Albistea entzun

Gorputza gizakiaren haragitzea da

Lekuko baten tokitik, giza pasioei buruz mintzo da Felipe Juaristi 'Piztutako etxea' poema liburuan
Musikaz lagunduta aurkeztu zuen Felipe Juaristik liburua, atzo, Donostian.
Musikaz lagunduta aurkeztu zuen Felipe Juaristik liburua, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2014ko apirilak 4 - Donostia

Poesiak orokorrean gorputzari garrantzi handirik ez diola eman iruditzen zaio Felipe Juaristi idazleari (Azkoitia, Gipuzkoa, 1957). Pentsatzen du poesia galdu egin izan dela «arima edo espiritua deitzen zaion zelaian», eta inportantzia eman izan zaionean soineko erotikoaren lilurarekin jantzita heldu dela. Baina gorputza, ordea, gizakiaren haragitzea da, idazlearen iritziz. «Gizakia dago poesiaren muinean», eta giza pasioek elikatzen dute: «Pozak, tristurak, maitasunak, inbidiak, desesperazioak, izuak, esperantzak...». Horiei buruz mintzo da Juaristi Piztutako etxea poesia liburuan (Erein), baina lekuko baten posiziotik; uste baitu poetak inguruan ikusten duena jaso eta islatu behar duela.

Guztira, hogei poema bildu ditu 70 orrialde pasatxotan. Buruan zeukana saiakera gisa ontzea zen hasieran haren intentzioa, baina konturatu zen poesiaren molde «zatikatuak» saiakerak baino gehiago adieraz zezakeela. «Hogei margolan dira, eta horietako bakoitzari hainbat ikuspegitatik begiratu zaio», jakinarazi zuen egileak liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian.

Ahalegindu da, haren esanetan, gorputzaren mugak zehazten, horren ahalmena zedarritzen eta izaera argiztatzen. Gorputzari heldu dio, beraz. «Askotan, poeta galdu egin da errealitatetik kanpo dagoen lurraldean, eta ahantzi egin du poetak errealitate bat sortzen duela beste errealitate baten gainetik». Uste baitu Juaristik gizakia eta gizatasuna gisako kontzeptuak abandonatu izan direla poesian beste kontzeptu itxuraz handiago eta erakargarriago batzuen aldean: «Dela jainkoa, dela aberria, dela merkatua...». Izan ere, poetak ez du bizi behar soilik bere tripari begira, Juaristiren hitzetan.

Madrilen idatzia

Liburua, ia osorik, Madrilgo La Casa Encendida kuturgunean idatzi du, haren kafetegi «txiki eta beroan». Hala jokatu du, distantzia behar zuelako. «Behar nuen distantzia hori, bai ideiak antolatzeko, bai hitzak aukeratzeko ere». Handik gauzak beste era batera ikusi dituela iruditzen zaio, gauza onak eta txarrak dituela etxetik urrun egoteak. «Ahalegintzen zara oroimena ez desitxuratzen, eta gertatu zaizuna garbiago agertzen da».

Horrek berak hizkuntzarekin beste harreman bat ahalbidetzen duela pentsatzen du. «Kalean ez duzu aditzen... Beraz, ahalegintzen zara hizkuntzari leiala izaten, traizio handirik ez egiten, garbiago azaltzen esan nahi duzuna...». Askeago ere sentitu da han, anonimotasunean. «Hemen geratu izan banintz, bestelakoa litzateke liburua».

Behin bukatuta eta irakurrita, konturatu da orrialdeetan dagoena dela azaldu nahi zuena, eta «esperantza» sentsazio bat transmititzen duela. «Harritzekoa da, sekula ez naizelako izan pertsona oso itxaropentsua... Oso abstraktua da kontzeptua...». Badaki mundua gaizki, «krisian» dagoela, berriro hastea dela irtenbidea eta ez dela itxaropena galdu behar. Horregatik beragatik egin du «pozaren eta alaitasunaren» aldeko apustua. «Beti dago zerbait gogoangarria bizitza justifikatzeko, eta hobe pozik bizitzea triste bizi beharrean. Gizakiak gorputza garelako. Sentimenduak oso lotuta daude gorputzarekin, eta triste edo pozik zauden nabarituko da zure gorputzean». Haren harridurarako, jarrera positiboa dauka liburuak.

Liburua aurkezteko, Aldeta bere musika taldeko kideak gonbidatu zituen Juaristik —Juanra Unamuno gitarra eta harmonika jotzailea, Monika Refojos abeslaria eta Txitxo Lopez gitarrista—, eta liburuko hiru poema interpretatu zituzten. Zazpigarren poema liburua du Juaristik, 1984an Denbora, nostalgia kaleratu zuenetik —Aingeruaren angelua (Luces de Galibo, 2011) zen azkena—. Gainera, bi narrazio liburu eta bost nobela ere kaleratu ditu 30 urteko ibilbidean, prentsan, euskaraz zein gazteleraz, kolaborazioak egiteaz gain.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Hiri osoak etorri behar du, erakusketak balio dezan»

Andoni Imaz

Tabakalera zinemaz betetzear da: 'Imajinatu Zinemaldia' eta 'Vive le cinéma!' erakusketak irekiko dituzte datorren astean. Eragileen arteko elkarlanarekin pozik daude Rebordinos eta Ormazabal.
1972an Iruñean egindako Artisten Topaketak, artxiboko irudi batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

1972ko Artisten Topaketen oihartzuna, mende erdi geroago

Yasmine Khris

Aurten 50 urte dira Iruñeko Arte Topaketak egin zirela, eta jardunaldi batzuen bidez oroituko dituzte urrian. Aurrerapen gisa, bideo lan bat jarri dute ikusgai Ziudadelan
Aintzane Usandizaga, Kirmen Uribe eta Arantxa Iturbe idazleak izango dira aurten BERRIAko udako narrazioetan ariko diren euskal idazleak. ©BERRIA

Beste uda batez Galeuscan

Itziar Ugarte Irizar

Bederatzi idazleri narrazio bana kaleratuko die BERRIAk igandetik aurrera; Arantxa Iturberi lehenik
Ignacio Zuloaga pintorearen 'Arrateko itsua' lana ©Juan Herrero / EFE

Zuloagaren lehen lantzat jotakoa faltsua dela salatu dute

Iñigo Astiz

Zumaiako artistaren museoa kudeatzen duen Z Espacio Cultural elkarteak egin du salaketa, haien hitzetan ezin baita ziurtatu 2020an aurkeztutako 'Arrateko itsua' lana Zuloagarena denik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...