FIPAn gerra argazkilarien ardura aztertzen duen dokumentala saritu dute

Iran-Irak gerra aipatzen duen Maryam Ebrahimiren 'Stronger Than a Bullet' filmaren ondoan, beste 15 sari banatu dituzte Miarritzen

Maryam Ebrahimi, atzo, dokumental onenaren urrezko FIPA saria jasotzen. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
FIPA Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko Jaialdiak sariak banatu zituen, barda, Miarritzen. Fikzioak, dokumentalak eta serieak tarteko, 16 sari banatu zituen orotara, kasik denak urrezko FIPAk, gaineratekoak sari bereziak. Zilarrezko edo brontzezko saririk ez hemen. Guztiak 30 herrialdeetako 120 bat saioen artean izan dira hautatuak.

Esperientziaz, saririk esanguratsuena dokumentalena izaten du FIPAk. Aldi honetan, beraz, hauxe nabarmendu daiteke: Maryam Ebrahimi irandarraren Stronger Than a Bullet. Dror Moreh dokumentalgilea buru zuen epaimahaiak horri eman dio urrezko FIPA. Saied Sadeghi argazkilaria du protagonista filmak. Iran-Irak. Gerra garaian (1980-1988) aritu da argazkilari gisa Sadeghi. Lubakietan barrena soldaduak argazkitan hartzen zituela, milaka gazteen hilketaren erantzule sentitzen da Sadeghi orain. Bere argazkiak oinarri egin propagandagatik frontera bidali izanaz sentitzen da hobendun. Dokumentala bera irudi indartsuz josia da. Artxiboko irudietan, hondarren arteko lubaki haien artean gazteak zuzenean hiltzen ikustera eman eta, hor dago gero Sadeghi, 30 urte berantago, hondar gainean etzanik, orduko balak hor dituela hondarrean, erdoilduak. «Gure bizien sakrifikatzeko prest ginen. Hain zen funtsezkoa paradisura joatea», gogoratu da.

Baina, geroztik, egin du bide argazkilariak. Gerrako egiazko errealitatearen berri ematen zuten argazkiak nola baztertzen zituzten agintariek kontatzen du —mutil gazteak hilik, lurrean, errautsez beteak—. Eta, aldiz, beste batzuk nola erabiltzen zituzten, gerrako heroi batzuk sortzeko asmoz — gizonak zutik arma eskuan, kementsu—. Heroi «faltsuak» Sadeghik berretsirik: «Gerrek ez dute heroirik».

Batere trantsiziorik gabe, beste dokumental saritua, En equilibre da. Frantziako dokumental hoberenaren urrezko FIPA eman diote horri. Han, Aital zirku konpainia osatzen duen Victor eta Kati bikotea segitzen dute beren kamerarekin Antares Bassis eta Pascal Auffrayk.

Eta dokumentalen itzulia bururatzeko, Sam Peetersen Heimat filmari Mitrani saria eman diote. Mitrani sariak egile gazteei zuzendu sariak dira. Flandriako hiri bazterretako auzoei interesatzen da han Peeters. Eskuin muturraren igoera gaitzat harturik, begirada ironiko batekin so egiten die hango biztanleei.

Publikoarena, Sauveurri

Fikzioen sailean polizia bat protagonistatzat duen Stefan Lukacsen Cops film austriarrari diote eman urrezko FIPA. Serieen urrezko FIPA, berriz, Brasilera joan da. Andrucha Waddingtonen Sob Pressao filmak du jaso. Funtsean, aktore onenen urrezko FIPAk ere serie horretan ari diren Marjorie Estiano eta Julio Andradei eman dizkiete; gidoi onenaren saria ere eman diote.

Azkenik, publikoaren saria aipa daiteke. Virginie Sauveuren Le Temps des egares fikzioa da Miarritzeko publikoak gustukoen ukan duen filma. Sira da fikzioaren protagonista, errefuxiatu ohi bat. Asilo baimenak ematen dituen Ofpra erakundean lan egiten du itzultzaile gisa. Diruaren truke, agintariak konbentzitzeko gisako istorioak saltzen dizkie asiloa eskatzen diotenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.