik, oso pozik, lehen aldia baitzen autobus bat nuela nire zerbitzura.

—Aizu, Iruñera joan nahi baduzu, hau ez da hartu behar duzun autobusa.

Gidaria zen, gizon mozkote bat, harri-jasotzaile itxura zuena gehiago, gidariarena baino, eta seguru asko bere aisialdian harri jasotzen arituko zen, Nafarroako herrixka batean.

—Barkatu —erantzun nion, uste nuen…

Salto batean jaitsi nintzen eta lasterka jo nituen benetako autobuserainoko metroak, une hartan kilometroak iruditu zitzaizkidanak. Geltokiko beste aldean zegoen, ongi ezkutuan, badaezpada ere, eta nolabaiteko klandestinitate horri egotzi nion nik, neure begi on eta guzti, lehenago ikusi ez izana.

—Aizu, zure zain geunden —esan zidan gidariak, itxuraz aurreko gidariaren bizkia zirudienak, erloju handi eta biribil bat, eskumuturrean hala ere orezta adinakoa, erakusten zidala—. Bost minutu berandu gabiltza.

Txartela erakutsi nion gidariari; amorruz bezala zulatu zidan, eta abian jarri zen autobusa. Ia beteta zegoen arren, bazen aulki bat hutsik, erdi aldean, moja baten ondoan. Hara joan nintzen, nire irribarrerik gozoena eta ederrena erakutsiz. Destainaz erantzun zioten halako hortz-erakusketari, destainaz batzuek hain zuzen, eta beltzuriz zein gorrotoz beste batzuek. Eseri egin nintzen mojaren ondoan. Diosala egin nion.

—Zer, zu ere Iruñera, noski…

Ez zidan erantzun, areago, begirada gaiztoa eman zidala esango nuke, eta moja batek (MOJA BATEK) hala jokatzeari ez nion susmorik hartu, baizik eta haren barnean ongiaren eta gaizkiaren artean ematen ari zen gatazkari leporatu nion nire diosalari erantzun eza. Atsegin izan nahian, hizketan hasi nintzaion, bideko espazioa labur ez zitekeenez, bidaiaren denbora arinagotze aldera.

—Eguraldi ederra izango dugu gaur.

Ez zidan erantzun ez begiratu ere. Nire ondoan eserita zegoen arren, mojek berez duten usain mehe hori dariola, ondoan ez balego bezala zen.

—Hala ere, arratsalderako botako omen du, hala esan du Arantzazuko fraideak —esan nion, eta fraidearena aipatu banion, ea kidetasun horrek mojarengan halako zirrararen bat eragiten ote zuen ikusteko izan zen.

Leiho aldera begira jarri zen, ordea, aurpegia kristalaren aurka ia, kanpoan bere hartan zegoen paisaiari begira.

—Botako ahal du uholdea! —atera zitzaidan bat-batean, baina ateraldiak ez zuen hunkitu nire ondoko moja.

Etsirik, autobus barruan zeuden bidaiariei eman nien begia, aurre aldean jende heldua zihoan, gizon-emakume adinekoak, ongi jantzita eta hobeto apainduta, lurrin-anabasa airean. Atze aldean gazteak zihoazen, txima-luzeak, eta jantzi nabarrak soinean, zabar eserita, denak ez baina bai gehienak. Inork ez zidala begiratzen ohartutakoan, egunkaria zabaldu nuen, kirol sailean, saiatuz, hori bai, ondoko mojari bere egonkortasuna ez oztopatzen, eta irakurtzen hasi nintzen. Behin baino gehiagotan egon nintzen mojari begiratu eta galdetzeko “Atarramenturik izango al dugu aurtengo Turrean?”, baina hark beti-bat segitzen zuen, leihotik begira kanpoko paisaiari, hain gogobildurik, non esan behar izan bainion ea aingeruren bat ikusi ote zuen.

—Aingerua ikusi duzu?

Ez zen aldatu haren jarrera, nire ondoan eserita zegoela ikusi arren, sinesten hasia nintzen ez zegoela nire ondoan, ez zegoela autobus barruan, ez zegoela mundu honetan.
Orrialde guztiak begiz marruskatua nituenean, autobusa autobideko ordainlekura iritsia zela ohartu nintzen. Mojari begiratu nion.

—Laster gara Iruñean.

Baina hark leihoari itsatsita zirudien. Jainkoa toki guztietan zegoela eta erraz asko leiho alde hartara ere agerralditxoa egin zezakeela otu zitzaidan eta zerbait esatekotan egon nintzen, Jainkoari buruz, baina orduan guardia zibilak ikusi nituen kontrolean, eta auto batzuk geldituta, eta gazte batzuk autoen atze aldean, guri bizkarra emanda.

—Zerbait gertatu ote da? —galdegin nuen, neure baitarako gehiago, nire ondoko mojaren arreta pizteko baino.

Orduan zirkin egin zuen mojak eta begiratu egin zidan niri, eta une batez zoriontsu sentitu banintzen ere mojaren begiradak bete-betean jo ninduelako, berehala ohartu nintzen begirada hura gezia zela, gezi zorrotza, zaurigarria neurri batez.

Guardia zibil bat sartu zen autobusean, gaztea eta tantaia, zumea bezain mehea, betaurreko beltzak begietan. Aurretik atzeraino joan zen eta atzetik aurreraino gero, alde batera eta bestera zuzenduz bere begi beltzak. Jaitsi egin zen, eta mojaren leiho aldetik ikusi izan nuenez, beste guardia zibil batenganaino iritsi zen eta zerbait esan zion belarrira, nik entzun ez nuena, baina pentsatu nuen, ez dakit zergatik, mojak beharbada hartuko zituela hitz haiek gogoan.

—Zer esan ote dio?

Mojak une batez begiratu zidan, eta gero, esango nuke, ezabatu egin ninduela begi-joaldiaz. Liburu bat atera zuen, poltsa beltz txiki batetik eta hura irakurtzen hasi zen, ezpainak mugituz, mojek irakurtzen duten bezala.

Bi guardia zibil sartu ziren autobus barrura, lehengo mehea eta beste bat, gazteagoa, lagunaren hitzak hartzeko belarria ipini zuen bera. Gure (NIRE eta MOJAREN) aulkietaraino jo zuten zuzen. Nire ondokoak, ordea, ez zuen begirik altxa liburutik, haren ezpainak irakurritako lerroen atzetik zabiltzan dantzan, edo hori zirudien. Guardia zibil gazteak sorbaldan ukitu ninduen bere esku zaintsuaz. Guardia zibil meheak keinu bat egin zidan, haiekin joan behar nuela argi eta garbi adieraziz. Altxa egin nintzen aulkitik eta une berean lotsagorritu ere bai, autobuseko bidaiarien soak nigan sartuak sentitu bainituen. Geldituta zeuden beste gazteengandik aparte xamar eraman ninduten. Dokumentazioa eskatu zidan guardia zibil meheak, karneta, eta eman nion. Bere autoraino joan eta bertan sartu zen, ni bakarrik utzita, guardia zibilez inguratuta. Autobus aldera eman nuen begia. Moja ikusi nuen, baina hura ez zegoen niri begira. Minutu batzuk igaro ondoren, niri orduak iruditu zitzaizkidanak, guardia zibil mehea etorri zen niregana eta karneta itzuli eta esku-keinu batez autobusera igotzeko agindu zidan. Autobusean sartu eta gidariak begirada muzina eman zidan. Nire aulkira nindoala, aurre aldeko emakume bi sentitu nituen niri zeharka begira eta elkarri esaka, “nork esango guri terrorista batekin joango ginela”; eta gizonezko bi ere bai, niri zorrotz begira eta batere lotsa gabe aldarrika “fusilatu beharko lituzkete terrorista guztiak”. Aulkian eseri nintzen, deseroso dena dela, eta atze aldeko gazteak sentitu nituen ahapeka, “aldrebes horrengatik berandu atera eta berandu iritsiko gaituk, zergatik ez dute atxilotu?” Egunkaria zabaldu nuen berriro; ekonomia sailera eraman nituen begiak, baina gogoa ezin. Gogoa galduta nuen.

Iruñera iritsi ginen, beharrik, eta autobuseko bidaiariak presaka atera ziren bertatik, niri (NIRI) beren begiradarik maltzurrenak zuzendu ondoren. Moja eta biok geratu ginen autobusean azkenak. Begia eman nion eta zutik zegoela ohartu nintzen, zutik eta irtetetako prest. Ni ere altxatu egin nintzen eta korridorera jo nuen, bera atera zedin.

—Ergela ez bestea! —esan zidan agur gisa, eta han joan zen aurrera bere poltsa txikia eskuan zeramala.

   
© berria.info 2003