Literatura

Izengabeak izan badira

Anonimotasuna betiko kontua da literaturan; alabaina, sarea zabaltzearekin bat, izaera berri eta bereziz azaltzen ari dira, azkenaldian, izengabeak.
Dark Writer idazle brasildarrarentzat Joji Kojima bitxi diseinatzaile japoniarrak eginiko maskara.
Dark Writer idazle brasildarrarentzat Joji Kojima bitxi diseinatzaile japoniarrak eginiko maskara. DARKWRITERPROJECT.COM

Ion Olano Carlos -

2013ko azaroak 3
Izengabeak izan dira hainbat eta hainbat literatur lan, munduko hamaika tradiziotan. Afrikako herri literatura gehiena, esaterako, ahozkoa eta anonimoa izan da historikoki. Gilgameshen epopeia, epikaren aitzindari den Mesopotamiako idazti zaharrenetakoa, esan gabe doa, izengabea da. Europako zenbait poema epiko ere —iparraldeko Beowulf edo hegoaldeko Cantar del mío Cid, besteak beste— anonimoki heldu dira gugana. Egilearen izenik gabe ezagutzen dugu halaber, Mila gau eta bat gehiago lana, arabiar kulturan sustraituta egonik, oraindik ere zirrara eragiten duena mendebaldean. Era berean, anonimoa da I Ching, Txinako kulturaren oinarrietako bat.

Hainbat arrazoi zerrenda litezke anonimotasuna azaltzeko: egilearen izena aipatzeko ohiturarik eza, denboraren poderioz izenpea galdu izana, zenbait eduki publiko egiteko arrisku bizia, idazlearen maila soziala, eta abar. Arrazoiak arrazoi, milurteko berriaren bigarren hamarkada honetan, geroz eta gehiago dira anonimotasunetik lan egitea erabakitzen duten idazleak. Kasu batzuetan, gainera, arrazoi komertzialak tarteko.

Horixe da, hain zuzen, Dark Writer egile anonimoaren kasua. 2010ean plazaratu zituen lehen idatziak, Orkut sare sozialean, Brasildik. BBCri berriki eginiko adierazpenetan dioenez, lotsaren eta jakin-minaren artean hartutako erabakia izan zen anonimotasuna: «Irrikan nengoen jakiteko nola erantzungo zuten irakurleek, ez badakite idazlea zaharra ala gaztea den, gizona ala emakumea den». Ildo horretatik, Dark Writerrek uste du garrantzi handiegia ematen zaiola lanaren egileari, eta ez hainbeste idazlanari berari.

Idazle ilunak

Irakurle mordoxka erakarri zuen hasieran, gonbidapen-galdera iradokitzailea eginez: «Parte hartu nahi al duzu liburu baten sorkuntzan?». Hala, Mary izeneko gazte baten bizipenak kontatzen hasi zen idazlea, naturaz gaindiko gertakari misteriotsuak. Dark Writer 2011n sartu zen Twitter eta Facebook sareetan, eta horien bidez zabaldu zituen idazlanaren lehen bederatzi atalak. Gerora, editorearen gomendioz, saretik kendu du dena, lehen atala izan ezik.

Hasi-hasieratik, idazle izengabearentzat funtsezkoa izan da zaleekin mantentzen duen harremana. Horietako batzuek kontakizunean oinarritutako ilustrazioak egin eta bidaltzen dizkiote idazleari, hark sarera igo ditzan. Zale brasildar batek, gainera, estreinako atala ingelesera itzuli zuen; proiektuarentzat mugarri garrantzitsua izan zen hori, Brasildik kanpo ezagutzera eman zuelako. Ustekabean, Joji Kojima bitxi diseinatzaile japoniarraren arreta erakarri zuen, eta hark Dark Writerren ikur bilakatu den maskara eman zion opari idazleari.

Barry Cunningham izan da beste mugarri garrantzitsu bat idazle ilunaren ibilbidean. Izan ere, Bloomsbury argitaletxeko editore izan zen Cunningham —egun, Chicken House argitaletxearen buru da—, eta bera izan zen J.K. Rowling idazleari Harry Potter saga argitaratzeko bidea eman ziona. Editoreak aditzera eman duenez, Twitter bidez irakurri zuen lehen atala ingelesez: «Berehala ikusi nuen baduela talentua, baina oraindik badagoela zer hobetu, kontakizunaren egiturari dagokionez». Editoreak bere burua eskaini zuen idazlearen mentore izateko, eta Londresera gonbidatu zuen, «kafe bat hartzera».

