Donostiako 55. Jazzaldia. KRITIKA. Donostiako 55. Jazzaldia

Jazzaldia, etxekoa eta unibertsala

Oreka TX eta Michel Portal elkarrekin, herenegun, Donostian. JON URBE / FOKU.
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun

Oreka TX eta Michel Portal New Quintet

Lekua: Donostiako Trinitate Plaza. Eguna: Uztailaren 23a.

Pozik hartu dute Oreka TXkoek Trinitate plazan jotzeko aukera, gustura benetan, erronka bat baita Jazzaldian jotzea, eta horrek dakarren ardura ez da nolanahikoa. Eta pozik baita ere Trinitate plazan bildutakoak, haien musika zoragarria entzuten. Ikaragarria da Harkaitz Martinez de San Vicenteren eta Mikel Ugarteren txalapartaren hots findu, estilizatu eta landua. Berdin zura, harria, banbua edo bidoia jotzerakoan, beti ikusgarri aritzen dira. Makina bat proiektutan parte hartu izan dute, eta euren jotzeko erarekin, txalapartarekin asmatu duten guztiarekin eta txalapartari ekarri dioten guztiarekin, esan daiteke dagoeneko klasiko bat sortu dutela txalapartaren historian.

Koklea izena du haien azken abenturak. Eta alboan izan dituzten musikari lagunak ez dira makalak. Juanjo Otxandorenak, bere konposizio musikalez gain, bikain jardun du bouzoukiarekin; doinu ederra du, eta erregistro deigarria baxuetatik agudoetaraino, ederra eta sakona. Iñigo Egiaren perkusio lana itzela da giroei forma eta bolumena ematen, txalapartaren doinuak azpimarratzen, handitzen, modulatzen, zapaldu gabe, muga ikusezinaren gainean malabarismoak egiten. Eta zer esan Mixel Ducauri buruz. Saxo sopranoarekin ondo baino hobeto moldatzen da, zurezko tresna bitxiekin giro zoragarriak lortzen ditu, eta indartsu aritzen da bere albokak dantzara ateratzen dituenean. Albokaren arnas teknika berezia berdin erabiltzen du saxoarekin edo beste haizezko tresnekin, continuo epiko bat sortuz. Zoragarria.

Eta kontzertua amaituta zegoela, Michel Portal igo da taula gainera. Baionarrak amildegi bateko ertz batera eraman du talde osoa, eta ezusteko ederra eta magikoa eman dute, erabateko inprobisazio kolektibo koloretsu eta sormenezkoa entzuteko parada izan baita. Ederra kontzertua.

Ezustekoen maitale

Portalek 84 urte ditu dagoeneko, eta, hala ere, bere sena bihurria, gaztea, dinamikoa eta sortzailea da. Mozart eta beste klasikoetan aditua da, eta mundu osoan aritu da bakarlari, Si bemoleko klarinetearekin. Ospea eta miresmena jaso ditu Europa osoan. Gogora ekarri du duela 40 edo 45 urte Trinitate plazan egon zela, free jazz talde batekin; oso musika eroa egiten zutela esan du, eta «ero» esatean keinu berezi bat atera zaio eskuekin, baita irribarre bihurri bat ere. Boskote sendo batekin itzuli da Donostiara. Klarinete baxua eta saxo sopranoa etengabe tartekatu ditu, eta alboan, teklatuetan, baxuan eta baterian, denerako prest dauden musikariak izan ditu. Portali ezustekoak gustatzen zaizkio, eta edozer gauza eska dezake, edonoiz. Tronboi jotzaile gazte eta bikain batek, Nils Wogramek, lagundu dio; biek izan dute protagonismoa, eta sekulako duo ederrak, barrenera iristen diren doinuak jo dituzte. Inspirazio handiko musika egiten dute, eta zein baino zein hobeto aritu dira.

Haurtzaroa etorri zaio gogora Portali, eta kontatu du nola 10 urterekin Baionatik Donostiara joan zen, Donibane Lohizunetik pasatuta. Zortziko bat etorri zaio gogora, eta hura gogoratu nahian hasi da jotzen. Sorozabal handiak sortutako zortziko bat da, Maite izenez ezaguna. Banda osoa jarri du zortzikoa jotzen, nahiz eta musikariek ez duten ezagutzen, eta nahasketa berezi bat sortu dute zortzikoaren aitzakiaz, festa giroko musika eginez. Eta pozik entzuleak beste behin ere.

Maisua da Portal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.