Hirudia

Literatura guztia da politikoa

Iban Zaldua.
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Literatura guztia da politikoa, baita politikotik ezer ez duena ematen duen hura ere, edo are gehiago, agian. Hirurogeiko hamarraldiko feminismoak erakutsi zigun bezala, «the personal is political», eta nik ez dut ezagutzen ezer pertsonalagoa literatura baino.

Baina, hori esanda ere, zutik dirau zehazki politikotzat hartzen diren literatur lanen arazoak, Lander Garrok berriro ere hizpidera ekarri zuena lehengo igandean —barkamena eskatzen diot irakurleari honek guztiak déjà vu sentsazioa ematen badio: niri ere bai—. Oraingoan, Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak nobela (Susa, 2004) erabili du jomugatzat, eta, adiskide baten liburua defendatzea itsusia izan daitekeela jakinda ere, uste dut argudio nahikorik badaukadala, horri buruz behintzat, Garro guztiz zuzen ez dabilela esateko. Alde batetik, ez dudalako uste inork ukatu duenik, sekula, Ezinezko maletak nobela politikoa denik —egilearengandik hasita—: kontua da hori baino gehiago ere badela nobela, eta agian horretan zentratu direla kritikak —niri kezkagarriago irudituko litzaidake, esaterako, identitate sexualaren auziari buruz ezer aipatuko ez balute, hori delako nobelaren bereizgarri nagusienetako bat, eta, bide batez, oso gai politikoa orobat—. Bestetik, ez nago ados manikeismo salaketarekin, ezta Fermin pertsonaiak —niri, bide batez, bereziki erakargarria egiten ez zaidana— markatzen duenik liburuaren tesi nagusiaren norabidea: nobelak zerbait badu izaera korala da, eta, alde horretatik, hein batean, Olasagarrek berak Bizi puskak eta Puskak biziz (Susa, 1996 eta 2000) poema liburuetan hartutako bidearen luzapen narratibotzat jo daiteke. Lan batzuk zeinei buruz Koldo Izagirrek hauxe esan baitzuen XX. mendeko poesia kaierak antologian: «Gurutzaketa eta elkartze ugariko obra sortu du, eskualde habitatu eta bizi bat eskaintzen digula, alegia, gizategi unibertsal bat; (…) tragikomedia honek anti-Euskadi bat paratzen digu begi-bistan, bateko eta besteko erretorika ofizialek ezkutatzen duten euskal herri erreala»; deskripzioa balioduna iruditzen zait nobelarentzat ere.

Har dezagun, menturara, beste adibide bat: Eider Rodriguezena. Bere Haragia (Susa, 2007) ipuin liburuari inork ez dio, nik dakidala, «politiko» adjektiboa erantsi; niri, ordea, begien bistakoa iruditzen zait Haragia liburu politikoa ere badela. Bertan badago narrazio bat, «Erle begiak», zeinaren azpian datzan tesi politikoa, niri behintzat, oso zurruna eta arriskutsua iruditzen baitzait. Ipuinak ezinegona sortu zidan irakurri nuenean, eta are gehiago molestatu ninduen bigarren eta hirugarren aldiz heldu niolarik. Ez nengoen bertan defendatzen denarekin ados. Baina, literaturaren zer eginetako bat irakurlea molestatzea ere badela albo batera utzita, kontua da ipuina perfektua dela, eraikuntzan, kadentzian eta ebazpenean. Tesi ideologikoa, politikoa edo morala, nahi duzuena, hortxe dago, baina egilea nahikoa inteligentea izan da horrekin literatura ona egiteko, ez duelako, besteak beste, pedagogikoa izan nahi.

Nik susmoa daukat, askotan, lan baten politikotasuna azpimarratzen dugula haren kalitatea bereziki ona iruditu ez zaigunean. Idazlea, hasieran iradoki bezala, politikoa da halabeharrez, eta, ondorioz, moralista bat, baina ez luke didaktikoa izan behar: horrek bihurtzen du literatura txar. Iris Murdoch-ek zioen bezala, «Nobelagileak baloreak espresatu behar ditu, eta uste dut kontziente izan beharko litzatekeela, zentzu batean, moralista dela ezinbestean. (…) Galdera da hori nola gauzatu. Ez baduzu ondo egitea lortzen, agian hobe zenuke bat ere ez egitea. (…) Uste dut nobelagileak uko egin beharko liokeela irakasle izateari, zentzu didaktikoan, baina kontzientzia hartu beharko lukeela bere buruaz moralista gisa».

Injustua da, baiki, liburu batzuk politikoak direla azpimarratzea, eta beste batzuk ez. Agian eufemismoak alde batera utzi, eta liburu politikoez hitz egiteari utzi beharko genioke, liburu txarrez aritzeko, besterik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.