Koronabirusa

TERMOMETROA (IV)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
«Ahaztu egin zaigu nondik datorren denda handietako janaria»

Josebe Blanco Baserritarra

Madrilgo gobernuak agindu bat eman du; Eusko Jaurlaritzak ohar bat atera du agindu hori oinarri hartuta; Durangoko asteroko azoka bertan behera utzi dute. Argi da: guztiz deskonektatu gara bizia ematen digunetik, eta legeak eta arauak hala idazten dira. Janaria baserritarrak sortzen du, lurrak eta abereek emandakotik; ahaztu egin zaigu supermerkatuan dagoena nondik datorren.

Ez dakit zer hitz erabili, egia esan, baina zeinek dauka gurean janariaren ardura, boterea edo erantzukizuna? Supermerkatuek! Supermerkatuei aitortzen zaie jendea elikatzeko funtzioa. Multinazional batzuei! Banaketa kate erraldoi horiei zilegitasun osoa ematen zaie barazkiak Almeriatik, Marokotik, Argentinatik edo jesukristorenetik ekartzeko, eta baserritarrok taloa jateko gaude, sagardo egunerako, Idiazabal gazta txapelketarako, identitate folkloriko bat elikatzeko.

Segurtasuna eta jende metaketa aipatzen da gure azokak bertan behera uzteko, baina supermerkatuetako apaletan dagoena zenbat eskuk ukitu dute gure eskura egon arte; zenbat eskuk ukituko dute guk ukitu ondoren? Gure azoketan, baserritarrak bakarrik ukitu ahal ditu bere produktuak. Gureak eta bezeroarenak dira generoa ukitzen duten bakarrak. Oso etsita nago. Oso triste.

«Leher eginda iritsi naiz bart etxera; jendea pilatu zaigu larrialdietan»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Eguzkia gaur ere. Ondo egin dut lo, sakon. Leher eginda iritsi naiz bart etxera. Jendea erabat pilatu zaigu larrialdietan. Behar baino denbora gehiago egin nuen lanean, horrexegatik. Gaueko hamabi eta erdietan atera naiz, eta jende mordoa utzi dut han. Egia da termino absolutuetan ez zegoela paziente askorik, baina horietatik anitz koronabirusaren probaren emaitzaren esperoan zeuden, etxera edo plantara bidaliko zituzten jakiteko, eta gaua bertan eman beharko zuten. Asko eta asko, ingresatzekoak ziren. Beti ari gara esaten «ea noiz jotzen dugun kutsatze kopuruaren goia», «hau okerrera joango da» eta beste, eta atzokoa orain arteko egunik gogorrena izan da. Goia urruti dago, baina harainoko maldak gogortzen ari dira egunetik egunera.

Gaur jai. Betikoa: pixka bat irakurtzen eta deskonektatzen saiatuko naiz.

Hiru lagun bizi gara elkarrekin, Arrotxapean. Hirurak ari gara lanean, baina beste biak etxetik, irakasleak baitira. Inbidia didatela zioten hasieran, nik lan egiteko etxetik irteteko aukera daukadalako, eta beraiek ez. Oso ondo moldatzen gara gure artean, baina saiatzen naiz ahalik eta denbora gehien egiten nire logelan. Arduragatik.

«Hemen ere hasi gara leihora hurbildu eta txalo egiten arratsetan»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Telesail baten denboraldi osoa irentsi genuen atzo, eserialdi bakarrean. Jatorduetarako menuak prestatzen, karta eta mahai jokoetan, telebista ikusten joaten zaizkigu egunak. Gero eta luzeago egiten dira, hala ere. Lagunak ez du lanik, eta biok gara etxean une oroz. Deus ez egiteak ere akitzen du bat. Errutina bat asmatu behar, eta ikasketekin hasi naiz, aspaldi hasitako liburu bat irakurtzen.

