Musika. Zahara 'Puta'

Barruko mamuak jaurtikiz

Diskoetxea: G.O.Z.Z. Records

2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Bai, ni ere erori naiz. Bazter asko harrotu dituen lana da Zahararen Puta hau, izenburutik bertatik hasita. Horregatik —eta musikariaren zale sutsua inoiz izan ez naizela kontuan hartuta kuriositate hutsez jo nuen hura entzutera, ez hainbeste gustukoa izango nuen ala ez jakiteko. Eta bai, harrapatu egin ninduen. Are gehiago, diskoaren nondik norakoak ezagutu eta berari egindako elkarrizketa ezberdinak irakurri ondoren. Ez baita ohiko diskoa, izugarrizko barren hustutze lana baitago bertan, pertsonala edo beste edozein emakumerena izan zitekeena, diskoaren azalarekin eta izenburuarekin nabaritu daitekeen bezala, oso esplizituki azaldua. Liburuxkan jartzen duen bezala «gure istorioa entzutera ohitu direla sentitzen dut / jada ez zaie axola, ez du inongo balorerik / Orain ezkutuan egiten dugu negar / jasotzen dugun hostia Jainkoaren gorputza ez denean». Gaur egungo gehiegizko informazioaren eta gauza asko erraz ahanzturan geratzearen inguruan ari da, #NiEre edo #MeToo traolekin sare sozialetan sortu zen mugimenduari pandemiaren ondorioz gertatu zaionaz bezala. Horregatik istorio hauek guztiak azaleratzeko asmotan sortu eta argitaratu du Zaharak azken lan hau, guztiek axola dutela aldarrikatzeko, eta bide batez, bere barneko mamuak exorzizatzeko.

Flotante diskoa irekitzen duen abestian, barkamena eskatzen die haiekin harreman ohiko bat mantendu ezin izan duen gizonezkoei, jarraian zergatik izan den azaltzeko. Merichane lehenengo singlean emakume baten zorigaiztoko bikote bizitza azaltzen digu kasik itogarriak gertatzen diren estrofetan, pairatu behar dituenak kontatzen baititu. Canción de muerte y salvación-en haurtzaroko abusuen ingurukoez ari da eta «oxala bainuontzi hartan lotan gelditu izana» bezalakoak abesten ditu. Sansa-n ere horrelako letra gordin eta esplizituak ageri dira tratu txar psikologikoen inguruan: «Tratu txarrak eman didaten gizon guztien artean, zu, ukitu ez nauzuna, zara hil nauena». Taylor Swift abeslariarengan oinarritutako Taylor autoestimu faltaren isla da, aurrera doan heinean gero eta gogorragoa egiten dena hau ere.

Ez dira gutxiago atzetik datozenak ere, Berlin U5, Ramona, Jocker eta baita Dolores ere.Hala ere, eta hitzek berebiziko protagonismoa izanagatik, melodia ez da bigarren plano batean gelditzen, ezta gutxiago ere, merezi baitu atentzioz entzuten jartzeak. Oinarri elektronikoak, pop doinuak, pasarte errezitatuak, giro-musika..., betiere kontatzen ari den horrekin guztiz bat datozenak.

Zaharak berak esan du 12 urte zituela deitu ziotela lehen aldiz «puta», eta ordutik hamaika aldiz entzun behar izan duela. Hori izan da lan honen abiapuntua: emakume guztiok pairatu behar izan ditugun hainbat egoera latz plazaratzea, modu zuzen eta gordin batean, ez baitira hitz ederretarako kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.