Kartzelan bost urte egingo ditu 129 emakume biluzik grabatu zituen gizonak

Iruñeko modelo agentzia baten jabea da akusatua, eta 115 urteko espetxe zigorra onartu du. Baimenik gabe egin zituen grabaketak

Astelehen Lilak elkarteak elkartasuna adierazi zien 129 emakumeei, atzoko elkarretaratzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Iruñeko modelo agentzia baten jabearen aurkako epaiketa hasi zuten atzo, 2013tik 2015era bitartean 129 emakume biluzik grabatzeagatik haien baimenik izan gabe; horietako 48 adingabeak ziren —gazteenak 13 urte zituen—. Hasieran, fiskaltzak 409 urteko kartzela zigorra eta 750.000 euro baino gehiagoren isunak eskatu zituen akusatuarentzat; besteak beste, intimitatearen aurkako 129 delitu egitea leporatuta. Epaiketako lehen egunean, ordea, akordioa lortu zuten: 115 urteko espetxe zigorra onartu zuen gizonak, baina gehienez bost urte beteko ditu kartzelan, Zigor Kodeko 76. artikulua dela eta —kartzelaldiak ezin du iraun zigor larrienagatik ezarritako kondenaren hirukoitza baino gehiago—.

Fiskaltzaren akusazio idatziaren arabera, akusatua harremanetan jartzen zen modelo gisa lan egin nahi zuten emakume batzuekin, eta, haiekin geratuta, haien datu pertsonalak bildu eta jantzita argazki bat ateratzen zien, arbel batean haien izena ageri zela; gero, bainujantziak janzteko eskatzen zien, bera gelatik kanpora aterata. Orduan, «emakume biluzien irudiak eta bideoak lortzeko asmoz, kamera tripode baten gainean uzten zuen, piztuta, neskak enfokatuz, eta arropaz aldatzen ziren bitartean grabatuz». Emakumeek ez zuten grabaketa horien berri, eta haien baimenik gabe egin zituen. Akusatuak prozedura bera errepikatzen zuen gero arropak janzten ari zirenean.

Irudiak 2013tik 2015eko otsail amaierara bitartean bildu zituen. Urte hartan agentziako egoitza eta akusatuaren etxebizitza miatuta, gizonak emakumeei egindako grabaketak eta argazkiak zeuzkan «CDak eta DVDak atzeman zituzten, baita disko gogorrak eta USB memoriak ere».

Horrez gainera, fiskaltzak idatzian jaso zuenez, salaketa jarri zuten emakumeez gain «beste hamahiru gazteren bideoak eta argazkiak aurkitu zituzten, baina horiek ez zuten salatu nahi izan».

Epaiketak otsailaren 11ra arte irautea aurreikusten zuten, baina, negoziazioen ostean, akordioa erdietsi zuten fiskalak eta akusatuak. Epaiak guztira milioi erdi euro inguru ordaintzera ere zigortu du gizona, kalte ordainen eta isunen bidez. Bi aldeek baieztatu zuten ez dutela helegiterik aurkeztuko, eta, beraz, irmoa da epaia; datozen egunetan espetxeratuko dute. Bi aringarri aplikatu zitzaizkion: kasuaren behar ez bezalako atzerapena eta akusatuak egindakoa aitortzea.

Protestak

Atzo, 20:00etan, elkarretaratzea egin zuen Astelehen Lilak elkarteak Gazteluko plazan, Iruñean. Bertan, biluzik grabatutako emakumeei babesa helarazi zieten, eta gogoan izan zituzten indarkeria matxistaren ondorioz hildako andreak. Gertakariak 2015ean salatu arren 2021ean epaitu izana kritikatu zuten. «Justizia patriarkala oso motela da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.