Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V). Irabazlea. Annapurna.

Nire motxilatik

Maddi Aiestaranek irabazi du BERRIAren lehiaketa, Nepalera egindako bidaia baten kronikarekin.

Maddi Aiestaran Iparragirre
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Bidean. Bertako jendea, herrixkatik herrixkara. MADDI AIESTARAN IPARRAGIRRE

Argazki kamera izan zen motxilan sartu nuen lehen objektua. Banekien ez zela ohiko bidaia bat izango. Gogoan dut oraindik proposamena entzundakoan jarri zenidan aurpegia, esanez bezala «burutik eginda zaude». Hiru segundoz pentsatu zenuen brometan ari nintzela, eta niri ere pasatu zitzaidan burutik aurrez esana gezurtatzea, «txantxa zen». Hiru segundoz, baina. Begietara begiratu genion berehala elkarri, eta bioi atera zitzaigun irriño bihurri hartan irakurri nuen baietz, zirenak eta ez zirenak astinduko genituela proposatutako erokeria hura gure hurrengo proiektu, erronka bilakatzeko: «Annapurna».

Hiruzpalau hilabeteko prestaketa sutsu eta ameslariaren buruan, nire ohearen gainean eseri nuen argazki kamera. Itxi nuen logelako atea eta beharrezko —eta soilik beharrezko— arropa eta materiala kokatu nuen ikasmahaiaren gainean. Begira geratu nintzaion ispiluan islatuta ikusten nuen begirada galdu hari. Seguru al hago? Beldur nintzen. Ez dakit zeren beldur, baina halako bataila moduko bat piztu zitzaiela sumatzen nien ispiluko bi begi haiei: bai-aren eta ez-aren arteko bataila bat, joan egin nahi dut guztiaren gainetik, baina barru honetako ez-dakit-zer-batek zalantza sortzen dit. Munduko beste puntara gindoazen, ez genekien lo egiteko tokirik inon izango ote genuen ere, ez genuen aurretik han izan zen inor ezagutzen. Baina hogeita bost urte, eta pisu adina indar bizkarrean. Banekien zuk ez zenuela beldurrik izango. Ez nuen denbora asko egin ispiluaren parean; atzera bueltarik ez zegoen, eta trasteak motxilan ondo antolatzeari ekin nion. Gazteak ginen orduan, orain beste begi batzuekin begiratzen diogu munduari. Bizitza aprobetxatu nahi genuen, eta horretan onenak izan. Horregatik uste dut moldatu izan garela hain ondo; bizitzeko gogo horrek batu izan gaituela esango nuke.

Azpi-azpian lo-zakua eta deskantsurako zapatilak. Hiru kamiseta, galtza motxak, luzeak, termikoak eta betikoak, galtzerdi onenak, jertsea, txamarra. Eguzkitako betaurrekoak, eguzkitako krema eta botikina barrualdeko poltsiko batean. Mendiko botak gero hartuko nituen kotxeko maletategitik. Argazki kamera motxilan nuen jada, lehen-lehenik sartu nuen motxilaren gainaldeko poltsiko ondo-babestu batean. Ikasmahaia hutsik. Ohearen gainean bidaiarako jantziko nuen arropa, kartera, telefonoa, hiru eleberri eta musika-entzungailuak. Leihotik kanpora begiratu nuen; eguraldi grisa zen egun hartan. Atzo balitz bezala gogoratzen dut: oraindik motxila lurrean neukala, nire logelako balkoi txikira irten nintzen. Euri-langarra ari zuen. Urrutira begiratu nuen, pareko eraikinak ikusgarri uzten zuen azken zeru zatira, eta ahoz gora esan «itzuliko naun, orain goazen».

Orduan bai, gelara sartu, bizkarrean motxila hartu eta irribarre egin nion ispiluari. Proposamena egin eta lau segundora itzuli zenidan aurpegi bihurri bera ikusi nuen nire parean. Eta azken hasperena etxean.

Animaliak. Pertsona bat bidean, oiloak bizkarrean hartuta. MADDI AIESTARAN IPARRAGIRRE

Gurasoei bezperan esan nien agur. Zuk ere bai zure amari. Baina nirean grazia gutxiago egin zuen bidaiaren ideiak, zenbat aldiz esan ote zizun zuri ere gure amak kontuz ibiltzeko! Zure ama gaztetan horrelako ugari egindakoa zen, joatea okurritu eta joan, buelta askorik eman gabe, makina bat aldiz kontatu izan zizkigun bere gazte-denborako ibilerak, abenturak. Beti miretsi izan nuen zure ama. Eta beti miretsi izan zaitut zu: zuk ere amaren indarra eta borondatea izan dituzula uste dut.

Londreseraino pozik, euforia puntu batekin iritsi ginen, gure buruak grabatzen genituen telefonoarekin, bideo haiek gerora ez dakit nork ikusiko balitu bezala. Aireportuko erreginak bagina legez abesten genituen kanta ezagunak ozen. Dantza asmatzen genien Benitoren baladei. Urduritasun irrikatsu batek hartzen zigun gorputza. Eta bihotza. Baina gogoratzen al zara Ingalaterratik Pakistanera hartu genuen hegaldia zer izan zen? Inor begira izan bagenu... Beste pertsona batzuk ginela zirudien. Ez zenuen onartu nahi zuk ere, baina korapilatu egin zitzaizun eztarria. Lo plantak egin genituen biok ia hamaika orduz. Gure koadernoetan ez zegoen zinez arrisku izango zen ibilaldirik egitea pentsatuta, harrituta nengoen gure honezkero-ez-hain-ezkutuko kezkarekin; beti da arriskutsu lur arrotza. Karatxin lurreratu ginen, eta elkarri hitzik egin gabe sartu azken hegazkinera: Karatxi Katmandu.

Ofizialki nepaldar lurrak zapaltzearekin batera, ahots-tonu erdi ironikoz esan zenidan: «Urruti xamar gaude eta ondo pasa beharko dugu, ez?». Barrez ekin genion bideari.

Haurrak. Manange herrixkako hiru haur etxe-atari batean. MADDI AIESTARAN IPARRAGIRRE

Bertako autobus batera igo ginen. Zuk disimulu gutxiago zenuen, baina bioi gustatzen zitzaigun hango jendeaz honakoak eta halakoak lasai esatea elkarri. Ez gintuen inork ulertzen. Familia bat, izen bat, zaletasun bat, bizitza bat marrazten genion parean esertzen zitzaigun pertsona bakoitzari. Sumatzen genuen bat-batean txerri pisutsu bat gure bizkarrean hazka egiten, eta azal zimurtuko agure bat sartzen zen atzetik besoetan hiru oilasko hartuta. Flipatu egin genuen panoramarekin. Gerora zenbatek esan ote digu esajeratu egiten genuela hango kontuak gogoratzen genituenean! Umoretsu iritsi ginen Bhulbhule zeritzon herrixka hartara. «Aio!» egin genien agur ezezagun haiei guztiei. Nik zuri begiratu nizun eta sentitu nuen ondo aterako zela dena, zurekin ez zelako erraza ezer gaizki irtetea.

Beste mundu bat zen hura. Autobusak alde egin zuen eta motxila eroso kokatu genuen bizkarrean. Irribarretsu ipini genituen begi biak ingurura begira, postal baten parte ginela sentitu genuen istant batez. Hastera zihoan abentura.

Galbiderik ez, aurrera zen dena. Abestu egin genuen ia oinez baino gehiago, gogoratuko zara ezta? Begirale ikastaroan ikasitako jolas hura proposatu nizun eta nola gustatu! Kantu bat kantatzen hasten nintzen ni eta aipatutako hitz bat beste kantu batean bilatu behar zenuen zuk, eta orduan zu hasten zinen hura kantatzen, eta gero nik beste bat, eta beste bat, eta halako batean abesti bat azken letraraino kantatzen genuen eta ez genuela kantuz aldatu konturatutakoan barre. Umoretsu abiatu ginen Annapurnaren magaleko bide fantasiatsuetan barna. Inguru haietan oinez ibiltze hutsa zen ohorea.


Swami. Herriko jakintsua, Hinduismoan pertsona ohoragarria. MADDI AIESTARAN IPARRAGIRRE

Nekea bizkarrean

Lehen bizpahiru egunak oso izan ziren alaiak, umoretsuak, euforikoak. Bigarren astetik aurrera hasi zen nekea bizkarrean pilatzen. Thorong la Pass-eko mendatea igaro genuen hamargarren egunean, eta hura atzean utzita gaua pasatuko genuen etxearen atarian behingoz atseden hartu genuenean... hura lasaitua! Nabari zuten gure zangoek ibilitako orduen pisua. Manangen izan zen. Ondo gogoan dut hango egonaldi laburra. Zuk ere gogoratuko duzu, ezta? Eraztunari begiratu diot. Eta begiak itxi bi segundoz.

