Espioitzaz galdetuko dute alderdiek

Amaiurrek Saenz de Santamariari galdetu nahi dio, eta EAJk CNIko buruari eskatuko dizkio azalpenak

Erredakzioa
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Alderdi abertzaleek azalpenak nahi dituzte. Espainiako zerbitzu sekretuek (CNI) alderdi politiko abertzaleetako ordezkariak zelatatu dituzten edo ez jakin nahi dute, eta azalpenak emateko eskatuko diote Espainiako Gobernuari.

Batetik, Amaiurrek, Soraya Saenz de Santamaria gobernuko ordezkariak Konstituzio Batzordean agerraldia egitea nahi du, zelatatze horiek izan diren edo ez azaltzeko, eta, izan badira, haren inguruko xehetasuna eta esplikazioak eman ditzan. EAJk, bestetik, CNIko buruari eskatuko dizkio azalpenak, gaur bertan.

El País egunkariak igandeko edizioan berri eman zuen Ameriketako Estatu Batuek Espainia zelatatu dutela, baita CNIk hainbat abertzaleren espioitza egin duela ere, «modu iraunkorrean». Informazio horien arabera, epaileen baimenarekin egiten ditu zelatatzeak CNIk, eta hiru hilean behin berriztatzen dituzte baimen horiek.

Rafa Larreina diputatuak atzo komunikabideei jakinarazi zienez, Saenz de Santamariak «xehetasun guztiekin» azaldu beharko du «alderdi politikoen espioitza», eta Gobernuak «entzuketak ezagutzen al dituen». Diputatuaren ustez, «nazkagarria» eta «onartezina» da espioitza kasuak egotea, «besteak beste, parte hartze eta ekinbide politikoaren eskubidearen aurkako jarduna delako».

Zentzugabea da, Larreinaren irudiko, «legezkoak diren alderdi politikoak zelatatzeko dirua eta orotariko baliabideak jartzea». Izan ere, Amaiurren iritzian, diru eta baliabide horiek «ustelkeria eta antzeko gertaera nazkagarriak» argitzeko baliatu beharkolituzke PPren esku dagoen gobernuak.

Eta ez hori bakarrik, Espainiako Kongresuan Amaiurreko diputatu taldea zelatatu duten ere galdetuko dio koalizioak Kongresuko mahaiari. Izan ere, Larreinaren esanetan, «arrazoi sendoak» dituzte hala gertatzen dela pentsatzeko.

Sekretuen batzordea

Bestalde, gaur bilduko da Kongresuko Sekretu Ofizialen Batzordea, eta hor hitz egitekoa da Felix Sanz Roldan CNIko burua. Amaiur ez dago batzorde horretan, Larreinaren hitzetan, «PPren betoaren erruz», baina, gainerako alderdiek espioitza kasuei buruz galdetuko dieten itxaropena du.

Horixe egiteko asmoa du EAJk. Alderdien eta CNIren arteko «konfiantza giroan» AEBek egindako espioitzei buruz galdetuko dio Aitor Esteban diputatuak, atzo prentsaren aurrean azaldu zuenez. CNIren beraren kasuei buruz ere galdetuko ziela jakinarazi zuen. «Beharrezkoa den galdera bat egingo diot, gaur egun alderdi politikoak zelatatzen diren edo ez argitu dezan eskatzeko», esan zuen.

Bilera horretan azalpenak espero dituzte CiUk eta UPDk ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.