Anjel Lertxundi
Edorta Jimenez
Itxaro Borda
Pako Aristi
Felipe Juaristi
Iban Zaldua
Gerardo Markuleta
Harkaitz Cano
Patxi Zubizarreta
Javi Cillero
Juan Kruz Igerabide
Juan Luis Zabala
Xabier Mendiguren elizegi
 
................................................................
Patxi Zubizarreta
PATXI ZUBIZARRETa
........................................................
  Ordizia, 1964. Euskal Filologiako lizentziaduna.
Argitalpenak: Ametsetako mutila; Gutun harrigarri bat; Matias Ploff-en erabakiak; Emakume sugearen misterioa; Jentzi; Ipuinkaria; Marigorringoak hegan; 1948ko uda; Eztia eta ozpina; Biolin bat Maribeltxarentzat; Enara, zer berri?; Mustloa naaaiz.. ; Ilargia ditarean; Gizon izandako mutila; Sekretuen liburua; Midasen eraztuna; Ostiraletako opila; Joanaren erregin aulkia; Atlas sentimentala; Usoa, hegan etorritako neskatoa; Elur beltza; Gasteizko Santa Maria Katedrala - Gau bat aingeru artean; Jeans-ak hozkailuan; Bakarrik eta Buztangabe; Magalik badaki; Musuka; Marraztuidazu gutun bat; Paularen zazpi gauak; Usoa - Lehen kanpamendua; Usoa - Zelatatzaile zelatatuak.
................................................................
«Gizon batzuek titiak atsegin zituzten, beste batzuek hankak,
eta beste batzuek ipurtaldea. Karl-i ilea gustatzen zitzaion.
Ileak txoratu egiten zuen, bere zentzumenak itzulipurdikatu.»
(Lisa Jewell, Ralph-en festa)
 
................................................................
 
 
 

Ileak bainuontzian
PATXI ZUBIZARRETA
.......................................................................................................................................................................

Azkenean, atzo hurbildu nintzen Sararengana. & Ilunbistan, jacuzzian bikote bat sumaturik, Bruno berehalakoan erantzi, eta sartu egin zen. & Oraingoan lor dezakedalakoan, bainuontzian naiz berriro ere.

Udaberri amaierako arratsalde askotan bezala, Sara neska batekin etorri zen plazako terraza batean esertzera. Ni alboko mahaian eseri nintzen eta, belarriak erne, begirik kendu gabe egon nintzaien bai berari bai haren ileari. & Hiru bat metro koadroko jacuzzian, bizkarrez, emakumea gizonaren gainean hankalatraba bistatu zuen Brunok. Kanpoan hozten hasia zen, baina ura epel baino epelago zegoen. & Bainuontziko urak, ohi bezala, berrogei gradutan hartu nau, abegitsu. Bat-batean erlaxaturik, besoak urazalera igotzearekin batera, eskuaren gainaldeko koskoak nabarmendu zaizkit, esku bakoitzak apo bat irudi.

Sarak, adatsa amultsuki laztandu bitartean, lagunari hunkiturik zegoela ziotson, hizkuntza eskolan oso ongi hartua sentitu zela lectrice eta pertsona gisa; baina penaturik ere bazegoela, ikasturtea amaitzean, Estrasburgora itzuli beharko zuelako. Hargatik, egitekoak ziren agur afariak poztu bezainbeste atsekabetzen zuen. & Brunoren etorrerari erreparatu izan ez baliote bezala, bikoteak astinduka jarraitu zuen, eta arnasestuka, eta txilioka. Atzeraka egin zuen batean, neskari ilea ur jauzi baten gisara erori zitzaion eta, haren aurpegia ikusterik izan ez bazuen ere, ile parrasta hark liluratu egin zuen Bruno. & Bainuontziko urak sua du erraietan, eta masailak gorriarazi dizkit; urak esku leunak ditu, eta gorputzaren zoko-moko guztiak laztandu dizkit. Baina gorputza lasa eta loka izan arren, laster, bi apoen altueran, kurios, jakinluze eta grinatsu, altxatu egin zait.

Plazan aurrez aurre nuen Sarak Josean Agirreren Elgeta nobela oroitarazi zidan, han irakurri bainuen pertsona batzuk, beren edertasuna dela eta, ikusi orduko miresten direla, baina narratzaileak nahiago zituela edertasuna tarteka agertzen zuten emakumeak, hau da, xarma normaltasunaren atzealdean ezkutatzen dutenak. Hala zioen berak eta horretan nengoen ni. Harik eta Sara ezagutu nuen arte, zeren Sara, batik bat haren adatsa zela eta, ikusi orduko miresten diren pertsona horietakoa baitzen, eta narratzaileak zioenez: «Bera bezalako emakumeak ez direla inorenak deliberatu nuen, askeak direnez guztionak direla, gizateriaren ondare izatekotan ere, artea eta edertasuna diren bezalaxe». & Neskak azkartu egin zituen mugimenduak; gizon menderatuak ozenarazi bere intziriak. Gizonak are ozenago iritsi zuen orgasmoa, baina neskak ez zion mugitzeari utzi, gora eta behera, harik eta, auhenka, azkenean bera ere gelditu egin zen arte. Elkarrengana abaildurik, besarkaturik igaro zituzten bi minuturen buruan, gizona altxatu, eta uretatik irteten ari zela, Brunok argi ikusi zuen profilaktikoa nola kentzen zuen; baina Brunok are argiago —eta harrituago— ikusi zuen emakumeak bertan jarraitzen zuela, eta gizona, joan, zihoala. & Bainuontziaren epeltasun gero eta lizunagoan, Sara hizkuntza eskolan ezagutu nuen egunaz oroitu naiz: hara neskak ikustera hurbildu ohi nintzen, baina Sarari, lehen aldiz ikusi bezain laster, miresgarri iritzi nion. Ikasturtean zehar, Sara gogoan, bainuontzia gu bion ohatze imajinarioa bihurtu zitzaidan, eta oroz gain haren adatsa zitzaidan fantasiarako ardatz; gaur arte eskua beti lagun, baina. Guztiarekin, ukimena erabili gabe, haren oroitzapen hutsarekin, nire irudimen hutsarekin plazeraren betea lortzen saiatzea erabaki nuen; baina saiakera guztietan berantetsi, gehiago itxaroteko pazientziarik ez, eta, azkenean, zabar apurtzen nuen eszena imajinatuaren lilura. Hargatixe erabaki nuen atzo azkenean beragana hurbiltzea, haren ile oparoa bertatik bertara ikusi eta eskari bat egitea, hori guztia gaurko nahikoa izango zitzaidalakoan.

