Nafarroa Bizirik-i Kongresuan izatea debekatu diote

PPk eta UPNk eskatuta, Kongresuko Mahaiak baliogabetu egin du gaur ekitaldi bat egiteko emana zion baimena

Erredakzioa -

2012ko maiatzak 29
1512-2012 Nafarroa Bizirik elkarteko kideek ezin izango dute parte hartu Espainiako Kongresuan gaur egitekoa zuten ekitaldian. Izan ere, Kongresuko Mahaiak elkarteari aretorik ez uztea erabaki du, alderdi politikoekin biltzeko; PPk atzera bota du lehengo astean horretarako emandako baimena. EAJ, Amaiur eta Geroa Bai alderdi politikoek gonbidatuta, Nafarroako konkistaren inguruan egiten ari den lanaren berri eman nahi zuen Nafarroa Bizirik elkarteak kongresuan.

Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondok egindako eskaera onartu egin zuen kongresuak lehengo astean. PPko bozeramaile Alfonso Alonsok, ordea, emandako baimena baliogabetzeko eskatu zion Jesus Posada kongresuko presidenteari ostiralean. Alonsoren arabera, «kongresuaren jardueratik kanpo» gelditzen da Nafarroako Bizirik elkartearen ekitaldia. «Gainera, elkartearen bultzatzaileen artean ETArekin lotura duten pertsonak daude», nabarmendu zuen Alonsok.

PPren bozeramailearen eskaera aztertzeko, Posadak presazko bilerara deitu zuen atzo Kongresuko Mahaia. Bederatzi partaide ditu mahai horrek, eta PPko bost ordezkarien babesarekin, aurrera atera zen Alonsoren eskaera; PSOEko hiru ordezkariek ez zuten botorik eman, eta CIUkoak ez zuen parte hartu bileran.

Nafarroa Bizirik elkartea «kezkatuta» agertu da alderdiek haien lana aurrez aurre ezagutzeko «aukera» galduko dutelako. Haien ustez, «PPk eta UPNk oraindik egiteko dagoen eztabaidatik ihes egin nahi dute». Amaiurrek ere bi alderdi horien jarrera «totalitarioa» salatu du: «Erabakiaren atzean egiazko eztabaidari eta ideien aurkezpenari dioten beldurra dago».

Geroa Baik salatu du Nafarroako iritzi publikoa nahasi nahi duela UPNk «gezurrezko polemikak» sortuz: «Lotsagarria da krisiari aurre egin beharrean indarra horrelako eztabaida faltsuak sortzen xahutzea». EAJk «onartezintzat» jo du Kongresuko Mahaiak Nafarroa Bizirik elkarteari «adierazpen askatasuna» ukatzea. Horrelako erabakiekin «haien ahotsak ez diren guztiak» isilarazi nahi dituztela uste du EAJk.

Deia alderdi politikoei

Kongresuko Mahaiak gaurko ekitaldia egitea eragotzi dionez, Nafarroa Bizirik elkarteak haiengana joateko eskatu die talde politikoei. «Aurrera eramaten dugun jarduera ezagutzeko eta gure ekimenarekiko atxikimendua adierazteko», esan dute. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Madrilen. Batetik, gaur 12:30ean prentsaurreko bat emango dute Espainiako Kongresuaren atarian. 19:30ean, berriz, Madrilgo euskal etxean hitzaldi bat emango du Patxi Abasolok, Konkistak 500 urte, deuseztatu ezin izan duten oroimena izenburupean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna