Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Anjel Lertxundi
ANJeL LERTXUNDI
........................................................
  Orio, 1948. Idazlea, artikulugilea eta telebistarako gidoigilea. Hainbat urtez kazetaritzan eta irakaskuntzan ere aritu zen. Bi film ere zuzendu ditu —Hamaseigarrenean, aidanez (1985) eta Kareletik (1986)—. Argitalpen hautatuak: Ipuinak: Hunik arrats artean (1970), Ajea du Urturik (1971), Aise eman zenidan eskua (1979), Piztiaren Izena (1995). Nobelak: Hamaseigarrenean, aidanez (1983), Carla (1989), Kapitain Frakasa (1991), Otto Pette (1994), Azkenaz beste (1996), Argizariaren egunak (1998). Saiakera: Gogoa zubi (1999).
................................................................
Datemi pace,
o duri miei pensieri!

PETRARCA
................................................................
 
 

Wagner
ANJeL LERTXUNDI

Datemi pace,
o duri miei pensieri!

PETRARCA

.......................................................................................................................................................................

Wagnerrek hona nindekartela jakin zuenean, era askotako trikimailuak asmatu zituen bera ere konspiratzailetzat har zezaten. Luze joko luke ahalegin guztien berri emateak.

Trikimailuek, ordea, porrot erabatekoa egiten zuten, epaileak-eta errukitu egiten baitzitzaizkion, nigandik bereizi izanari egotziz bat-bateko beroaldi sukartsu haiek guztiak. Aurreztuta zeuzkan diruak behartsuen artean banatzen hasi zenean bakarrik atxilotu zuten eta nire pabilioi berera ekarri.

Bazkal garai osoan ez genuen ahorik zabaldu. Jangelako zaindariak arrazoi ezkuturen bat ikusiko zion bion arteko isiltasunari, behin eta berriro saiatu baitzen, hasieran adeitsu eta gero irmo, gure mututasuna eteten. Sendabidean jarri nahi omen gintuen: «Zer kalte ekarriko dizue eguraldiak hotzera egin du, eta horrelakoak esateak?».

Siesta ostean, galtzak janzten ari nintzela, zerbait arraroa sumatu nuen patriketako batean. Wagnerren letra ezagutu nion paperezko eskuzapi batean idatzitako mezuari: «Eguraldiak hotzera egin duela esango balit berorrek, gu bion arteko harremanak trenpe gaixoan daudela pentsa lezakete hemengo morroi; edo berorri hona ekarri omen duen konspirazioa ez dabilela bere onenean. Kontua da gure berri jakin nahi dutelako jarri gaituztela elkarrekin. Eutsi isiltasunari, jauna, ez bedi etsaiaren lakirioan eror!». Gaua baliatu nuen nire erantzuna helarazteko. «Arrazoi duk, Wagner. Hitz hutsalenen artean ere, beti irristatzen duk gure pentsamendua salatzen duen zerbait. Kuraia!».

Ospe handiko konspiratzaile ginen Wagner eta ni erizainentzat, eta, Wagner hona ekarri zutenetik, inoiz ez bezalako kemena jarri zuten noiz Wagnerren mezuren bat aurkituko, noiz nik Wagnerri emandako aginduren bat atxikiko… Ez gintuzten, ordea, sekula harrapatzen, behar-beharrezko mezu doiak pasatzen baikenizkion elkarri: «Okel gehiegi jan du gaur, jauna». «Ez duk berriro gertatuko, Wagner». «Sei t’erdietarako ilun dago, jauna; jantzi beza artilezko jertsea». «Bai, baina zein? Beltza ala grisa?».

Aitor dut berebiziko poza ematen zidala erizainen ezinak. Wagner auskalo nora eraman dutenetik, ordea, poz hori falta zait.
Ez ditzadan, ordea, gertakizunak aurrera.