Sara, gorputza sentsualitate jario, irri firfira seduzitzailea, eta batik bat ile uhintsu hordigarri hura…; «Gizateriaren ondare, artea eta edertasuna diren bezalaxe», liburuan irakurri bezalaxe. Hargatik ez nintzen sobera tristetu guregandik joatekoa zela jakin nuenean; alde askotatik, hobe nuen harengandik urrun bizi, oroitzapenean atxiki, osasun arrazoi egoista hutsengatik besterik ez bazen ere. & Uretan, hankak luzatu zituen emakumeak; ber gauza egin zuen Brunok eta, halako batean, bere iztarrean sentitu zuen emakumearen oina, baina hura erretiratzean, istant batez zakila ukitu zion. Jacuzziaren bazterra utzirik, emakumea, eskuez ile mataza atzeraka erretiratu, eta berrogeita hamartsu zentimetrora hurbildu zitzaion, baina Brunok ezin izan zion aurpegia ikusi; gaitzerdi, zeren beso batek gerria bildu baitzion, besteak sorbaldak inguratu. & Plazako hurbilketa nekeza egin zitzaidan, ez bainuen neure burua gehiegi nabarmendu nahi. Egia esatera, urrats hori emateko orduan Michel Houellebecq-en Les particules élèmentaires nobela kilikagarriak lagundu zidan: Brunorentzat jacuzzian sartzea bezalako zerbait zen niretzat Sararengana hurbiltzea, hurbiltzea eta eskari itxura batean hutsal hura egitea.

Ezustean, laguna komunera joateko altxatu zen batean, ni, azkenean, hurbildu egin nintzaion. «Barkatu», esan nion erabaki bezala, «utziko al didazu ilea ukitzen?», eta Sarak, harridura imintziorik ttikiena ere egin gabe, «Noski» erantzun zidan bere irri firfira seduzitzaileaz. & Kontrako ordena irudi bazuen ere, eskuak aurrena emakumearen sexura eraman zituen Brunok, hurrena haren gerri eta bularraldera, eta, azkena, haren adats bustira. Eta laster emakumearen ilea sentitu zuen bere bularraldean behera, eta laster ere haren mihiak glandearen punta ukitu zion. & Houellebecq-en nobelak eman zidan Brunok jacuzzi batean izandako pasadizoaren berri. Eta nik gaur eszena horixe izan dut gogoan bainuontzian sartzean; hori eta atzo Sarari atzo ilea ukitu nionekoa, nire barrena supizteko aski izango direlakoan.

Diskretuki, eskua goratu nuen haren buru aldera, diskretuki bezain intentsuki, eta basamortuko agerpen iheskorren gisara, une batetik bestera desagertuko zitzaidan beldurrez, ukitu nion, laztandu nion, ferekatu nion ile sedatsua Sarari. & Ezpainak zabaldu zituen eta, astiro, zakilaren muturrera eraman zuen ahoa, eta hura ahosabaiaren eta mihiaren artean kulunkatzean, Brunok, eskuak emakumearen ileetatik bereizi gabe, inoiz ez bezala sentitu zuen plazeraren betea. & Adatsa ukitu diot, laztandu diot, ferekatu diot Sarari, eta haren ile uhintsuaren uholdean, bi ukabilak gogor estutu eta, azkenean, gozo eta ase isuri dut, eta istant batez dardarizo bat sumatu dut nire gorputzaren zoko-moko orotan, hotzikara gisako bat, eta, nire eldarnioan, istripua izan aurretik bezala agondu eta altxatu egingo nintzela pentsatu dut.

Baina ez naiz agondu eta ez naiz altxatu. Gozoro egon naiz, hala ere, puska batean, Sararen oroitzapenari atxikia. Gero txizagura etorri zait eta, begiak zabaldurik, urre koloreko errekastoa irteten ikusi dut bainuontziko apar artean, epel, hozten hasia zen uretan. Hazia ere ikusi dut, sexuko biloen artean, gatigatua eta itsasia. Orduan, arrastoak ezabatu, eta Edurneri deitu diot, bainualdia amaitu dudala esateko eta nahi duenean ni lehortzeko eta, atzera, gurpil aulkian esertzeko.

   
© berria.info 2003