Egunero-egunero eguzkia itzaltzen hasten zenean bizkortzen genuen pausoa, eta herrixkaren batera iritsi. Bagenekien beti topatuko genuela lotarako aterpea, aurrera joatea zen dena. Ailegatzen ginen eta lurrera erortzen utzi bi motxila handiei. Orduan hurreratzen zitzaigun bertako ume lotsatiren bat eta pasatzen zigun baloia jostari eta seinalatu bere etxea han babesa izango dugula adierazi nahiz. Zapaldu genuen herrixka bakoitzean izan zen antzeko: bilatzen hasterako topatzen genuen gaua pasatzeko toki seguru bat. Eta ederra zen konfiantza eta eskuzabaltasun hori ondoan sentitzea. Ez genuen gutxitan pentsatu hemen ere halako jarrera bagenu zein bizimodu desberdina izango genukeen. Nepaldarrek bazuten zerbait, zuk esaten zenuen gisan, ideala bezain xumea. Isilaldi bat.

Manangera iritsi ginenean biok genekien zein izango zen gutxi gorabehera herritarrek egingo ziguten harrera. Beste behin amestu genuen orduko hartan ez ziezagutela dal bhat-ik kozinatu; espeziedun arroz bitxi hura afaltzen genuen gauero. Beste behin amestu, alferrik. Besotik heldu zizun hango mutil-koxkor batek eta bere etxeko atariraino eraman, oraindik motxila bizkarretik eranzteko denborarik gabe. Beste haur gazteago bat zegoen lurrean eserita, belauna urratuta, negar isilean. Bere aldamenera iritsi ginenean (nik ere zuei segitu nizuen), begietara tinko begiratu zizun mutikoak, bere lagunari lagunduko zenion itxaropenaren aurpegiz. Atera zenuen motxilako esparatrapua, eta garbitu zenion zauria kantinplorako ur pixka batekin. Goxo egin zenion umeari. Pixka bat lasaitu zenean, eskutik heldu eta zutitzeko keinua egin zenion. Irribarre jostari bat segidan. Eta berak itzuli. Eskerrak emateko modu unibertsala.

Annapurna. Herrixka bateko etxeetako banderolak eta, atzean, Annapurna mendigunea. MADDI AIESTARAN IPARRAGIRRE

Mutiko haietako baten etxean hartu genuen ostatu. Aurreko beste etxeetan baino bertakoago sentitu ginen bertan, umeekin jolas egin genuen, kamiseta bana oparitu genien, argazki mordoxka bat ere atera genuen han egindako lagunekin. Hain geunden gustura, non goizean jaikitakoan ere ohi baino beranduago berrekin baikenion bideari. Agur egin genien, baina, guztiei, eta jada Manange atzean uztera gindoazela entzun genuen pauso arinen hotsa. Bera zen, Krishna. Zuk oparitutako Realeko kamiseta zeraman soinean eta oraintxe nirekin dudan eraztuna eskuan. Irri egin zuen lotsati eta eskua luzatu, «hau zuentzat da» esanez bezala. Airera altxa zenuen bere gorputz arina eta estutu, besarkatu egiaz, barrenetik. Nik ere gauza bera egin nuen. Eta buelta hartu eta bi oinak bidera eraman ahala sumatu nizun begiradan inoiz gehiago sumatu ez dizudan hunkipen ezin egiazkoago bat. Maitatu egin zenuen haur hura; maitatu, hamar orduan elkarren hizkuntzarik ulertzen ez duten bi pertsona maitagarrik egin dezaketen zentzurik ederrenean. Niri ere irri bat marraztu zenidan.

Ez gara inoiz elkarri gure sentimendu sakonekoei buruz hitzik egitekoak izan, eta damu naiz zinez, baina zure ahotsik entzun ez dudanetik urtebete pasatu den honetan sentitu dut halako behar bat motxila hau zure aurrean husten hasteko. Eraztun bat dakarkizut gaur, eraztun bat eta bere motxilan gordetzen diren mila argazki. Nik betiko zu eroa damarat nirean gordeta, betiko zu ero ideal bezain xumea. Eta istripuaren urteurrena izanagatik, zin degizut egunero-egunero bilatzen dudala zure irribarre bihurri, ameslari hura nire ispilura begiratzen dudanean. Nirekin zauzkat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.