Negua gordinenean zegoen, eta baneramatzan pare bat egun eztulka eta zintz eginez pabilioiko korridore luzeetako aire-aldien kausaz. Doministiku egin nuenetako batean, Wagnerrek bere musuzapia pasatu zidan. Mukuru handi samar bat nabarmendu nuen morroiaren musuzapian bildurik. Wagnerri begiratu nion. Poztasun handi batez zeuzkan begiak, ezer berririk deskubritu duen baten maneran argi. Musuzapiaren ertzaz zintz egin, eta musuzapian bildutako paper-mutur bat gorde nuen nire esku-ahurrean. Eskerrak eman nizkion, gero, buru-mugimendu batez, eta musuzapia itzuli nion.

Komunerako baimena eskatu nion erizainari, eta obramendurako posturan eseri nintzen, gorputza guztiz konkorturik. Besteetan baino luzeagoa zen Wagnerren mezua, eta honela zioen, gutxi gora-behera:
«Demagun afaritarako dena prest daukan gizon bat. Frantsesco deituko diot, berorrek besterik iradokitzen ez didan artean. Estimutan daukan gonbidatu baten zain dago Frantsesco bere etxeko jangelan, jakiz betetako mahai eder baten aurrean. Kortxoa atera dio sotoan zeukan ardorik onduenari. Sudurra eraman du botilaren muturrera. Begiak itxi eta sudur-mintza zabaldurik, ardoa onetsi du. Gero, mahaiaren erdian utzi du botila ireki berria, ondo oxigena dadin. Antzara dauka labean, pospoloaren zain dago souflea, zilarrezko erretilu batean dauzka txokolate, bizkotxo, bonboneria eta xanpainak.
»Mahai gaineko bi kandelak biztu, eta zain egon da denbora luzez. Eskumuturreko erlojuari begiratzen dio behin eta berriro. Mahaitik jaiki, eta jangelako leihora joan da. Gortinak bildu, eta kanpora begira jarri da.
»Espero zuena, ordea, ez dator.
»Amorraturik dago, sekula ez diote-eta hain deskortesia zabarrik erakutsi.
»Kalera irten da».

Hor bukatzen zen Wagnerren mezua. Helbide berera iritsi ziren, nahiz bide desberdinetatik, Wagnerren ogi-mamia eta paper-muturra. Uraren sokari tiratu nion.

Komunetik irten, eta, birikak lehertu beharrez baneuzkan ere, parkera irten nintzen. Hotz gordina egiten zuen, baina ez dut uste ohartu ere egiten nintzenik ez hotzaz ez gordintasunaz, hainbesterainokoa nuen-eta buruko matazaren askatu ezina. Mezu hura ez zen Wagnerren estilokoa. Begi-bistakoa zen, bada, zerbait garrantzitsua adierazteko zerabilela kontakizun bitxi hura, hain zehaztapenez betea. Demagun esaka hasten ez zen ba mezua? Hipotesi bat, alegia. Edo, zuzenago esateko, arrisku baten abisua. Eta han zegoen Wagnerrek benetako izenik eman nahi ez zion Francesco hura ere. Goitizen bat, inondik ere: Francesco deituko diot, berorrek besterik idarokitzen ez didan artean… Nor zen Francesco haren atzean ezkutatzen zena? Noren zain zegoen, nork egin zion huts? Zeren abisua eman nahi zidan Wagnerrek?

Wagnerren bila saiatu nintzen, haren keinu edo begiradaren batek zerbait argituko zidalakoan, baina ez nuen aurkitu. Burua lehertzeko zorian neukan, minaren mugak gainezkatu beharrez.

