Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Gerardo Markuleta
gerardo markuleta
........................................................
  Oñati, 1963. Poeta eta itzultzailea.
Argitalpenak: Poesia: Larrosak, noizean behin; Sagarraren hausterrea; Hauta-lanerako poemategia. Narrazioa: Ipuin euskaldunak (Iban Zalduarekin). Haur literatura: Asier eta egia gurutzatuen liburua. Itzulpenak: Oktaedroa (Julio Cortázar), Hitz ibiltariak (Eduardo Galeano), Hasta la derrota siempre (Juan Luis Zabala), Zenbait poeta katalanen antologia, Cartografía (Rikardo Arregi).
................................................................
 
 

Señorita Espe eta andereño Itxaro
gerardo markuleta
.......................................................................................................................................................................

Gutxi gorabehera nik zuen adina nuela –ekin nion mintzaldiari lizeoko gaztetxo haiek inguratuta–, Gasteizko neska bat heldu zen gure herrira, maistra-ikasketak bukatu berri, Bernardo Atxagaren ipuin batean bezala, auzo bateko eskola txikian lan egitera.

Espe zen, hiritar neska xarmanta, ilehoria, liraina, lotsagabea. Bigarren eskuko auto erosi berrian iritsi zen, ikasturte hasieran, ministerioaren bisitarik aspaldi jaso gabeko eskolatxo hartara. Arina zekarren ekipaia: eskuko poltsa bat, arropa gutxi barruan; maleta bat, liburuz mukuru; sakelan, bero-bero, unibertsitateko titulua eskuratzeko ordaindutakoaren agiria, eta, gogoan, paperaren gainean ikasitakoa benetako ikasleekin praktikan jarriz bizimodua irabazteko asmoa.

Egokitu zitzaion eskolatxoa auzo berezi samarrean zegoen: herriaren kaskotik hainbat kilometrotara, errepidearen alde banatara zegoen antolatua. Ikasturtea hasi baino lehen lekua ezagutzera etorri zen aurreneko aldian, autobusaren leihotik ikusi ahal izan zuen, lehen planoan, taberna bat, zenbait etxe, eta eskola izan zitekeen eraikin triste bat; horien atzean, fabrikak, eta lantegiak, eta fabrika gehiago; eta are atzerago, hurbileko muino eta mendietaraino hedatzen zirela, ortuak, baserriak, soro, zelai eta basoak, garai hartan pinu gutxikoak artean.

Arabar erdalduna izanik, txundituta geratu omen zen auzo hartako giza paisaiarekin. Esperanza Balboa López de Heredia diplomatu berria, ama-hizkuntza zuen gaztelania albo batera utzirik, ederki mintzo zen frantsesez eta zuzen samar ingelesez. (Euskara, orduko hartan irteera gutxi eta ikara ugari zituen hizkuntza, ez zen neskarentzat amaren aldeko aitona-amonek aspaldi hitz egin zuten zaharkin bat baino; amak jada ez zuen egiten, nahiz eta oraindik zerbait ulertzen zuen; bestalde, konnotazio politiko garbiak zituen hizkuntza arriskutsua izanik, garaian ebitatu beharrekoa zen, zuhur eta ziur jokatuko bazuen, egunen batean betiko zirudien diktadura hartako administrazio publikoan lan egiteko asmorik zuen edonorentzat).

Gaztelania izan zuen eguneroko hizkuntza, bai etxean bai ikasketetan, eta ustekabe handia hartu zuen gure herrian, inguruan zeukan ikusmira soziolinguistikoari erreparatzeko beta izan zuenean.

Batetik,»betidaniko» baserritar euskaldun petoak zeuden: gaztelaniaz nekez edo bederen xelebre mintzo ziren, eta eskolatik kanpoko eguneroko bizitzan haren beharrik batere ez zuten. Eskolako emaitzetan ezagun zen gero zein ziren ikasle horiek; jolastorduetan, futbolaren aldean, pilota nahiago zutenak; eskolara autobusean edo land-roverrean etortzen zirenak, eta jantokian bazkaltzen; beren artean herriko berbetean egiten zutenak, eta hiketan ganiera, ka eta ixa besterik entzuten ez zela, belarri erdaldun batentzat harrigarriagorik…

