Albistea entzun

Ekaitz Samaniego atxilotu dute, haren aldeko manifestazioaren amaieran

Jendetza bildu da eskubide zibil eta politikoen alde gazte gasteiztarrari babesa emateko martxan
Ertzainek Ekaitz Samaniego gaztea atxilotu zuten unea. Gaztea manifestazioaren amaieran atxilotu zuten.
Ertzainek Ekaitz Samaniego gaztea atxilotu zuten unea. Gaztea manifestazioaren amaieran atxilotu zuten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2012ko urtarrilak 15 - Gasteiz

Ertzaintzak Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarra atxilotu zuen atzo, hari elkartasuna emateko Gasteizen antolatutako manifestazioaren amaieran. Espainiako Auzitegi Gorenak gazte mugimenduan egindako lanagatik zortzi urteko espetxe zigorra ezarri ziola salatzeko eta bere egoera ikusarazteko ezkutatuta zegoen hilaren hasieratik Samaniego. Atzo, baina, hiri erdiguneko saltoki baten kanpoko eskaileretan agertu zen, eta manifestazioan parte hartu zuten ehunka lagunen babesa jaso zuen. Kalean bildutakoen elkartasun beroa eta animoak jaso zituen gazteak txalo eta oihu artean. Laster agertu ziren ertzainak ingurura, eta gaztea atxilotu, eta kotxe batean eraman zuten.

Atxiloketa izan zenean tentsio uneak egon ziren Ertzaintzaren eta bildutako lagunen artean, baina liskarrik ez zen egon. Bilduko zenbait batzarkide eta zinegotzi eta Aralarreko legebiltzarkide Mikel Basabe ere izan ziren manifestazioan, Samaniegori elkartasuna ematen.

Izan ere, eragile askoren babesa izan zuen atzoko mobilizazioak eta jendetza bildu zen Eskubide zibil eta politikoen defentsan. Ekaitz etxean zioen pankartaren atzean. 19:00etan abiatu zen manifestazioa Iparralde gizarte etxetik, eta Foruen plazan amaitu zen. Ertzaintzak gertu-gertutik jarraitu zuen manifestazioaren ibilbidea. Gazte gasteiztarraren aldeko oihuak ez ezik, euskal gazteriaren aldeko aldarriak ere nagusi izan ziren.

Bukaerako ekitaldian, «aski da» sentimenduaren inguruan azken asteotan Gasteizen izan den auzolanaren garrantzia azpimarratu zuten antolatzaileek. Eskubideen alde lan egiteagatik gazteen aurkako epaiketak egitea eta espetxera bidaltzea «bidegabea» dela salatu zuten, eta, egoera hori amaitzeko, elkarlanerako deia egin zieten gasteiztarrei. Bidegabekeriak amaitzeko desobedientzia «tresna egokia» dela esan zuten, era berean.

Eskubide zibil eta politikoen alde lan egiteagatik auzipetutako Oarsoaldeko eta Aiaraldeko hainbat gaztek hitza hartu zuten, halaber. Gasteizen eskubideen alde martxan jarritako dinamika «eredugarritzat» jo zuten denek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

EH Bilduko Laura Aznal eta Bakartxo Ruiz, atzo, Iruñeko egoitzan. ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

EH Bilduk «eskua luzatuta» du 2023ko aurrekontuak negoziatzeko

Joxerra Senar

Nafarroako Gobernuko ordezkariak gaur bilduko dira lehen aldiz koalizio abertzaleko kideekin

Zarauzko lore eskaintza. ©G. RUBIO / FOKU
Beatriz Artolazabal, Zaballako espetxean egindako ekitaldian, atzo. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan presoen laurdenak hirugarren graduan daude

Iosu Alberdi

Eusko Jaurlaritzak graduz aldatutako 457 presoetatik 25 «ETArekin lotuta» kartzelatutakoak dira

Laura Aznal eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak. ©Jagoba Manterola / Foku

EH Bilduk «eskua luzatuta» dauka Nafarroako aurrekontuak negoziatzeko

Joxerra Senar

Laura Aznalek ohartarazi dio gobernuari «exijenteak» izango direla, eta galdegin dio egoeraren arabera ardura izatea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...