Ordubete falta zen afal ordurako. Ohean sartu nintzen, erizainari keinuka ez nengoela ondo adierazi eta gero. Kizkur-kizkur jarri nintzen, hotzari eusteko. Mezuari oroitzen nizkion hitz garrantzitsuenen hausnarketari ekin nion: antzara, kortxoa, bonboneria… Eta hainbat detaile: zergatik erretilu zilarrezkoa eta ez egurrezkoa? Frantsescok zergatik begiratu behar zion eskumuturreko erlojuari, gauza jakina denean jangela guztietan egon ohi dela hormako erloju askoz ere ikusgarriago bat? Oxigenatzeko kontu hura ere… Nor jaregin nahi zuten, edo zer mezu izugarri jakinarazi nahi zitzaion munduari?
Galdera asko eta berebiziko garrantzia zutenak, hotzez hausnartzeko…

Halako batean atean jo zuten. Ez nuen deus esan, ez bainuen sekula hitzik egiten. Eztula egin nuen, bada. Wagner sartu zen hankak berotzeko adreilu refraktario batez. Maindireak jaso, eta nire oinetan jarri zuen adreilua. Ez zidan zirkinik ere egin, erizainetako bat atean baitzegoen guri begira. Buru mugimendu batez eskertu nuen morroiaren arreta. Wagnerrek atea bere gibelean itxi bezain aise, adreilua hartu nuen, eta paper-mutur erdi belztu bat atera nuen adreiluaren zirrikituetako batetik.

Pixa egitera joateko baliatzen genuen linternatxo baten argia izan nuen lagun maindire arteko irakurketan:
«Demagun Frantsescoren etxea portu handi baten inguruan dagoela. Rotterdam-ek ez du nortasunik. Ez dut Hanburgoko portua ezagutzen, ezagunegia dut Bartzelonakoa. Genovako portua hautatuko dut, bada, jauna, gaizki ez baderitzo: exotikoegia izan gabe, badu halako xarma bereizi bat. Ados egongo ahal da! Genovako portu inguruko kaleetan zehar dabil, bada, gure gizona: afaldar baten bila, jakina».

Demagun hipotetiko hura berriro! Eta Rotterdam, Bartzelona eta Genova haiek, konspirazioaren erroak nondik nora hedatzen ari ziren hain garbi adierazten zutenak! Francesco edo dena delako hura konspirazio-sareko kide galduren baten bila zebilen…
Argi zegoen, bada, Wagnerren mezua: Genovako zedulako norbait ari zen, eroetxetik gertu, nirekin harremanetan jarri nahirik. Francescok ez zeukan bakarrik afaltzeko gogorik, baina afariaren inguruko jardun etengabe hark garbi adierazten zidan zer zen Wagnerrek jakinarazi nahi zidana: afal-orduan ezagutuko nuen Francesco edo dena delakoa…

Erizainari deitu nion. Hobera egin nuela, eta afaltzera jaisteko asmoa agertu nion keinuka. Jantokian ez nuen, ordea, ezezagunik ikusi. Wagnerri begiratzen nion behin eta berriro, baina morroiak ez zidan arreta handirik eskaintzen. Hausnarketan bezala zegoen, bere munduan galduta, bere inguruko deusen ardurarik gabe…

Biharamunean Wagnerren beste mezu bat aurkitu nuen bizarra egiteko makina elektrikoaren tripetan. Goiz osoan ahalegin guztiak egin nituen arren, ez nuen mezua irakurtzerik izan. Eguerdi aldean, jantokiko gure mahaiak hanka bat kolokan zeukala eta, hura orekatzeko aitzakia jarri nuen mahai azpira sartu eta mezua irakurtzeko.
«Demagun eguraldia hotzera doala. Fransescok neska gona-arin bat ikusi du kale-kantoi batean. Frantsescok ez dio aurpegirik ikusten, neska abaniko bati eragiten ari baita. Hala ere, neskarengana hurbildu, eta afaritarako gonbitea luzatu dio.
»Neskak gonbitea onartu du, eta besotik oratu dio Frantsescori.
»Etxera heldu direnean, neskak ez du abanikoa bildu nahi. Aiztokada batek zauritutako aurpegi bat pasatu zaizkio burutik. Eta aiztokada baztangak jotako alukume batek emana balitz?
»Abanikoa bil dezala eskatu dio Francescok neskari.
»Neskak, ezetz.
»Zer gertatzen da? Zertara dator neskaren etengabeko ezetza?
»Berorren iritzia ezagutu nahi nuke, jauna. Eta, bide batez, neskari izenen bat emango balio… Izen-sorta luzea ibili dut kautan, baina ez nau bakar batek ere asetzen».