Bestetik, herriko fabriketan lan egitera urrutitik etorritako familiek ere auzoko eskolara bidaltzen zituzten beren umeak. Erdaldun erabatekoak ziren –eskolak euskaldun zitzan arrisku gutxi–, eta Gaztela, Andaluzia eta Extremadurako azentu gatz-ozpindu askotarikoa osatzen zuten. Familia horietako asko etxe merke egin berrietan bizi ziren (“casas baratas» esaten zitzaien hemengo erdaraz orduan, eta hainbat lekutan gaur arte gorde dira izen horiek. Herri handiagoetan, barriada osoak eraiki zituzten, eta herriak umore beltzeko izenak eman zizkien: Katanga, edo Burundi, kasurako).

Auzo-eskola hartatik herriko eskola nagusira etorri zitzaigun gero señorita Espe. Herriko mutiko guztiok ikasten genuen han (mojatatik, arriskuak aurreztuz, sei urterekin botatzen gintuzten; ikastola, guraso-talde ekin bati esker, aurrikuspen guztiez beste eta indarreko ordenamendu juridikoaren kontra, ni EGB-n hasi eta hurrengo urtean hasi zen martxan; ez dut uste, nolanahi ere, ni ikastolara bidaltzen animatuko zirenik gurasoak: ordurako galdua nuen umetxotan ikasitako euskara apurra).

Garai hartan, oinarrizko ikasketak Colegio Nacional Mixto Comarcal batean egiteko zoritxarra zuenak irakasle gehien-gehienak adinean sartuxeak eta oso urrutikoak izaten zituen. Begien bistakoa zen haien erbeste-sentipena, izan bilatua, izan inposatua. Bai eta haien formakuntza pedagogiko nabarmen hobetu beharreko, eta orobat amorru berezia indigenok ekinaldi»zibilizatzailearen» aurrean erakusten genuen erresistentzia zela eta.

Niri ez zait gogotik joan, adibidez, jubilaziotik gertu zebilen galego gupidagabe pare bat: beren ezintasunak estaltzeko, ikasleen arteko aldeak anker erabiltzen zituzten batzuk besteen kontra xaxatzeko, batez ere kaletarrei barre eraginez baserritarren kontura (baserritarrek lehendik zekarten kaletarrez trufatzeko zaletasuna; bai eta bertakoek»trenak ekarritakoez» ere; kanpotarrek ere bazekiten noski, disimuluan baina, baserritarrez barre egiten).

Ez da harritzekoa beraz guri hain ezohiko, hain deigarri egitea, karrera bukatu berria zeukan neska ilehori hura dinosauru koadrila harekin biltzera agertu izana. Ez dut ukatuko señorita Esperen itxuraren distirak eta haren eskotearen dirdirak gutxi-asko denok liluratu gintuela baina, horrez gain, bestelakoak zituen ikasleekin jokatzeko manerak, bestelakoak hezkuntza bideratzeko tresnak.

Institutura joan ginen gero (ez guztiak) eta Unibertsitatera ondoren (hain gutxi), eta maistra haren oroitzapena memoriaren txoko goxo batera ezkutatu zitzaigun, gertatu ohi denez, halabaina txingarretan iraun zuen, hausberoan.

Hasierako auzo hartan señorita Espe maistra izandako neska batek, ordea, eutsi egin zion harremanari, edo berreskuratu egin zuen gero. Ez dakit zehatz hala izan ote zen, baina atsegin zait imajinatzea ikasle ohi horrek eragin handia izan zuela gure Espe aspaldikoaren euskalduntzean; haren irakasle izan zela, adibidez, barnetegi batean.

Izen aldaketa noiz eta nola gertatu zen ez dakit, ez diot sekula halakorik galdetu. Berak ere ez dit inoiz galdegin, esaterako, noiz hasi nintzen Markuleta euskal ortografiaz idazten. Bazkari bat egin genuen, duela urte gutxi, gure herrian bertan, OHOko ez dakit zein mailatan tutore izan genuenok. Urte luzeak igarota ere, ikasle-ohi talde ederra bildu zen aspaldiko maistraren aitzakian. Bera ere gustura asko etorri zen, baina han ez zitzaigun señorita Esperik agertu, denboraren eskuek oso leun erabilitako andereño Itxaro baizik.

 
© berria.info 2003