Lehergaiak zeuden zulo bat topatu dute Montpellier inguruetan

Euskarazko dokumentazioa ere bazegoen, eta Frantziako Poliziak uste du ETArena izango dela

Agentziak
Paris
2012ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Lehergailuak egiteko materiala eta euskarazko dokumentazioa gordeta zeuden zulo bat topatu dute Montpellier inguruan, Notre Dame de Londres izeneko herrian. Igandean topatutako zuloan zegoen materiala aztertzen aritu zen Frantziako Polizia Zientifikoa atzo. Zuloa harri pila baten azpian zegoen, eta barruan hiru bidoi handi zeudela azaldu dute berri agentziek. Haietan lehergaiak egiteko materiala ez ezik, euskarazko dokumentazioa ere bazegoela. Horregatik, zuloa ETArena izango dela uste du Poliziak, berri agentziek ikerketa iturriak aipatuz jakitera eman dutenez. Zuloaren antolaketa modua eta bidoiak erabiltzea ETAren sistema da, iturri horien arabera.

Espeleologo batzuek topatu zuten zuloa. Berri agentzien arabera, harri pilaren azpian kobazulo baterako sarrera zegoela pentsatu zuten, baina harriak kendu ostean konturatu ziren zulo bat zela.

ETArena dela baieztatzen bada, Frantzian aurten topatu duten hirugarren zuloa izango da.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren arabera, azkenaldian izan diren atxiloketek murriztu egin dute ETAk bere zuloetan duen kontrola. «ETA oso ahul dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.