Mezua dobla-dobla egin, eta mahaiaren aldaroa zuzentzeko baliatzea pentsatu nuen, baina erizainek mezua aurki zezaketela konturaturik, patrikan gorde nuen, lehen egokieran mezuaz beste egitea deliberatuta. Lurrean aurkitutako kortxo-puska bat jarri nuen hanka herrenaren azpian.

Euria ari zuen ziri-ziri. Patiora irten nintzen, ez baitago euria bezalakorik buruko matazak hariltzeko. Gauzak garbi ikusten hasita nengoen: bat edo bat Wagner baliatzen ari zen, ni lakirioan eror nendin. Brastakoan, ordea, belar asean txipli-txapla zebilen erizain berri batek jarri ninduen egiaren aurrean: Wagner zen arriskuan zegoena, erizainaren baztangak jotako aurpegia zen froga!

Euri-jasa sekulakoa hasi zuen. Tenore nuen, bada, Wagnerrek erakutsitako leialtasun hain zirrikiturik gabea eskertzeko. Zaindari guztiak korridorean gorde zirela ziurtatu eta gero, arbola baten azpian babestu, eta ohartxo bat idatzi nion Wagnerri. «Itzul hadi, arren, heure senera: harrapatuegia hago sarean. Uztak guztia bere horretan!».
Biok ondo ezagutzen genuen arbola baten enborreko zokogune batean gorde nuen paper-muturra.

Biharamun goizean jaso nuen erantzuna, ogi-mami baten bildurik. Ezpatarik zorrotzena bihotzaren erdian, horixe sentitu nuen mezua irakurtzerakoan:
«Sentitzen dut, jauna, baina ezin diot obeditu. Orain arteko guztia ezagutzen duenez, behartuta nago azken erabakiak adieraztera: Laura deitu diot abanikodun neskari, berorri ondo iruditu ala ez, eta nik agindutako bidetik ibiliko da.
»Esku-zabala izan nahi nuen, baina berorrek itxi dizkit ateak, ez baitit ausardiarik erakutsi. Ez du, bada, Lauraren eta Frantsescoren berri gehiago izango. Estimutan zauzkat, berorrek badaki hainbeste, baina ez horretaraino. Sentitzen dut, bai, baina ez diot barkamenik eskatzen».

Lehorra neukan mingaina, lehorrak sentitzen nituen burmuinak.
Banekien begirategian aurkituko nuela, eta haraxe joan nintzen. Wagner zirriborroak egiten ari zen euriak kristaletan sorturiko ganduan. Neska baten isla iruditu zitzaidan…
—Ez! —esan nion isiltasuna lehendabiziko aldiz urratuz. Gero, kristaleko neska ezabatu nion nire bata zuriaren mahukaz.

Euri-tantak kristalean nola, hala isuri zituen Wagner ere malkoak. Lodi. Astiro.
Lehertzeko zorian neukan burua, muinak jauzika eta kirioak zoro. Ez neukan neuk ere negarrez hasi beste biderik. Musuzapia atera nuen. Wagnerren paper-muturra erori zitzaidan zorura. Atzera begiratu nuen. Zaintzaile bat bertan! Ez nuen paper-muturra oinpean ezkutatzeko betarik izan.
Ez zuen egun guztian atertu.

Harrezkero egunak eta asteak pasatu dira, eta ez ditut Laura eta Francesco konspiraziokideei edo Wagnerren eta nire arteko hausturaren arrazoiei buruzko galderak beste deus entzun.
Baina ni, mutu.

Mutu egongo ahal da Wagner ere! Beldur naiz, hala ere, ez ote den abailduko, errazagoa baita asko dakienari ezer ateratzea, ni bezalako ezjakin bati baino.

© berria.info 2003