Indarkeria matxista biziago jasaten dute edadeko andreek

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ikerketa batek argitaratu du datua. Gizarte zerbitzuen babes «handiagoa» eskatu dute

Maider Galardi
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
«Ahanztura bikoitza jasaten dute emakume edadetuek». Baieztapen horrekin abiatu du Rut Iturbide ikerlariak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren abaroan egin duten azken ikerketaren aurkezpena. Ahanztura, indarkeria matxista jasan duten andreak diren heinean, eta ikusezintasuna, adinekoak direlako. «Gurutzatze horri erreparatu behar diogu», gehitu du Eva Isturiz institutuko zuzendariak. Izan ere, orain arte apenas begiratu zaion gaiari, eta, orain, ikerketa egin ostean, ohartu dira, besteak beste, gizarte zerbitzuetatik ez dutela laguntza espezifikorik jasotzen 50 urtetik gorako andreek. Atzo argitaratu zituzten azterketaren emaitzak, Iruñean, Isturizek, Iturbidek eta PaolaDamonti ikerlariak.

Gaiari begiratu «beharra» nabarmendu du Iturbidek: «Gaiaz ez da hitz egiten, baina indarkeria matxista jasan duten 50 urtetik gorako andreek ez dute sentitzen laguntzak beraientzat direnik. Gainera, gizartea geroz eta gehiago ari da zahartzen, eta, beraz, ezinbestean landu behar dugu gaia». Ikerketa egiteko, biolentzia matxista jasan duten andre edadetuekin egin dituzte sakoneko elkarrizketak, eta elkarteetan antolatuta dauden emakumeekin eta gizarte zerbitzuetako teknikariekin talde eztabaidak. Emaitzek agerian utzi dute andreon errealitatea: indarkeria matxista modu «biziagoan» jasaten dute.

Adina, aldagai inportantea

Hiru zatitan banatu dute ikerketa, baina hirutan gelditu da argi adinak zeresana duela indarkeria matxista bizitzeko eran. Batetik, «egiturazko» indarkeriari egin dio erreferentzia Iturbidek: «Adinean gora egin ahala, egonezin berezituak azaleratzen dira: indarkeria estetikoa jasaten dute, iruditeriatik ezabatuak dira andreak, ez dute erreferentziarik, bestea zaintzearen tiranian bizi behar dute, alargun gehienak andreak izanda ekonomia arazoei egin behar diete aurre...». Hortaz, sexu-genero sistemaren eta adinaren arteko intersekzionalitateari erreparatu beharra nabarmendu du. Izan ere, «areagotu» egiten da sexismoak duen eragina adinean gora eginez gero, ikerlariaren arabera.

Bestalde, andreok bikote harremanetan jasaten duten indarkeriaren nolakotasunak jaso dituzte. Datu esanguratsu bat jarri dute mahai gainean: «Bikote harremanetan indarkeria jasaten duten andreek denbora luzez pairatzen dute: 20 edo 30 urtez», ohartarazi du Iturbidek. Horren atzean dauden zenbait arrazoi zerrendatu dituzte: bakardadeari dioten beldurra, errudun sentitzea, biolentziaren naturalizazioa, menpekotasun ekonomikoa edukitzea eta sinesmen tradizionalagoak izatea.Aldiz, haur txikirik ez edukitzeak eta «nirea ez bazara beste batena zara» ideia presente ez egoteak harreman horietatik ateratzeko aukerak ematen dituela ere baieztatu dute. Aterabiderako laguntza bilatzeko zailtasunak aipatu dituzte, ordea.

Egitasmo berezien premia

Horregatik, adin tarte horri begiratzeko beharra nabarmendu du Damontik, eta eskatu du egitasmo bereziak abiarazteko adineko andreen premiei egokituta, indarkeria matxista jasan duten gainontzeko andreekiko «desoreka» berdintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.