Gaur ere ez gara atera etxetik, ehun bat metrora dagoen okindegira ez bada. Isunek gero eta beldur gehiago ematen dute. Hemen ere hasi gara leihora hurbildu eta txalo egiten arratsetan, zortzietan, medikuak eta osasun arloan lanean ari direnak eskertzeko. Baiona Tipian bizi gara, eta jende anitz ateratzen gara balkoira-eta. Badakit sare sozialetan zabaldu direla halako txalokaden bideoak, eta jendeak erabaki du bat egitea. Geuk ere bai. Modu bat da kanpoko jendearekin konektatzeko; elkartasun modu bat ere bai. Ez garela bakarrik sentiarazten du, pixka bat. Oraindik ez dugu protestarako ordurik, baina arribatuko dela pentsatzen dut. Osasun arloko langileak hasiak dira kexu egiten, maskara anitz eta behar beste azpiegiturarik ez dagoela erraten. Euskal Herriko bazter guztiak ari gara sinkronizatzen, gaitzari dagokionez.

«Naturak berean dirau, ebatsi dioguna berreskuratu nahian»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Udako goizetan, kalean ia inor ez dagoen horietan, Donostiako Askatasun hiribidean eta Bulebarrean kaioak oinez topatzea ez da hain zaila izaten. Aste honetan, aldiz, arratsaldez ikusi ditut, negu-udaberrian. Nork ez ditu jada Segurako parkeko astoen argazkiak ikusi; edo Italiako uso mordo horren bideoa, erosketak egin berri dituen emakumeari segika?

Naturak berean dirau, ebatsi dioguna berreskuratu nahian. Izan ere, birusaren jatorri trumptiarraren azalpen konspiranoikoaz at, COVID-19aren jaiotza hainbat animaliari egotzi genion; saguzarrari, esaterako. Ez ote da, baina, gure hazkunde kapitalistak animalien eremua une oro inbaditzeari ekiten diola? Espazioa jaten diegu birusa sorraraziz, eta, ondoren, gure konfinamendu defentsiboarekin, geure espazioa uzten diegu denbora labur batez. Osatzen garen arte. Eta aurrera.

Egia esan, ez dakit historian jazotako pandemia nagusien atzean gizakiaren hazkuntza edo garapen aseezin honen inbasioren bat egon izan ote denentz beti; ez dut datua kontrastatu, baina ez litzateke hain arraroa, nik uste.

Hala ere, Trumpekiko ideia konspiranoikoa gustuko dut. Biak bateragarri izan litezke?

«Desinfektatze krema egiten duten fabrikan lana eskaintzeko mezua jaso dut»

X.X. Etxeko zaintzailea

Ohetik sukaldera, sukaldetik komunera, eta komunetik logelara atzera. Horrela joango zait asteburua. Sakelako telefonoa dut lagun bakar. Larrituta nago oso nire umeengatik, eta haiek ere bai nigatik, baina hauxe da dagoena. Nahita ere, ezingo nuke sorterrira itzuli orain, hango aireportu guztiak itxita daudelako.

Mezu bat heldu zait Whatsappez, desinfektatzeko krema egiten duten fabrika batean lana eskaintzeko, Bizkaian. Baina zer herrialde azpigaratu klase da hau, ospitaleetan ere behar adina material eta ohe gabe? A ze lotsa, jaungoiko maitea. Zer esan nahi dute hemengo osasun sistema gainezka egiten hasi dela diotenean? Ez baitut entenditzen. Nola liteke? Eta dagoeneko gainezka egiten hasia bada, gu gaixotzen garenean, ez al gaituzte artatuko?

Nik badaukat Osakidetzako txartela. Hori asko da ni bezalakoentzat, baina txartelak ez gaitu babesten osasun etxeetako mediku zenbaiten bazterketatik. Oraingo nire medikuari, esaterako, hitzordua benetan gaixo sentitzen naizenean eskatzen diodala errepikatu behar izaten diot. Medikuz aldatzea ere pentsatu izan dut, baina hainbeste paper eta azalpen eskatzen dizute, ezin ditut eman, eta hortxe segitzen dut, ondoezik nagoenik ere sinesten ez didan mediku batekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.