Koronabirusa

TERMOMETROA (V)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolako (Gipuzkoa), Iruñeko, Baionako, Donostiako eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordertzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
«Gizartearen gorputzak gelditzera behartuko gaitu»

Josebe Blanco Baserritarra

Atzo goizean kukua entzun nuen. A ze poza! Poz horrek, hala ere, ez dit uxatu darabilkidan kezka. Irakurri berri dut Islandiako Gobernua den-denei testa egiten hasi dela, eta positibo emandakoen erdiak asintomatiko direla. Positibo kopuruaren arabera, zientzialariek itxialdi maila ezberdinak proposatzen dituzte, eta gu —Euskal Autonomia Erkidegoaz ari naiz— lantegiak ixteko geundeke. Ez dute hala erabakitzen, baina. Horrek ardura handia sortzen dit, badelako jendea lanera joango dena, eta ezingo duena bere burua behar bezala babestu. Eta irakurtzen duzu Arantxa Tapia ez dela ausartzen balkoiko atea irekitzera... Ze enpatia gutxi daukagun besteen beldur eta arriskuarekiko, ezta? Lantegiak itxi egin behar dira. Birusa noiz da eraginkorra, izan ere? Astebu-ruetan bakarrik? Arriskua berbera izango da astegun buruzuri eta egun burugorri batean, ala? Gure gorputza gaixo sentitu arren betiko martxan segitzen dugunean, gorputzak, halako batean, geldiarazi egiten gaituen modu berean, gizartearen gorputzak gelditzera behartuko gaitu. Gauzak diferente egiteko beldurragatik edo lehentasunak beste nonbait jartzeagatik, behartzen-behartzen ari dira, eta klak egingo du. Bizia borobila da, eta ezin da karratu batean sartu.

«Militarrak ere agertu dira; eta tankeekin ez duzu birusik menderatzen»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Bukatu da atsedenaldia. Deskonektatzeko aukera izan dut: ez dakit zer panorama daukagun oraintxe bertan larrialdietan, eta halaxe izan dadin saiatu naiz. Ostiralean nahiko lehertuta bukatu nuen, eta larunbata goibel eman nuen etxean. Igandea hobeto joan zen, etxe barruan parranda moduko bat antolatu genuelako pisukideek. Gurasoekin ere hitz egin nuen telefonoz, Donostian bizi den lagun-min batekin ere bai, eta egun arrunta ematen zuen. Zortzietako txalo zaparradetan ez dut parte hartu. Hasieran, berezia iruditzen zitzaidan; orain, ez dakit... Horrekin lotuta, auzo lotsa sentitu nuen atzo, Polizia agertzen zen bideo batzuei begira, eguneroko txalojotzea baliatuz: desfile moduko bat egin zuten Zabalgunetik ospitaleraino, Pio XII.etik barrena. Beren lana zuritu nahian-edo ari dira batzuk? Ez nintzen eroso sentitu irudiok ikustean. Eskerrak ez nengoen lanean:egoera biolentoa egingo zitzaidan bestela. Militarrak ere agertu dira, tanke eta guzti... Eta tankeekin ez duzu birusik menperatzen, aizu. Itxura arraroa hartzen ari da hau guztia. Zertarako atera dituzte tankeak-eta? Arratsaldeko bostetan sartuko naiz lanera. Beldur pixka bat ere ematen dit.

«Maiatzaren 4a arte atzeratu dute, gutxienez, ikastetxeak irekitzeko data»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Ez daukat anitz kontatzeko. Goiz honetan etxetik atera gara, erosketak egitera eta puskak garbitzera. Kasik nehor ez zen ageri karriketan. Garbigailu etxean hiru ginen; kito. Supermerkatuetan, usaian bezala zegoen jendea: ez gutxiago, ez gehiago. Inoiz ez dugu itxaron behar izan. Kutsatze datuak emendatzen ari dira, eta konfinamenduak gehiago iraungo du, ene ustez. Errana izan da maiatzaren 4ra arte atzeratu dela, gutxienez, ikastetxeak irekitzeko data. Orain arte, apirilean irekitzekoak zirela erran izan dute. Bertzenaz, telebistaz filmak so egiten jarraitzen dugu. Irakurtzen ere bai. Espainoleko liburuarekin ari naiz: Garcia Lorcaren La casa de Bernarda Albarekin. Gustatzen ari zait. Hori bezala, baditut beste liburu batzuk irakurtzeko unibertsitateko hiruhileko honetan, eta helduko diet. Maite dut irakurtzea. Liburu handiak ez gehiegi, baina irakurtzea bai. Olerkiak, bereziki. Unibertsitatean deskubritu dut Jon Miranderen poesia, eta biziki maitatu dut. Harenak dira irakurri ditudan azken olerkiak; eta Manex Erdozaintzi-Etxartenak ere bai. Musika ere entzuten dugu. Gaur goizean, Bob Dylan. Ez dugu biziki gaizki bizi itxialdia, hori hala da.

«Gure lanak zentzurik ba ote duen galdetzen diogu une oro geure buruari»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Ze etsipengarria den egunotako jarduna bus gidariontzat: jendartearen mugikortasunaren alde gabiltza lanean, baina, bidaiaririk ez dagoenean, gure lanak zentzurik ba ote duen galdetzen diogu une oro geure buruari. Egunotan, argazki bat etorri zait gogora behin baino gehiagotan, osagarria-edo delako: 1980etako Donostiako Pegaso autobus bat ageri du, udaletxe parean geldi; leihatiletatik zintzilik, pankarta bat, ibilgailuaren ezker aldean, Boulevardera begira. «Hemen ez dago gidaria. Non dago?», irakur daiteke pankartan. 1985. urtearen amaierakoa da argazkia, eta egun nire lankide beharko lukeen Mikel Zabalza falta da bertan. Bidaiariak barra-barra zeuden garai hartan; gidaria falta. Mikelen busak ezin zuen aurrera jo; esku iletsuen menpe zegoen. 35 urte geroago, busean gauden (ia) bakarrak gidariak gara. Merezi al du autobus huts bat paseatzeak? Zertan nabil ni hemen zortzi orduan hamasei pertsona eramateko? Ibilbidea osolasai egin arren, denbora sobran eta buruari eragiteko are soberago, egunez egun. Benetan eta zintzoki, garraioa eteteko unea gertu dugu. Gure busak ere ezin du aurrera jo. Bidaiariak konfinaturik daude.

«Etxekoandreak mezu bat bidali zidan atzo, esanez gaur lanera ez agertzeko»

X.X. Etxeko zaintzailea

Gaur ez naiz lanera irten. Etxeko-andreak mezu bat bidali zidan atzo iluntzean, ez nendin agertu esanez. Telefonoz ere deitu zidan; beraien eta nire hobebeharrez zela esplikatzeko. Lasaigarria ere gertatu zitzaidan mezua, alde batetik, etxetik irteteko debekuaren erdian egunero irten beharra izaten nuelako egunero. Joan den astean bertan, esaterako, Poliziak gelditu ninduen kalean, metroko sarreran. Ez zidaten agiririk eskatu, baina nora nindoan galdetu zidaten, eta kaletik ibiltzean tarteak gordetzeko esan. Hementxe nago, bada, logelan. 24 orduz itxita. Kontratua badaukat; nagusiak —matrimonio gazte bat— zintzoak dira; eta fidatzen naiz haiekin. Badakit martxoan kobratuko dudala. Eta halaxe, kaiolatutako txoriak legez gaude. Etxe honetako zazpiak berdin.Neu izan naiz azkena lana egiteari uzten. Ez dakidana da apirilean nola moldatuko naizen... Fedea badaukat. Nik eta nire familia osoak . Itxaropentsu naiz. Gauza bakarra eskatzen dut: ez daitezela sare sozialak erori. Sareok eroriko balira, benetan bakarrik geratuko nintzatekeelako, seme-alabekin hitz egin ezinda. Haiekin harremana izan bitartean, indarra bidali ahalko diet; haien indarra jaso ahalko dut. Bitartean, hil edo biziko borroka dugu egunotakoa. Ez dago besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.