Harrezkeroztik, Ingalaterran dabil Dark Writer, bere kontakizuna gertatzen den herrialdean; gainera, zaleen babesari esker, iragan udan 200 aleko edizioan inprimatu zuen lehen atala. Londres eta Oxfordeko kaleetan banatu zituzten aleok, eta idazlea bera azaldu zen, Kojimaren maskara eta guzti, zaleen gozamenerako. Bistan da marketin operazio sendoa dagoela idazle maskaratuaren atzean. Datorren urte amaierarako argitaratu asmo dute Dark Writerren lehen lana; igarleek diotenez, fenomeno berri baten atarian gaude. Ikusi beharko, halere, denborak zer dakarren.

Kontuak kontu, baditu aurrekari hurbil batzuk, Erresuma Batuan bertan. Izan ere, 2007an sareratu zen The Book With No Name, idazle izengabe baten lehen lana. Editore guztien ezetza jasoa zuen aurrez; batetik, idazlana ez zelako inolako generotan sartzen, eta bestetik, idazleak ez zuelako izenik eman nahi. Lehen hilean 34 ale baino ez zituen saldu. Ahoz ahokoaren ondorioz, hala ere, milaka eta milaka dira gerora izan dituen irakurleak, hainbat herrialdetan. Mr Anonymous izenez ezagutzera eman zen idazleak bere pertsonaia nagusiaren goitizena hartu du beretzat —Bourbon Kid— eta dagoeneko lau liburu idatzi ditu pertsonaia beraren gainean.

Kazetariek behin eta berriro galdetzen diote zergatik hautatu duen anonimotasuna. Izengabeak dioenez, jakin-mina zuen ikusteko jendeak bere liburua erosiko ote zuen, egilearen izenik jakin gabe. Orotariko espekulazioak egin izan dira idazlearen identitateari buruz: Quentin Tarantino dela, David Bowie, edo Charles printzea. «Bera banintz, zentzuduna litzateke anonimoki idaztea, amatxok ez bailuke onartuko nik halako arrunkeriak argitaratzerik».

Izengabeak emakume

«For most of history, Anonymous was a woman» idatzi zuen Virginia Woolfek A Room Of One's Own (1929) lanean. Alegia, egile izengabeen —edo izenordeen— atzean emakumeak egon izan direla, hainbat arrazoi direla medio. Ideia hori sendotzeko adibiderik ez zaigu falta, ingelesezko literaturan bertan: Bronte ahizpek —Emily, Charlotte eta Anne— izenordez argitaratu zituzten beren lanak, Currer Bell, Ellis Bell eta Acton Bell gizon-izenak erabiliz; Jane Austen idazleak ez zuen bere izen-abizenez sinatu Sense and Sensibility lana, A Lady izenez baizik; George Sand eta George Eliot sinaduren atzean, egiaz, Lucile Aurore Dupin eta Mary Anne Evans idazleak zeuden.

Edonola, garai zaharren arrastoan datoz garai berriak. Ikusgarritasuna eta ikusezintasuna, txanpon beraren bi alde, izenarekin lotuta daude oraindik ere. Emakume eta gizon, zahar eta gazte, gero eta gehiago dira borondatezko idazkurle izengabeak. China Daily berripaperak dioenez, milioi bat idazle anonimo inguru bizi da Txinan, sarean saltzen diren narrazio eta nobelak idaztetik. Ramon Ortega mexikarrak, berriz, blogetako testuen kalitatea goraipatzen du, idazleok izengabe izatera kondenatuta egon arren: «Baina hortxe daude, idazten eta idazten, nekaezin; egunez egun erakusten dute beren kalitatea, sormena eta talentua. Izengabeak dira oro, baina beren ahotsak indar handiagoa du ezein izenek baino. Ez dago haiek isilarazteko modurik; hortaz, eser gaitezen ordenagailu aurrean, eta arretaz azter ditzagun. Menturaz, miraritu egingo gara».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna