Donostiako 55. Jazzaldia

Etiketarik gabeko musika

Jorge Pardok Donostiako Jazzaldia saria jasoko du gaur. Trinitate plazan emandako kontzertuaren ondotik, Viktoria Eugenia antzokian joko du gaur, Iñaki Salvadorrekin

Jorge Pardo, atzo, Donostian egindako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Donostia
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Jorge Pardo (Madril, 1956) bi kontzertu ematera etorri da aurten Donostiako Jazzaldira. Lehenengoa bart gauean eman zuen, Trinitate plazan, Carles Benavent (baxu elektrikoa) eta Tino di Geraldo (bateria) aldamenean zituela. Bigarrena gaur eguerdian izango da, Iñaki Salvador (pianoa), Gonzalo Tejada (kontrabaxua) eta Borja Barruetarekin (bateria). Bertan jasoko du Donostiako Jazzaldia saria.

Flauta eta saxofoi jotzailea da, eta Europako jazzaren ahotsik sendoenetako bat; musikari flamenkoen artean berritzaileenetako bat dela esan daiteke. Chick Corea, Paco de Lucia, Camaron, Tete Montoliu eta Chano Dominguez musikariekin lan egin du, besteak beste. «Urte asko dira jada errepidean. Azken hamar edo hogei urteetan egindako gauzei buruz pentsatzean, lan asko egin dudala konturatu naiz. Dena den, orainak kezkatzen nau, eta beste urte batez festibalean nago. Urteroko ametsa da hemen egotea», adierazi du. Esker oneko azaldu da, pandemiak zailduegin duen arren antolatzaileek beste behin ere festibala antolatzea lortu dutelako.

Saria jasoko zuela jakin zuenean sorpresa atsegina izan zela aitortu du Pardok:«Sari bat jasotzea beti da ustekabekoa. Egia da sari asko jaso ditudala nire ibilbidean, baina ezusteko atsegina izan da».

Bi kontzertuetan errepertorio antzekoa prestatu du Pardok, baina desberdinak izango dira emanaldiak. «Trinitate plazako kontzertua pertsonalagoa da. Iñaki, Borja eta Gonzalorekin antolatu duguna, berriz, beste norabide batetik joango da, bai estetikoki, bai musikalki», azaldu du. Viktoria Eugenia antzokian ondoan izango dituen musikarien kalitatea nabarmendu du: «Hirurekin jo dut behin baino gehiagotan. Musikari hauek duten kalitateaz dena esanda dago; eskarmentu handia dute. Kontzertua erabat berria da denontzat; izan ere, inoiz ez dugu laurok elkarrekin jo jendaurrean. Iñakirekin duela 15 urte egin nuen kolaborazio bat; Altxerriren hogeigarren urteurrenean disko bat grabatu genuen».

Pandemiak eragina izan du musikariarengan, eta zenbait egitasmo bertan behera utzi behar izan ditu. «Agenda oso betea nuen, eta dena pikutara joan zen. Denok egon gara pandemiaren mende, eta niri zenbait ondorio ateratzeko balio izan dit. Ondo etorri zait geldialdi hau. Etxean egoteko beharra nuen, eta pertsonalki, profesionalki eta espiritualki nire hausnarketak egitekoa», adierazi du. Azken hilabeteotan ez zaio proiektu berririk atera, baina etorkizunerako ideia berriak dituela aitortu du.

Musika estiloen nahasketa

Pardok egiten duen jazza berritzailea dela esan daiteke; beste musika estilo askorekin nahastuohi du bere lanetan. «Pertsona askorentzat, batez ere jazzaren zaleak direnentzat, harrigarria da nik egiten dudana. Agian, musika estilo desberdinekin kontaktua ez duten pertsonak dira». Ez du bereizketarik egiten musika estiloen artean. «Ez dut estilo bat edo bestea jotzen. Musika egiten dut. Estilo desberdinetan aritzen diren lagunekin elkartzen naiz eta elkartze horietatik sortzen dena da nire musika. Badakit musikaren industrian horrelako kontzeptuekin lotuta lan egiten dela, musika jarraitzaileei saltzeko asmoz, baina niretzat zaila da estiloak definitzea».

Hainbat estilo nahastu ditu bere ibilbide osoan, baina Pardok uste du oraindik asko duela ezagutzeko. «Zerrenda oso luzea da. Egin dudan guztia baino askoz ere luzeagoa da egin ez ditudan gauzen zerrenda. Mila gauza ditut buruan; jakin-nahi ugari, baina denbora faltagatik ezin izan ditut egin. Beste batzuetan, diru faltagatik ezin izan dut proiekturen bat burutu. Nire ibilbidean gauza asko egin ditut, baina inoiz ez dut babes ekonomikorik jaso, eta horrek egitasmo handiagoak egitea eragotzi dit», azaldu du.

Orkestra sinfonikoekin lan egiteko parada izan du Pardok. Talde handietan «sosegurik ezaren sentsazio bat» izan duela aitortu du, eta «emozionalki galduta» sentitu izan dela. Hala ere, esan du produkzio handi batean parte hartzeko aukera edukiko balu gustura egingo lukeela lan orkestra eta moldatzaile onekin. Haren jakin-nahiak dira. Musika estilo bakoitza behar den bezala jotzen du Pardok, baina, aldi berean, sortzen duen musikari bere ikuspuntu propioa ematen saiatzen da, estiloak nahastuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.